M.A.

LGTBI+ kolektiboak frankismoan jasandako errepresioa ikertu dute

Geoffroy Huard frantziar irakasleak egindako ikerketa aitzindariak hainbat testigantza jasotzen ditu, eta Nafarroako Parlamentuak egindako eskaera baten emaitza da, eremu errepresibo hori ikertzeko eskatu baitzuen.

Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, eta Martin Zabalza, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, aurkezpen eguneko ekitaldian.
Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, eta Martin Zabalza, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, aurkezpen eguneko ekitaldian. (NAIZ)

Nafarroako Memoriaren Institutuak bere Dokumentazio Zentroan erantsi du frankismo garaian Nafarroako LGTBI+ kolektiboak jasandako errepresioaren inguruko txostena. Nafarroako Parlamentuak proposatuta idatzi zen, eta Foru Gobernuari eskatu zion guztiz jorratu gabeko errepresio-eremu hura ikertzeko. Geoffroy Huard Parisko unibertsitateko irakasleak egindako ikerketa aitzindaria da. Institutuaren egoitzan kontsulta daiteke eta, gainera, dokumentuaren laburpen bat dago eskuragarri sarean.

Ikerketa hori joan den abenduaren 14an Iruñean egindako jardunaldi batean aurkeztu zuten jendaurrean, eta Nafarroako Memoriaren Institutuaren lan-ildoan kokatzen da. Institutu horrek erregimen frankistaren ibilbidearen hasieratik egindako errepresioari buruzko ikerketa-proiektu batzuk bultzatu izan ditu, biktimen eta haien senideen egiarako eskubidea eta gizartearen beraren memoria-betebeharra kontuan hartuta.

Ikerketa aurrera eraman ahal izateko zailtasunak izan dituztela aitortu du Geoffroy Huard ikertzaileak. Izan ere, duela gutxi arte ezin izan dira sartu “Alfer eta Gaizkileen” epaitegietako artxiboetan, ezta Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialeko epaitegietan ere, Francoren diktaduran homosexualak kondenatzeko ardura zuten auzitegietan, hain zuzen.

Lan horren bidez, askatasunik gabeko erregimen batean homosexual edota transexual izanagatik errepresioa jasan zuten pertsonen memoria berreskuratzen lagundu nahi da. Frankismoak homosexualitatea «alferkeria eta delinkuentzia» giroetan transmititzen zen gaixotasuntzat hartzen zuen, eta balio moral tradizionalak urratzen omen zituen, familia heterosexual eta ugaltzaile baten existentzian oinarrituak, sexualitatearen helburu bakar gisa.

Aipatu egoera errepresibo hori Nafarroa frankistaren kasuan bereziki gogorra eta dramatikoa izan zela argi uzten du txostenak, eta homosexual eta transexual askok ez zutela gizartearen presioa jasaterik izan. Hala, leku lasaiago eta seguruagoetara erbesteratu behar izan ziren halabeharrez. Nafarroako «sexiliatuak» izenez ezagutzen diren horietako asko ahanzturan erori dira urteak igaro ahala, eta, oro har, ez da haien testigantzarik geratu, beste lurralde batzuetako erregistro judizialetako arrasto bakan batzuk izan ezik.

Garaiko testuinguru sozial eta moralak familia heterosexuala eta ugalketa sustatzen zituen sexualitatearen helburu bakar gisa, gerraren ondoren jaiotza-tasak behera egin zuen eta. Homosexualitatea buru-eritasunaren sinonimotzat hartzen zen, botereak ezarritako arau sozialak kolokan jartzen zituelako. Horrexegatik bereziki babestu behar ziren adingabeak, eta horregatik ere bereizi behar ziren preso homosexualak beste presoengandik.

Txostena osatzeke

Huard irakasleak Nafarroako EHGAMen laguntza izan du ikerketa burutzeko, eta haren gestioei esker frankismoan errepresioa jasan zuten eta testigantza eman duten hamar bat pertsonarekin harremanetan jarri ahal izan da. Ikerketak datorren urtean jarraituko du, arestian aipatu bezala, Justizia Ministerioak Nafarroari buruzko Epaitegi Berezien funtsen dokumentazioa kontsultatzen uzten duenean.

Ildo horretan, Huardek azaldu du hurrengo hilabeteetan txosten horren beste kapitulu bat osatzen ahaleginduko dela, eta gero, agian beste ikertzaile batzuek beste iturri batzuekin osatuko dutela azterlan hori. Izan ere, ikerketaren egilearen arabera, «iturri judizialak ez dira bakarrak, baina bai ugarienak eta askotarikoenak, nahiz eta, paradoxikoki, lege frankistek bizimodu horiek desagerrarazteko balio izan zuten».

Azkenik, esan beharra dago beste lurralde batzuetan ere antzeko memoria lanak egiten saiatu izan direla azken urteetan. 2015ean, esaterako, Aldarte eta EHGAM elkarteek, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarekin, diktaduran zehar eta Euskal Herriko trantsizioan zehar sexu-joeragatik errepresioa pairatu zuten pertsonen elkarrizketak bildu zituzten.