Asier Aiestaran

Euskal Herriko selekzioak lehen bi dominak irabazi ditu Mundialean, biak urrezkoak

Kluben arteko lehiaketan Gaztedik erakutsitako nagusitasunari jarraipena emanez, euskaldunak izan dira onenak emakumezkoen 500 kilotan eta gizonezkoen 560 kilokoan, bi kasuetan finalean Suitza mendean hartuz.

Euskal Herriko selekzioko tiralariak beraien domina eta txapelekin.
Euskal Herriko selekzioko tiralariak beraien domina eta txapelekin.

Euskal Herriko selekzioak aurreneko bi dominak eskuratu ditu Munduko Lur Gaineko Sokatira Txapelketan, biak urrezkoak gainera. Kluben arteko lehiaketan Gaztedik erakutsitako nagusitasunari jarraipena emanez –hiru domina ostegunean–, euskaldunak izan dira onenak emakumezkoen 500 kilotan eta gizonezkoen 560 kilokoan.

Arratsaldeko saioan iritsi dira bi garaipenak. Eguraldia ederki portatu da bazkalondo horretan, eta eguzki goxoa lagun, jende mordoa inguratu da Fadurako harmailetara.

Emakumezkoen lehian, Euskal Herriak Ingalaterra menderatu du finalerdietan, eta finala Suitzaren aurka jokatu behar izan du. Finaleko lehen tiraldia ikaragarri gogorra izan da. Suitzak jo ditu lehen kolpeak eta euskal zortzikoteak asko sufritu du lehen zatian.

Baina lehen eraso horri ongi eutsi dio etxeko taldeak eta lehia blokeatuta geratu da denbora luzez. Euskal Herriak bi falta ere ikusi ditu eta tiraldia bereganatzen ari zen arren, arriskuan egon da garaipena amaierara arte. Bukaeran, ordea, ez da zigor gehiagorik egon eta irabazle suertatu dira euskaldunak.

Bigarren tiraldia askoz ere motzagoa izan da, eta euskaldunek eroso lortu dute garaipena eta urrezko domina. Amaierako negar eta ospakizunek argi erakutsi dute asko kostatako lorpena izan dela. Brontzezko domina Herbeheretako selekzioak eraman du.

Antzeko tiraldiak

Ondoren izan da gizonezkoen txanda. Hauen kasuan ere, finala suitzarren aurka jokatu dute eta beste lehia gogor bat ikusi da. Euskaldunek estrategia berdina erabili dute: hasieran Suitzari eman diote jotzeko aukera, baina ondoren kontraerasoa iritsi da. Bi taldeak bina faltarekin heldu dira amaierara eta azkenean suitzarrek amore eman behar izan dute.

Bigarren tiraldia motzagoa izan den arren, suitzarrek argi utzi dute selekzio benetan indartsua direla eta lanak eman dizkiete euskaldunei. Azkenean, lau minutu betetzear zirela, euskal selekzioak arratsaldeko bigarren urrea ziurtatu du zaleen gozamenerako.

Goizean, gizonezkoen 680 kiloko proban urrea Alemaniarentzat izan da, zilarra Herbeheretako selekzioarentzat eta brontzea Suitzarentzat. Selekzio mistoen 580koan, garaipena Suediak eskuratu du, Suitza eta Ingalaterraren aurretik.

Txapelketa bihar amaituko da slekzioen arteko lehiaren bigarren jardunaldiarekin. Goizean gizonezkoen 720 kiloko proba eta 23 urtez azpiko gizonezkoen 600 kilokoa jokatuko dira; arratsaldean gizonezkoen 640koa eta emakumezkoen 540koa.