NAIZ
Laudio

Protestak Laudion, gaztetxea husteko aginduaren aurka

Astelehen honetarako dago aurreikusia Laudioko gaztetxearen hustea. Hau dela-eta, 60 bat gazte lehen ordutik daude bertan eta Lamuza parkeko ateak itxi dituzte, irtenaraztea oztopatu asmoz. Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu dira.

2021ean gaztetxea hustu zuteneko irudia.
2021ean gaztetxea hustu zuteneko irudia. (@LaudioGaztetxea)

Laudioko Gaztetxea husteko aginduak astelehen honetako data zeukan. Hau ekidin asmoz, Lamuza Parkera bertaratzeko deia egin dute gaztetxeko kideek eta Aiaraldea hedabideak informatu duenez, 60 bat lagun daude bertan.

Agindua salatzeko, alboko errepidea, Zumalakarregi etorbidea, moztu eta parkerako sarbidea ere itxi dute bertan bildutako gazteek. Udaltzaingoa eta Ertzaintza guneraino bertaratu dira.

Ostiralean gaztetxeko kideek nabarmendu zutenez, «agindua Udaletik» dator. Udalak maiatzean prozedura administratibo bat ireki zuen eraikina epailearen aginduz husteko, «ez baitu baldintzarik betetzen obretan dagoelako». «Laudioko Gaztetxea joan den otsailean sartu zen eraikinean, sarraila bortxatuz eta uzteari uko eginez», justifikatu zuen EAJ alderdiko Ander Añibarro alkateak berria zabaltzearekin batera.

2001az geroztik izan da gaztetxearen egoitza Lamuza parkeko eraikin hau eta 2021eko urtarrilean ere hustu zuten jauregia. Obrak egiteko aitzakiarekin egin zen hustutze hura, baina gaztetxetik gerora adierazi zutenez «bileretan» helarazi zieten lanak amaituta ezingo zirela itzuli «Udalak eraikinarentzako beste asmo batzuk dituelako». Hori dela-eta, aurtengo otsailean berriz ere sartzea erabaki zuten eta iragan gauerdia zuten agindua betetzeko epemuga.