NAIZ

Atristainen egoerarekin kezka agertu eta erabaki «arbitrarioa» salatu du Donostiako Udalak

EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Ahal Duguk batera sinatu dute Xabier Atristainen kartzelaratzearen aurkako adierazpena. Erabaki «arbitrarioa» dela eta bere egoera kezkagarria dela aipatzen dute.

Atristain, Donostiako Parte Zaharrean, atxilotua izan aurretik.
Atristain, Donostiako Parte Zaharrean, atxilotua izan aurretik. (NAIZ)

Donostiako Udalak urratsa eman du Xabier Atristainen espetxeratzearen kontra, duela hamar egun gauzaturik. Jon Intxausti EAJko eledunak, Reyes Carrere EH Bildurenak eta Aitzole Aranetak (Elkarrekin Ahal Dugu) sinatzen dute idazkia, Gorenaren erabakiaren kontra, Europako Giza Eskubideen Entzutegiaren erabakiari entzungor eginez donostiar hau berriz kartzelara bidali baitu.

Komuneko adierazpen honetan nabarmentzen dutenez, Europak emandako epaiaren arabera, «Atristaini epaiketa justu bat izateko eskubidea urratu zitzaion, inkomunikazio erregimenaren aplikazioaren ondorioz. Sententzia horri jarraituz, Atristain aske geratu zen. Giza Eskubideen Auzitegi Gorenaren epaia argia, irmoa eta derrigorrez bete beharrekoa izanik, Donostiako Udalak bere harridura agertzen du, Auzitegi Gorenak sententzia aintzat ez hartzea erabaki duelako».

Horrekin batera, Udalak «bere kezka adierazi nahi du, bestelako alternatibak egonda ere Atristain berehala espetxeratzeko agindua eman izanagatik».

Adierazpen honetaz gain, EH Bilduk eskaera bat erregistratuko du Atristainen abokatuak, Zigor Reizabalek, eta senide batek Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordean agerraldia egin dezaten. Helburua, «Xabier Atristain zein egoera juridiko eta humanoan dagoen bertatik bertara azaltzea».