NAIZ

Zhang Yimou txinatarraren «Yi miao zhong» filmarekin hasiko da Zinemaldiko lehiaketa

Donostia Zinemaldiak Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko diren azken hiru filmen berri eman du. Zhang Yimouren `Yi miao zhong / One Second´, Michael Showalterren `The Eyes of Tammy Faye´ eta Thierry de Perettiren `Enquête sur un scandale d'Etat / Undercover´ dira Sail Ofiziala osatuko dutenak.

Zhang Yimou zuzendari txinatarraren «Yi Miao Zhong / One Second» filmaren irudi bat. (DONOSTIA ZINEMALDIA)
Zhang Yimou zuzendari txinatarraren «Yi Miao Zhong / One Second» filmaren irudi bat. (DONOSTIA ZINEMALDIA)

Zhang Yimouren `Yi miao zhong / One Second´ filmak inauguratuko du Donostia Zinemaldiaren 69. edizioko Sail Ofiziala. Yimou, azken hamarkadotako zuzendari txinatar ospetsuenetako bat, estreinakoz saiatuko da Urrezko Maskorra lortzen. Zinemari egiten dion omenaldi berezia da bere film berria.

Kontatzen duen istorioan, preso bat Txinako ipar-mendebalde suntsituko lan esparru batera bidali dute Txinako Iraultza Kulturalaren garaian. Irudimena baliatuta, eta alaba −film batean grabatu dutena− ikusteko xede bakarrarekin, handik atera eta gertuko herri bateko zinema-aretora ihes egitea lortuko du. Han zinta hori aurkitu eta bereganatzea espero du. Baina karrete bera lortu arte bakerik ez duen emakume eskale batekin gurutzatuko da. Bitxia bada ere, objektu misteriotsu hori, bi pertsonaiek arrazoi ezberdinengatik irrikatzen dutena, ustekabeko adiskidetasun baten eragile bihurtuko da.

Wei Fan eta Yi Zhang antzezleek egin dituzte filmeko pertsonaia nagusien rolak. Zuzendaria Donostia Zinemaldiko Epaimahai Ofizialaren buru izan zen 1997an, eta bere aurreko hainbat film Perlak sailean izan dira, hala nola `Huozhe / To Live´ (1994), `You hua hao hao shuo / Keep Cool´ (1997), `Ying xiong / Hero´ (2003) eta `Shi mian mai fu / The House of Flying Daggers´ (2004).

Gorakadaren eta erorketaren kontakizuna

Michael Showalterren `The Eyes of Tammy Faye´ izango da Sail Ofizialeko beste obra bat. AEBetako ekoizpen honetan, Tammy Faye Bakker telebista-predikatzaile ebanjelistaren igoera, erorketa eta erredentzioaren ikuspegi intimoa ematen da.

70eko eta 80ko hamarkadetan, Tammy Fayek eta bere senarrak, Jim Bakkerrek, ia ezerezetik abiarazizuten munduko erlijio-katerik handiena, baita parke tematiko bat ere, eta ospe izugarria izan zuten bidaltzen zituzten maitasun, onarpen eta oparotasunezko mezuei esker. Faye oso ospetsua zen bere betile suntsiezinengatik, kantatzeko modu originalagatik eta mota guztietako pertsonei harrera egiteko zuen eskuzabaltasunagatik. Baina hain arreta handiz sortutako inperio hura laster jausi zen, finantza irregulartasunen, lehia eta azpijokoen eta eskandaluen eraginez.

Showalter `The Big Sick´ filmaren idazle eta zuzendaria ere izan zen. Perlak sailean ikusi ahal izan zen lana 2017an eta gidoi onenaren Oscar sarirako izendatua izan zen.

Kazetaritza ikerketa bat

Thierry de Perettiren `Enquête sur un scandale d'Etat / Undercover´ filma ere lehiatuko da Urrezko Maskorraren bila. 2015eko urrian gertatzen da ekoizpen frantses honetako istorioa. Frantziako aduana-agenteek zazpi tona kalamu atzeman dituzte hiriburuaren bihotzean. Egun berean, Hubert Antonie, iragan lausoko espioi ohia, Stephane Vilner `Libération´ egunkariko kazetariarekin harremanetan jarriko da. Bere hitzetan, Jacques Billard goi-mailako polizia frantziarrak –komunikabideetan ezaguna eta goi-mailako polizia frantsesa– zuzendutako narkotrafiko-sare bat existitzen dela frogatu dezake. Hasieran mesfidantza badu ere, azkenean ikerketan sartuko da kazetari gaztea, eta Errepublikako bazter ilunenetara eramango du ataza horrek.

Roschdy Zem, Pio Marmade, Vincent Lindon eta Julie Moulier daude antzezleen artean.

Peretti zuzendari, aktore eta gidoilariaren `Les Apaches / Apaches´ (2013) eta `A Violent Life´ (2017) filmak Cannesko Quinzaine des Réalisateurs eta Semaine de la Critique ataletan hautatu zituzten, hurrenez hurren.

Hortaz, Peretti, Showalter eta Yimou Sail Ofizialean lehiatuko diren zinemagileen zerrendan sartu dira, honako hauekin batera: Ines Barrionuevo, Iciar Bollain, Laurent Cantet, Terence Davies, Alina Grigore, Lucile Hadzihalilovic, Zhang Ji, Fernando León de Aranoa, Tea Lindeburg, Claudia Llosa, Paco Plaza, Claire Simon eta Jonas Trueba.