SPONSORED CONTENT

Donostiak asko du ospatzeko, baita Debak, Goizuetak, Burlatak, Agoitzek eta Tafallak ere

Gasteizen ondoren, Donostiak hartuko du asteburu honetan jaietako erreleboa. Zortzi egun luzez, Gipuzkoako hiriburua ospakizunez beteko da, neurri handi batean piraten ekarpenari esker. Deba ere prest dago jaien erreleboa hartzeko; eta Nafarroan, Goizueta, Burlata, Agoitz eta Tafalla.

Aurtengo kanoikada Union Artesana elkarteak botako du. Irudian, orain arte izandako azken kanoikada, 2019koa.
Aurtengo kanoikada Union Artesana elkarteak botako du. Irudian, orain arte izandako azken kanoikada, 2019koa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostian, urtero bezala, larunbata arratsaldean lehertuko da festa (abuztuak 13an). Udal jai batzordeak prestaturiko egitarauan, arratsaldeko zazpiretan piztuko dute kanoikada, aurtengoan Union Artesanako kideen eskutik. Elkarte gastronomikoak orain dela bi urte piztu behar zuen kanoikada, 150 urte bete zituelako 2020an, baina pandemiaren erruz, 2022ra arte itxaron behar izan du.

Aste Nagusiaren egitarauak 400 ekitaldi inguru biltzen ditu hirian zehar banatutako 30 bat jai-gunetan. Aurten, gainera, Aieteko Jauregiko lorategia, Loiolako Erriberak edo Urumea ibaia gehituko zaizkie jai-gune tradizionalei.

Aurtengo berrikuntzen artean, 100 metroko luzera izango duen uretako txirrista bat jarriko da abuztuaren 15ean eta 16an Zurriolako terrazan. Urumea ibaian ere kanoa ibilbideak antolatu dituzte, ibai-bazterrak garbitzeko aprobetxatzeko.

Ohikoa den bezala, lehiaketa gastronomikoak ere ez dira faltako, hala nola marmitakoa, paella edo legatza. Horrez gain, arkume menestra lehiaketa eta familientzako gastronomia lehiaketa ere egingo dira.

Musika arloari dagokionez, Saguesko agertokian Izaro, La M.O.D.A., Zetak, Ana Guerra edo Gatibu bezalako taldeek hartuko dute parte, eta Su Artifizialen Nazioarteko Txapelketan Euskal Herriko zein atzerriko etxeek hartuko dute parte 57. edizio honetan.

Eta larunbatean bertan, Igeldoko Harria txapelketaz gain, emakume harrijasotzaileentzako Uliako Harria txapelketa antolatu dute. Dagoeneko, emakumeen izen-ematea gizonezkoena baino handiagoa da.

Piraten egitaraua
Piratek ere egitarau zabala prestatu dute mugimenduaren 20, urteurrena ospatzeko eta beste Donostia batean sinesten dutela aldarrikatzeko. Txupinazoa larunbata arratsaldean izango da, beti bezala, portuko Flamenka gunean, eta aurten Bilgune Feministako Donostiako kideek botako dute.

Egitarauari dagokionez, askotariko ekintzak izango dira Flamenkan, Trini plazan zein beste zenbait txokotan: Muxikoak, bertso saioak, kalejirak, elektrotxaranga, jolasak, herri bazkariak, playback lehiaketa, bizifesta, kantujira...



Eta, nola ez, abuztuaren 15ean, baltsak hartuta, abordatzea egingo dute. Haurrek ere izango dute aukera partxea jantzi eta pirata sentitzeko, haientzat propio antolaturiko egitaraua izango baitute ostegunean. 



Flamenka eta Trini guneetako gauak musikak girotuko ditu, honako taldeekin: Broken Brothers Brass Band, Alargun Beltzak, Zea Mays, Skakeitan, 3Gabe2, Niña Coyote eta Chico Tornado, La Furia, Merina Gris edo Dupla, beste batzuren artean.

Donostiako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Autoeskola Antiguo, Bikabi artekaritza, Casa Urola jatetxea, DecoGros dekorazioa, Enbata jantzi&dekorazioa, Ganbara jatetxea, Gorriti taberna, Iparra janariak, Lasala 3 abokatuak, Talleres Danena, Trikuharri jatetxea, Sarasti edariak, Urruti Sport denda

Debako herritarrek prest dituzte zapi gorriak igandean berriro ere lepoan jartzeko. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Debako jaiak
Deban ere herriko jaiak hasiko dituzte asteburu honetan, kasu honetan igandean (abuztuak 14). Bi urteko etenaldiaren ondoren, San Rokeri zapi gorria jarriz eta txapleroa botaz hasiko dira.

Aurten, herriko hainbat ekimenetan «gatza eta piperra» jartzen aritu den Txaro Garatek botako du jai hasierako txupinazoa, Gure-Kai dantza taldeko kideekin eta haurren eguna antolatzen dutenekin batera. Igandean arratsaldeko 18retan izango da hori.

Une horretatik aurrera, eta datorren osteguna bitartean, jai egitarauak denetarik izango du: musika, dantza, kontzertuak, zezenak, jolasak, herri kirolak, artisautza azoka, eta abar luze bat. Astelehenean (abuztuak 15) haurren eguna ospatuko da, asteartean (abuztuak 16) San Roke eguna, eta asteazkenean (abuztuak 17), marinel eguna.

Aurten ere San Roke bereziak izango dira Ozio Bide Elkarteko kideentzat, 75. urteurrena ospatzen baitute. Beren danborrada igandean eta ostegunean aterako da.

Musika egitaraua, larunbatean bertan zabalduko da (abuztuak 13) Debrass Band eta Skabidean taldeen kontzertuekin. Hurrengo egunetan parte hartuko duten taldeak hauexek dira: Urrats, Mugi Panderoa, Lukiek eta Saia Goait, Goxua'n Salsa, Trikizio, Zopilotes Txirriaos eta Kaleko Urdangak.

Debako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Aittola harategia, Calbeton jatetxea.

Bi urteko isilaldiaren ondoren, txarangen doinuak Goizuetako kaleetara iritsiko dira.

Nafarroa ere jaietan

Nafarroako hainbat herrik ere azken bi urteotan ospatu ez dituzten jaiak berreskuratuko dituzte. Hauen artean dago Goizueta, aurten gainera egun bat gehiagorekin, jaiak egun bat lehenago hasiko baitira, larunbata honetan hain zuzen (abuztuak 13), eta datorren ostegunera arte luzatuko baitira.

Herriko eragile eta tabernariekin elkarlanean antolatutako egitaraua, beraz, larunbata honetako gazte egunarekin abiatuko da, eta txupinazo ofiziala igande eguerdian botako dute. Astelehenean zezenak eta bertsolariak izango dira arratsaldez; asteartean, Nafarroako eta Gipuzkoako sagardogile onenen arteko sagardo probaketa eta herri kirolen pentatloia; asteazkenean nesken arteko piltoa partiduak, mus txapelketa eta hip hop gaua; eta osteguna Umore Ona peñari eskainitako eguna izango da.

Musika arloari dagokionez, hauek dira aurtengo jaietan parte hartuko duten taldeak: Zuttik elektrotxaranga, Gabezin, Laiotz, Igandea txaranga, DJ Mikeltxi, Iratzar, Txamukos edo DJ Bull, besteak beste.

Goizuetako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Amaia okindegia, Oxeguarda Jatetxea, Zubidenda, Lizarraga Harategia.

Burlatan Jasokundeko Ama Birjinaren jaiak ospatuko dituzte igandetik aurrera. Sei egunez berriz ere zuriz eta gorriz janzteko eta zapia lepoan lotzeko aukera izango dute, 108 ordutan jarduera ugariz gozatzeko: karrikadantza, zezensuzkoak, bigantxak, erraldoi eta buruhaundiak, su artifizialak, dantzaldiak...

Jaiak datorren larunbatera arte (aburtuak 20) luzatuko direnez, asteazkenean atseden eguna egingo dute eta ostegunean Kaldereteen herri-bazkaria ospatuko dute Intxaustia parkean. Aurtengo lehortea dela eta, Udalak galerazi egin du kaldereteak prestatzeko sua piztea, eta etxetik janaria prestatuta eramateko gomendioa egin du. Haurren eguna ostiralean izango da.

Burlatako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Axular Kultur Elkartea, Clinica Dental Lekuona, Vulcanizados Felix, MR peluqueros.

Agoitzen, bestalde, txupinazoa larunbatean botako dute eta aurten eginkizun horretaz arduratuko direnak –Angel Martin Unzue alkateaz gain– Aspaceko eta Goiburu komertzioko ordezkariak izango dira, lehenengoak 50 urte bete dituelako eta bigarrenak, 200 urte.

Aurtengo egitarauak aurreko urteetako ildo berbera mantenduko du, baina hainbat berritasun izango ditu. Hauen artean, herri kirol saioaren berreskuratzea aipatu daiteke (astearte eguerdian) edo Txantreako konpartsaren parte-hartzea asteleheneko erraldoien irteeran.

Agoizko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Agoizko Udala, Fermin Aseguruak.

Tafallan, azkenik, igandean hasiko dira jaiak, Garces de los Fayos ikastolako ordezkariek eguerdian botako duten txupinazoarekin. Aurtengo berritasunen artean, aipatzekoa da entzierrilloaren eta entzierroaren ordutegien aldaketa, goizeko zortzietan eta bederatzietan izango baitira, hurrenez hurren.

Beste berrikuntza bat da 11 eta 13 urte bitarteko gazteentzat jarduerak antolatu direla afaldu ondoren, tarte horretan plazara irten eta zer egin ez dakitela egoten baitira. Horrela, hainbat kontzertu eta ekitaldi izango dira Apezetxeko Larrainan prestatuko den gazte-gunean.

Tafallako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Tafallako Udala, Seguros Mikel Senosiain.