Arnaitz Gorriti

Andrijana Cvitkovicek IDK Euskotrenen alde irauli du Mendizorrotzako euskal derbia (67-75)

Hegal-pibot kroaziarrak 17 puntu eta 13 errebote lortu ditu eta Kutxabank Araskik hain ondo ekin duen neurketa donostiarren alde jarri du. Hirugarren laurdenean, berriz, gipuzkoarren hirukoek neurketa erabakita laga dute eta hamahirugarren garaipena lortu dute.

Andrijana Cvitkovic, Mendizorrotzako izar dizdiratsuena.
Andrijana Cvitkovic, Mendizorrotzako izar dizdiratsuena. (Endika PORTILLO / FOKU)

KUTXABANK ARASKI 67 - IDK EUSKOTREN 75

Beste behin, IDK Euskotrenek irabazi egin dio Kutxabank Araskiri Mendizorrotzan. Talde donostiarra hotz xamar hasi baldin bada ere, bigarren ñaurdenetik aurrera jaun eta jabe izan da, batez ere Andrijana Cvitkovic hegal-pibot kroaziarraren lanari esker. Rijekako jokalariak 17 puntu, 13 errebote 32ko balorazioa lortu ditu, eta batez ere, jokoaren ekimena donostiarrengana eraman du bere lan bikainari esker.

«Talde on baten aurka jokatu dugu eta honen aurka jokatzeko prest eta kontzentratuta ekin behar izan dugu. Araskiri asko gustatzen zaio korrika egitea, baina errebotea ongi zaindu dugu saskiraketa errazak saihestearren. Aurreneko laurdenean kosta zaigu, baina bigarrenetik aurrera, gai izan gara geratzeko eta gure erritmoa ezartzeko», adierazi du Andrijana Cvitkovicek berak.

Horrez gain, bigarren laurdenaren azken aldetik aurrera, hirukoak ere errazago sartu ditu talde gipuzkoarrak, Maria España eta Yurena Diazen bitartez batez ere. Errebotea ere donostiarrek kontrolpean izan dute eta hala, azken emaitzak dioena baino garaipen garbiagoa lortu dute.

Ezin gustora egon, aldiz, Kutxabank Araskiko kideak. «Hasieran erritmoa guk geuk ezarri dugu, baina partidak aurrera egin ahala, beraiek ezarri dute jokatzeko modua», onartu du Madelen urieta gasteiztarren entrenatzaileak. «Beren barruko jokalariek min handia egin digute eta baita bere jaurtitzaileek ere. Oraingo honetan, gu baino hobeak izan dira», laburbildu du Amurrioko entrenatzaileak. Izaskun Garcia Urlezaga Kutxabank Araskiko antolatzaileak, are gehiago laburbildu du derbioa. «Geuk galdu dugu partida, beraiek nahi izan duten moduan jokatzeari ekin diogulako».

Zuritik beltzera

Josean Gasca kiroldegian azaroan jokatu zen derbiaren tankera hartu du neurketak, ia ezustean. Hasiera baten donostiarrek markagailua alde izan badute ere, Leia Dongue eta lesiotik itzuli berritan jokatzera atera den Tanaya Atkinsonen artean berehala eman dio buelta neurketari.

Azu Muguruza bera ere kexu azaldu da bere jokalariekin, gasteiztarrek askoz grina handiagoa erakutsi baitute aurreneko minutuetan. Are gehiago, hiruekoetan ere Kutxabank Araskik pare bat alditan asmatu du, IDK Euskotrenek ez bezala. Ondorioz, ez da harritzekoa aldea ireki izana eta aurreneko laurdena etxekoen alde amaitu da, markagailua 20-14 dela.

Cvitkovic eta Harden kantxaratu denean hasi da zuzpertzen IDK Euskotren eta Yurena Diazek donostiarren aurreneko hirukoa gauzatzea lortu du, gipuzkoarren zortzigarren ahaleginean. Cvitkovicek bere abiadurari esker Laura Pardo behin eta berriz gainditu du eta horrez gain, Kutxabank Araskiren erasoa Atkinsonen ekarpenera mugatzen joan da. Hala, Madelen Urietak hutsartea eskatu behar izan du Laura Corneliusek 24na berdindi duenean gasteiztarren defentsaren hutsunea baliatu ostean.

Ez zaio nahi bezala atera hutsartea entrenatzaile gasteiztarrari, Cvitkovic kroaziarraren bidez buelta eman baitio IDK euskotrenek euskal derbiari. Lauren Cox, Maria España eta Yurena Diazek ere saskirako bidea aurkitu dute, gasteiztarrei pertsonalak aterata gainera. Hala ere, Tamara Seda, Dongue eta Asurmendiri esker 35na berdintzea erdietsi du Kutxabank Araskik, jokoa sortzeko zailtasunak agerikoak izanagatik. Dena den, donostiarrek jokoaren ekimena eskuetan hartu dute atsedenaldira bidean, Maria Españak bere aurreneko hirukoa gauzatu eta gero emaitza 35-38 laga baitu Azu Muguruzak zuzentzen duen taldearen alde.

Partida erabakitzen

Andrijana Cvitkovicek denboraldiko partidarik onena jokatu du eta kroaziarraren gaitasunari Maria España lotu zaio, bien artean 2-11ko partziala lortu eta markagailua 37-49araino eramateko donostiarren alde.

Kutxabank Araskik, bere zorionerako, IUzaskun Garcia eta Leia Dongueren eskutik erantzun du, 8-2ko partziala sartuta. Muxikako antolatzaileak pare bat hiruko kateatu ditu, baina segidan etorri da berriz ere IDK Euskotrenen erantzuna, berriz ere Maria España eta Civtkovicen eskutik. Hala markagailua 45-56 jarri denean, hegal-pibot kroaziarraren eskutik, Madelen urietak derbiak eskuetatik ihes ez egiteko hutsartea eskatu behar izan du.

Baina hutsarte horrek mesede talde gipuzkoarrari egin dio, gehienbat. Batetik, Kutxabank Araskik jaurtikela libreen marratik larregitan kale egin du eta , aldiz, Azu Muguruzaren taldeak, ia hutsik egin gabe saskiratu ditu 4,60 metotara dagoen marra horretatik. Horrez gain, Lauren Coxek bere maila ezarri du uztaipena. Azkenean, arabarrak besoak jaisten hasi dira eta Mendizorrotzako derbia ia erabakita geratu da hirugarren laurdena amaitzerako: 51-66.

Etxekoen azken ahalegina

Katja Zecen hiruko batekin ekin dio Kutxabank Araskik azken laurdenari eta saiatu dira Madelen urietarenak presionatzen euskal derbiari buelta eman nahian, baina zorte handirik gabe. Nahiz eta IDK Euskotren akaso behar baino gehiago erlaxatu den, talde gasteiztarra ez da gai izan markagailuan ia batere hurbiltzeko, hirukoekin tematuta eta asmatu ezinik. Hala ere, Kutxabank Araskik 10-2ko partziala erdiestea lortu du, Mendizorrotzako dema amaitzeko bost minuturen faltan: 61-68.

Hala ere, donostiarrek ez dute bururik galdu eta erantzuten asmatu dute. Errebotean nagusi, Joy Brownek bi jaurtiketa libre sartu ditu eta estatubatuarraren atzetik, Yurena Diazek hirukoa sartu du eta Laura Corneliusek saskiperaino bidea aurkitu du ere. Orotara, 2-7ko partziala markagailua 63-75 jartzeko bi minutu baino gutxiagoren faltan.

Madelen Urietarenek azken ahalegin bat egin dute, baina emaitza handirik atera gabe. Mendizorrotzako derbia beste behin Donostiara joan da, eta hala, hamahirugarren garaipena ere lortu dute Azu Muguruzarenek, Top 8an ederki asko itsatsita. Aldiz, 9-12 balantzearekin geratu dira gasteiztarrak, oraindik ere zortzigarren postutik garaipen bakarrera.

PARTIDAKO FITXA

KUTXABANK ARASKI: Izaskun G. Urlezaga (9), Tanaya Atkinson (14), Leia Dongue (21), Tamara Seda (12) eta Gracia Alonso –hasierako bostekoa–, Maria Asurmendi (3), Bea Sanchez (3), Katarina Zec (5), Eleanna Christinaki eta Laura Pardo.

IDK EUSKOTREN: Laura Cornelius (6), Joy Brown (8), Maria España (15), Marian Coulibaly (6) eta Lauren Cox (12) –hasierako bostekoa–, Yurena Diaz (11), Andrijana Cvitkovic (17) eta Alexandria Harden.

Epaileak: Morales, Carpallo eta Areste. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 20-14, 15-24, 16-28, 16-9.

Gorabeherak: Euskal derbia Mendizorrotzan. Talde donostiarrak zaleekin autobusa eraman du Gasteiza. Txaloka hartu dute etxeko zaleek Joy Brown, Kutxabank Araskiko jokalari ohia. Araski sortzen eta hazten lagundu zuten kolaboratzaileak omendu zituzten partida hasi bezperan. Tanaya Atkinson itzuli da azken jardunaldietan min hartuta egon ondoren. Ukrainako gerraren aurka minutuko isilunea gorde dute.