NAIZ

Arroyo: «LAB zenbat eta sendoagoa izan, orduan eta indartsuagoa euskal langile klasea»

Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak hauteskunde sindikalen «berezitasuna eta magia» azpimarratu du, eta Euskal Sindikalismo Berriaren parte izateko gonbita egin die langileei «zenbat eta sendoagoa izan LAB, orduan eta indartsuagoa izango baita euskal langile klasea».

Igor Arroyo BIlbon egindako ekitaldian.
Igor Arroyo BIlbon egindako ekitaldian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra den Igor Arroyo Bilbon izan da asteazken honetan Bizkaiko ordezkariekin egindako ekitaldi batean. Bertan gogoetak eta erronkak partekatu dituzte hauteskunde sindikalen epe trinkoari hasiera emateko.

Arroyok hauteskunde hauen «berezitasuna eta magia» azpimarratu nahi izan, eta Euskal Sindikalismo Berriaren parte izateko gonbita egin die langileei «zenbat eta sendoagoa izan LAB, orduan eta indartsuagoa izango baita euskal langile klasea».

«Zabaltzen ari gara, indartzen. Eta gehiago indartzera goaz, hauteskundeotan Hego Euskal Herrian bigarren sindikatua izatetik gertuago egongo gara. CCOOrekin distantziak areagotzera goaz eta ELArekiko aldea murriztera», adierazi du.

UGT eta CCOOri Estatu espainiarrean ezarrita dagoen eredu politiko eta sozioekonomikoaren partaide izatea kritikatu die, eta zorrotz aritu da ELAren eredu sindikalari buruz «erakundearen interesak klase interesen aurretik jartzeaz gain, elkarlan sindikalaren gainetik, gehien konfrontazten duen sindikatua denaren irudia emateko aldebakarreko erabakiak hartzen dituelako eta grebak deitzen, greba eraginkorrak egiten baina indar gehiago jartzen duelako».

Eredu horien aldean «alternatiba sendoa» aurkeztu du, LABek ordezkatzen duen «euskal sindikalismo berriarena, hain zuzen ere, klase interesak lehenesten dituena, langile guztienak orohar, eta sektorerik diskriminatu eta prekarioenenak, bereziki; burujabetza praktikara daramana; grebak deitu bakarrik ez, egin egiten dituena; ekintza sindikal eraginkorra duena, egiteko beste modu bat».

Borrokaren «emaitzak»

Eta egiteko modu horrek «emaitzak» ematen dituela nabarmendu du. Azaldu duenez, LABek 168 langile borroketan parte hartu du azken lanurtean eta «uztailetik hona zortzi herrialdeko hitzarmen desblokeatzea lortu du, azkena Arabako metalgintzakoa, borroka historiko baten emaitza historikoa».

Sindikatu abertzaleak gaineratu duenez, «berriagoak eta zehatzagoak dira aste honetan bertan irabazitako borrokak, esaterako, Berriak Supermerkatuetako kaleratzeak atzera botatzea lortu denean edota Arrasateko lorezainen kasuan, 80 eguneko grebaren ostean hitzarmen duina itxi dutenean».

«Aldaketa sozialerako bidea, trantsizio ekosozialista eta feminista abiarazteko proposamena definitua du LABek (Programa Sozioekonomikoa) eta aldaketaren protagonista izateko aukera eskaini nahi die langileei. Eta eskaintzaz gain konpromisoa, lantokiz lantoki, egunero, euskal langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko lanean jarraitzeko», nabarmendu du.