NAIZ

Canneseko jaialdiko Marche du Film merkatuan parte hartuko du hainbat euskal zinemagilek

Astearte honetan hasi eta uztailaren 15era bitartean burutuko den Cannesko Zinemaldiaren Marché du Film merkatuan parte hartuko dute euskal zinemagile askok. Nazioarteko zinemagintzako hitzordu nabarmenetako honek formatu presentziala berreskuratu du.

‘Los Quinquis’ filma aurkeztuko du Yayo Herrerok. (NAIZ)
‘Los Quinquis’ filma aurkeztuko du Yayo Herrerok. (NAIZ)

Merkatuaren edizio berri honetan, Basque.Audiovisual.-ek Palais du Festival aretoan duen presentzia birtuala eta fisikoa indartuko ditu. Atal birtual propioa izango du Colorful Diversity gunean. Bertan, zinemagintzaren eta ikus-entzunezkoen sektoreko profesional guztiek gure lurraldeari buruzko informazioa eta koprodukzioak egiteko dauden tresnak ezagutu ahal izango dituzte, baita kontaktu berriak sortu ere.

Era berean, bertan dauden euskal profesionalekin harremanak sortzeko eta fase desberdinetan dauden hamar proiektu nabarmeni buruzko informazioa jasotzeko aukera izango dute; hala nola Estibaliz Urresolaren ‘20 000 especies de abejas’ (Gariza Films, Sirimiri Films, Inicia Films); David Perez Sañudoren ’50 picogramos. Una sátira deportiva’ (Amania Films); Raúl de la Fuenteren eta Amaia Remirezen ‘Bayo Bayo Baby’ (Kanaki Films); Fermin Muguruzaren ‘Black is beltza: Ainhoa II’ (Talka Records & Films); Ainhoa Andrakaren ‘Cabeza y corazón’ (Doxa Producciones); Félix Viscarreten ‘Una vida no tan simple’ (Lamia Producciones); Iratxe Fresnedaren ‘Tetuán’ (Marmoka Films, Pimpi&Nella Films); Ander Iriarteren ‘The Sound of Cracking’ (Gastibeltza Filmak); Alberto Vazquezen ‘Unicorn Wars’ (UniKo), eta Elio Quirogaren eta Beñat Beitiaren ‘Winnipeg, el barco de la esperanza’ (Dibulitoon).

Horrez gain, Palais du Festivaleko Rivera A5en espazio fisiko bat izango du Basque.Audiovisual.-ek. Bertan, ohi bezala, gaur egun eskura dauden euskal proiektu guztiak eta garapen fasean daudenak biltzen dituen katalogoaren azken bertsioa banatuko da. «Nabarmentzekoa da katalogoaren edizio hau orain arte egin direnen artean zabalena dela, eta horrek agerian uzten du sektoreak duen sormen-une ona, osasun-egoerak eragindako zailtasun guztiak gorabehera. Oraingo honetan, film luze tradizionalez gain (fikzioa, dokumentalak edo ez-fikzioa eta animazioa), hainbat garapen-etapatan dauden film laburrak, Kimuak hautaketa, Itxitik deialdiko film laburrak (covid19a ardatz hartuta sortutako film laburrak), telesailak eta beste formatu batzuk ere bildu dira», adierazi dute Zineuskadi erakundetik.

Gainera, Yayo Herreroren ‘Los Quinquis’ lanak Focus CoPro ekimenaren hurrengo edizioan parte hartuko du. Cannes Court Métrage – Short Film Cornerrek bultzatutako jarduera uztailaren 12an hasiko da, eta nazioarteko sei proiektuk hartuko dute parte, horietako bi ECAMeko La Incubadora programaren laguntzarekin garatutakoak. ‘Los Quinquis” Mintxo Diazek (Dynamite Films) ekoitzi du eta Espainiako aldirietako hainbat gaizkileren benetako istorioak biltzen dituen drama kriminal bat da.

Bestalde, ‘Winnipeg, el barco de la esperanza’, Elio Quirogak eta Beñat Beitiak zuzendua (Dibulitoon Studio, La Ballesta, El otro Film, Midralgar), ekainaren 10ean aurkeztuko da Animation Days sailean, eguerdiko 12.00etatik aurrera, Animachiren laguntzari esker eta ProTxilek zein Kultura, Arte eta Ondare Ministerioak Annecyko Jaialdiarekin eta Marché du Filmekin batera finantzatuta.

Cannesko jaialdiko Marché du Film merkatuan parte hartuko duten euskal profesionalen artean, Miren Aperribay (Atera Films), Aitor Arenas (Banatu Filmak), Irati Crespo (Vitrine Filmes), Silvia Cruz (Vitrine Filmes), Unai Fernández (Barton Films), Nicos Beatty (Soul Pictures), Liliana Bravo (Soul Pictures), Patxi Azpillaga (Lekuk Kultur Elkartea), Juanma Bajo Ulloa (Fragil Zinema) eta Eduardo Carneros (Euskadi Movie AIE) aurkitzen ditugu.

Nazioarteko merkatu garrantzitsuenetakoarekin duten hitzorduan izango dira Zineuskadiko ordezkariek, Donostiako Zinemaldiko programatzaile taldeak, Vanesa Fernandez Zinebiko zuzendariak eta Josemi Beltran Donostia Kulturako arduradunak. Hala jakinarazi dute astearte honetan.

Nazioarteko industria zinematografikoari babesa ematen jarraitzeko eta profesionalei laguntzeko asmoarekin egiten den Marché du Film topaketak 12.500 partehartzaile baino gehiago bilduko ditu. Aurreko edizioetan bezala, egitarau zabala izango du eta 121 herrialdetako 4.000 film hartuko ditu, baita 100 tailer eta hitzaldi baino gehiago ere.