NAIZ

Philippe Gregoire, Selman Nacar eta Hong Sung-eun, Zinemaldiko zuzendari berrien artean

Guztira 15 herrialdetako hamahiru ekoizpenek hartuko dute parte heldu den irailaren 17tik 25era 69. edizioa izango duen Donostia Zinemaldiko ‘Kutxabank-New Directors’ sailean. Bederatzi opera prima daude. Gainerakoak, egileen bigarren filmak dira, asteazken honetako aurkezpenean azaldu dutenez.

Honakoak dira «New Directors» sailean parte hartuko duten zuzendari batzuk.
Honakoak dira «New Directors» sailean parte hartuko duten zuzendari batzuk.

Hamahiru lehen eta bigarren film lehiatuko dira datorren Donostia Zinemaldian, irailaren 17tik 25era, Kutxabank-New Directors saria eskuratzeko. Tartean ‘work in progress’ lanetatik eta Zinemaldiko Koprodukzio Forotik datozen bost pelikula daude, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Ainhoa Arruabarrena Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendariak prentsaurrekoan jakinarazi dutenez.

Bederatzi opera primak izanen dira eta gainerakoak bigarren obrak. Philippe Gregoire da bere lehen lana estreinatuko duten zinemagileetako bat. Film laburrekin ehun jaialdi baino gehiagotan parte hartu ondoren, ‘Le bruit des moteurs/The Noise of Engines’ pelikularekin lehiatuko da kanadarra Donostian. Autofikzioa da eta zinema-eskola ordaintzeko aduanako agente gisa izan zuen laneko esperientzian oinarrituta dago.

Berlinale Talent eta First Films First programetan parte hartu ondoren, Selman Nacar zuzendari turkiarrak iaz WIP Europa Industria saria eta Donostiako WIP Europa saria irabazi zituen proiektuarekin hartuko du parte, kontzientzian, familian eta justizian zentratutako ‘İki Şafak Arasında / Between Two Dawns’ lanarekin, hain zuzen.

Gertaera tragikoak, eraldaketarako abiapuntu

WIP Europan Zinemaldian izanen den beste zuzendari bat, Darko Sinko esloveniarra, ere hautatu zuten. Sinkoren lehen fikzio luzean, ‘Inventura / Inventory’, gizon bat, gertaera tragiko baten ondoren, konturatuko da bere bizitza agian ilusio bat dela eta, beharbada, uste baino jende gehiagok gorroto duela.

Halaber, Hong Sung-eun korearrak lehen aldiz parte hartuko du New Directors sailean ‘Hon-ja Sa-neun Sa-ram-deul / Aloners’ film luzearekin. Bertan, bizilaguna apartamentuan hilda aurkitzen duen emakume baten istorioa kontatzen digu, bizitza zenbateraino aldatuko zaion jazoera horren ondoren.

Mara Pescio argentinarrak ‘Ese fin de semana / That Weekend’ aurkeztuko du, 2017an Zinemaldiko Koprodukzio Foroan hautatutakoa. Protagonistak ama-alabak dira, aspalditik elkar ikusi gabe egon ondoren berriz elkartzen direnak.

Sundance zinema jaialdian izan ostean, Fran Kranz aktore estatubatuarrak zuzendari gisa egin duen lehen lana erakutsiko du: ‘Mass’, barkamenari eta erruari buruzko lana.

Javier Marcok esperientzia luzea du film laburren esparruan –Goya Saria irabazi zuen ‘A la cara’ lanarekin (2020)– Orain, ‘Josefina / Josephine’-rekin parte hartuko du.

Honako filmak ere lehiatuko dira ‘Kutxabank-New Directors’ sarian: Agustín Banchero uruguaitarraren ‘Las vacaciones de Hilda / Hilda 's Short Summer’; Lena Lanskih errusiarraren ‘Nich'ya / UnwantedNich'ya / Unwanted’; Juan Sebastián Mesa kolonbiarraren ‘La roya / The Rust La roya / The Rust’; Emanuel Parvu errumaniarraren ‘Marocco / MikadoMarocco / Mikado’; Silvina Schnicer argentinarraren eta Buenos Airesen bizi den Ulises Porra katalanaren ‘Carajita’; eta Sun Liang txinatarraren ‘Shu Qi Shi Guang / Lost in Summer’.