Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Interview
Peru Abarrategi Sarrionandia
Arabako bertsolari txapelduna

«Unea iritsi da edozeinekin edozein unetan bertsotan egin dezakeguna»

Egun oso berezia izan zen finalekoa Peru Abarrategirentzat eta «infinitu» eskertzen du izan zuen laguntza; batez ere, oholtzako kideena. Etxeko ditueta eurekin abestea «gozamena» izan zen. 25 urte ditu eta txapelak adin politean harrapatu du, plazetan gozatzeko ilusioz, tokatzen zaion arduraz.

Peru Abarrategi Sarrionandia, finala bukatu ostean.
Peru Abarrategi Sarrionandia, finala bukatu ostean. (Raul BOGAJO | FOKU)

​«Emozioz beteriko eguna» izan zuen atzo Arabako bertsolari txapeldun berriak. Finala amaitu zenean Gasteizen gelditu ziren lagunak; «festan ederto pasa» eta igande goizean bueltatu ziren Aramaiora. Beti sentitu izan da maitatua bertan, baina atzo bereziki.

Txapelarekin dantzatu zinen Jimmy Jazzen?

Badaezpada txapela Aramaiora bidali nuen, galtzeko arriskua egongo zelako bestela. Baina zer kantatu nuen ikusita, bisera bat ipini zidaten dantzatzeko eta barre batzuk egin genituen.

Non dago txapela?

Amamaren etxean. Bihar aita bisitatzera noanean ospitalera bertara eramango diot, eskaintza polit bat izango da.

Aitari eskaini zenion hasierako agurra.

Nahiko aste arraroa izan da. Operazioa eduki du aitak. Dena oso ondo bukatu da. Bera ondo dago, nik saio borobil bat egitea lortu dut eta denok oso pozik. Emozioz betetako astea dabil izaten, baina saiatzen naiz ahalik eta modurik onenean kudeatzen. Etxekoengandik gertu egoten eta jasotzen dudan estimu hori, bai lagunen aldetik eta bai herri mailan, eskertzen eta gustura sentitzen horrekin.

Finalean sumatzen zen maitatua zarela.

Ez dut sekula ahaztuko txapeldun nintzela esan zuten unea. Aretoa zelan ipini zen ikustea oso hunkigarria izan zen.

Buruz burukorako zure izena eman zutenean ere sumatu zen poz hori.

Bai, eta behin egoera horretan ikusten duzunean zure burua ez daukazu ezer galtzeko. Disfrutatu nuen, gainera Manexekin. Pertsona oso berezia da niretzat eta ederra izan zen.

 

Eroso eta libre
Saioak aurrera egin ahala ni ere hazi egin nintzen eta oso eroso eta libre kantatzen bukatu nuen. Horretan kulpa handia daukate oholtzako kideek


Saio osoan ikusi zintudan seguru, eta, batez ere, buruz burukoan aske.

Horretan kulpa handia daukate kideek. Beti posible dela sinistarazteko prest. Saioak aurrera egin ahala ni ere hazi eta oso eroso eta libre kantatzen bukatu nuen, urduritasunak utzita. Txapelketaren ibilbidean, nik gozatzen nuen saioetan nahiko puntuazio altuekin ibili nintzen, Arabako izen handietatik gertu, eta banekien disfrutatzen banuen jendeak disfrutatuko zuela nirekin. Eta zergatik ez, jendeak esaten zidan ‘Peru, sinistu’.

Umoretsu ibili zinen, baita gaiak seriotik hartzekoa ematen zuenean ere. Buruz burukoko kartzelan, adibidez.

Erosoago sentitzen naiz umoretik kantatzen seriotik baino. Gaia entzun nuenean pentsatu nuen seguruenik Manexek emakume paperetik kantatuko zuela eta, berdina egin beharrean, aurreko ofizioa gogora ekarrita loturaren bat egin zitekeela pentsatu nuen eta momentu polita izan zen.

Lehenengo partean ere, bakarka gaia jarri zizutenean –arraro begiratzen zaituzte, ez da arropa, sexua da– ezusteko bidea hartu zenuen, adineko emakume bat deskribatuz. Ez nuen ongi ulertu gaia.

Niri ere konplikatua iruditu zitzaidan gaia entzun nuenean. Baina lehenengo bertsoan pertsonaia bat sortzen saiatu nintzen eta bigarrenean ezaugarriak ematen. Gustura geratu nintzen, batez ere bakarkako lanarekin.

Seiko motzean ere gozatu nuen Manex eta biok entzuten, umore beltzez.

Puntu laburrak eta luzeak konbinatzea oso ariketa exijentea da. Urtean ez dugu apenas kantatzen neurri horretan. Azken bertsoan errima bat joan zitzaidan, baina gustura geratu nintzen.

 

Hamarreko txikian
Ariketaren bat azpimarratzekotan hamarreko txikia esango nuke. Oso momentu berezia izan zen jendeari txispa hori ateratzeko. Hor lortu genuen publikoarekin konplizitatea


Arreta eman zidan beste gauza bat izan zen puntu-erantzunetan zein ongi ibili zineten oro har; hori ere ez baita ariketa erraza.

Pertsonalki puntu-erantzunekin ez nintzen oso gustura geratu, baina nahiz eta ez borobildu disimuluz nahiko eroso antzera kantatu nuela esan zidaten eta horrekin geratzen naiz. Ariketaren bat azpimarratzekotan hamarreko txikia esango nuke. Oso momentu berezia izan zen jendeari txispa hori ateratzeko. Hor sortu zen giro hori oso inportantea izan zen. Guk gozatzea ondo dago, baina Araban hainbeste jende batuta ederra da publikoak ere gozatzea eta puntu horretan lortu genuen konplizitatea edo konexioa entzuleekin. Oihanerekin txakur baten gorabeherak kantatu nituen.

Ia kapatu zintuen...

Umoretik jo genuen hamarreko txikiko hiru ofizioetan eta hirurak ondo atera ziren.

Buruz burukoan, ‘Iparragirre abila dela’ doinuan, suelto ibili zineten...

[Barre egin du]. Hori bai komentatu genuen Manexek eta biok, ofizio hori nahiko katastrofikoa izan zela. Hiru txerritxoen inguruan kantatu izan bagenu igual, baina Mari Errauskin eta printzearen inguruan informazioa falta zitzaigun: zer gertatzen da ipuin horretan? Alderik alde ibili ginen, nahiko deseroso.

Serapio Lopezek jantzi zizun txapela. Zer harreman duzu berarekin?

Harreman ona. Arabako bertsolaritzaren hastapenetatik hor ibili da, lan asko egin du, transmisio handia. Finalean ikusi zen ez daukala inongo lotsarik, protokolo guztiak puskatzen ditu... artista bat da. Irakasle ez dut izan sekula, ez dut berarekin estuegi edo gehiegi egoteko aukerarik izan, baina badakit jende askok miresten duela eta egin duen lana beti eskertuko dut.

 

Arabako bertsogintza

Beti sentitu dut oso nire Arabako bertsolaritza, iruditzen zait behetik gora doala; gazteak oso indartsu datoz. Guk ere merezi dugu mimo edo atentzio pixka bat

Azken agurra ere aipatu nahi dut, Arabari, zazpigarren alaba ahaztuari, eskainia.

Aurten zortea izan dut, lanean Arabako txoko asko zeharkatu ditut bertsolaritza ematen irakasle bezala. Errealitate ezberdinak ezagutu ditut. Pertsona bati abestu beharrean iruditu zitzaidan polita izan zitekeela talde zabalago bati abestea. Beti sentitu dut oso nire, oso berezi Arabako bertsolaritza. Iruditzen zait behetik gora doan bertsolaritza dela; gazteak oso indartsu ikusten ditut. Agian beste garai batzuetan konplexu gehiagorekin aritu gara, baina orain momentua iritsi da edozeinekin eta edozein momentutan bertsotan egin dezakeguna. Aldarrikapena hortik joan zen. Ahaztuta edo beste batzuen mailatik pixka bat urruti izan gaituzte eta uste dut guk ere merezi dugula mimo eta atentzio pixka bat.

Euskararen bilakaerarekin ere parekatu daiteke, aurrera egiten ari baita.

Horren atzetik lan handia dago, jendeak mimoz zaintzen duen zerbait da, bere hautua egiten du. Aramaion ez da horren zaila, gune euskaldun batean bizi zara eta hori tokatu zaizu. Baina beste leku batzuetan jendeak esfortzu eta sakrifizio handia egin du daukagun egoerari buelta emateko.

Nola hasi zinen bertsotan eta zein momentutan zaude?

Oihane eta Iñaki etorri ziren gure ikastetxera. 5. maila inguru horretan hasi nintzen. Bertso eskolara joan nintzen eta Xabi eta Manex izan nituen irakasle. Orduan imajinatu dezakezu zer eroso abestu nuen atzo. Nahiko modu berezian bizi da bertsolaritza Araban. Ez gara hainbeste kopuruz eta oso harreman estua egiten dugu kantukideekin, eta ni behintzat asko lasaitu eta erakartzen nau horrek. Zer puntutan nagoen bertsotan? Agian hemendik aste batera erantzun dezaket. Orain momentuan oso goian. Asko entrenatu gara txapelketa honetarako, eta esango nuke lanaren emaitza dela.

Nola ikusi zenuen saioa?

Saioa entzuteko atsegina eta ona izan zela esango nuke. Gero bakoitzak bere exijentziak ditu eta ziurrenik denok ez genuen berdin gozatuko. Pena da, helburu nagusia baita hainbeste sufritu ostean horra iristeko finala bera gozatzea. Nik gozatu nuen pila bat.

Arin joan zen.

Niri ere hegan pasa zitzaidan.

Euskal Herrikoan kantatzeko aukera ere lortu duzu Manex Agirrerekin batera. Nola hartu duzu?

Ez dut gehiegi pentsatu horretan. Jarraitu beharko dugu prestatzen. Berezia izango da, seguru. Nerbio batzuk pasatzea tokatuko zaidala pentsatzen dut, oholtza konpartitzea maila handiko jendearekin, eta saiatuko naiz gozatzen.

Nafarroan, Bizkaian, Gipuzkoan, Araban... denetan zaudete orain txapeldun gazteak.

​Niretzat oso albiste pozgarria da hori. Oso konektatuta gaude elkarren artean; zorion pila bat jaso ditut Euskal Herri osoko bertsolarien partetik. Oso eskertuta nago eta pentsatzen dut gazteok bagabiltzala bultzatzen, gure lekua eskatzen ere bai, eta belaunaldien arteko errelebo hori osasuntsua da beti. Horrela izan behar du.

Oihane Pereak agur esan zion txapelketari.

Nik zirikatuko dut apur bat. Uste dut Arabako bertsolaritzak momentu honetan ezin duela permititu Oihane galtzea. Bere erabakia errespetatuko dugu, baina oraindik gerra asko emateko dago.