NAIZ

70 langile kaleratzeko plana bertan behera utzi du Superberriak BM taldeko kateak

Langileek abiatutako protesten ondoren Superberriak supermerkatu kateak 70 lagun kaleratzeko plana bertan behera utzi du momentuz. LAB eta CCOO sindikatuek bultzatu dituzte mobilizazioak erabaki horren aurka.

SuperBerriak-eko langileek erabakia ospatu dute.
SuperBerriak-eko langileek erabakia ospatu dute. (LAB)

BM taldearen barruan diren Superberriak izeneko supermerkatuetako 70 langileak ez dituzte kaleratuko, momentuz behintzat, asteazken honetan sindikatuek jakitera emandakoaren arabera.

Amurrio, Laudio, Ugao, Barakaldo eta Bilboko Alde Zaharrean erabaki hori hartua zela zabaldu zuen enpresak irailaren 6an.

Laster eman zuten aurrerapausoa langileek, beren lanpostuen defentsan. LAB eta CCOO dira Superberriak-en ordezkatuta diren sindikatuak, eta horien eskutik lehen greba egun bat eraman zuten aurrera aurreko astean, erabateko jarraipenarekin. Elkarretaratzea egin zuen Bilboko Alde Zaharrean.

Erantzun honen ostean asteartean bilera egin dute enpresak eta langileen ordezkariek, eta horretan jakinarazi du Superberriak kateak erabakia bertan behera uzten duela, negoziazio prozesua abiatzeko.

 

Sindikatu hauen ustez, BM Shop-en menpe diren supermerkatu hauek «ondo funtzionatzen dute eta horen seinale da enpresaren erabakiak langilegoarengan, bezeroengan eta auzokideengan eragin duen ustekabea».

LAB: «Ez da hemen amaitzen»

LAB sindikatuak, ohar baten bidez, langileen borroka txalotu du. «Gauza bat argi daukagu: Enpresak EEEa atzera bota badu, gure borroka eta greba mugagabeari beldur diolako izan da».

Hala ere, «lehen helburu hau» lortuta, lana ez dela amaitzen nabarmendu dute. «Enpresaren aktibitatea eta gure lanpostuak mantentzeko konponbideak aztertzeko unea da eta horretarako SuperBerriak zein BM enpresekin harremanetan mantenduko gara».

SuperBerriak enpresak lau BM Shop frankizia ditu, Ugaon, Laudion, Amurrion eta Bilbon. «Lauek ondo funtzionatzen dute eta horren erakusgarri da erabakiak langile, bezero zein auzokideen artean sortu zuen harridura», adierazi du sindikatuak. Hori dela-eta, erantzunkizunez jokatzeko eskatu diote enpresari: «LABek eta CCOOek argi dugu SuperBerriak-ek ardura bat daukala bere langileekiko, eta beraz, jarduera utzi nahi baldin badu, dendentzako eroslea bilatu beharko duela, lanpostu eta langileekiko erantzukizunez jokatuz».