Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Haurrekin ‘amazonizatzeko’ edo ‘iratizatzeko’ bidaia eder bat

Amazonia da munduko birika, Irati Euskal Herrikoa. Gure basotxoa ere badugu etxe ondoan. Hortik hasi behar dugu usaintzen, entzuten, ikusten, bat sentitzen, zaintzen. Balio horiek zabaldu nahi ditu, alaitasunez, Katxiporretak elkarlanean egindako proiektuak, ‘Ez gara jaitsiko!’ aldarrikatzaileak.

‘Ez gara jaitsiko’ egitasmo berria aurkeztu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek.
‘Ez gara jaitsiko’ egitasmo berria aurkeztu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. (Maialen ANDRES | FOKU)

Ipuinaren hasieran, Iratiko basoan kokatzen dira Marimotots, Pirritx eta Porrotx. «Ez dugu esaten Irati dela, baina bada guretzat», azaldu zion NAIZi Leire Bilbao idazleak. «Marimo zuhaitzera igotzen da, helduek egiten ez dugun gisan. Haurrek begirada garbiago bat dute, mundua deskubritzeko eta, zergatik ez, aldatzeko indarra dute. Zuhaitz batetik bestera doa, Lurrari buelta bat emanez. Konturatzen gara konektatuta gaudela; mugikorrekin, tabletekin eta notiziekin, bai, baina ez dezagun ahaztu horren aurretik mundua konektatuta dagoela naturaren aldetik».

Zuhaitzera igotzeak badu aldarrikapen mezu bat: «Har dezagun timoia, eta egin dezagun sinesten duguna eta denontzat onena dena». Horrekin lotuta dago egitasmoaren izenburua: ‘Ez gara jaitsiko!’. Ipuinaz gain, diskoa eta material pedagogikoa dakartza. Eta datorren ikasturtean, 2023-24an, ikuskizun forma hartuko du. Baina ez gaitezen hainbertze aitzineratu.

Hobe abiapuntutik hastea. Alboan gobernuz kanpoko erakundeak euskal herritarrak mugiarazi nahi ditu Amazoniako herriaren alde eta klima larrialdiaren aurka. Badu kanpaina bat, ‘Amazonia Gara’. Horren barruan, hango eta hemengo emakumeen arteko elkarrizketak ari dira sustatzen. «Beharrezkoa ikusten genuen haur txikienei ere gerturatzea, ikusteko Amazonia garela modu askotan. Hala jo genuen pailazoengana. Baina gure ideia ez zen hain biribila», adierazi zigun Libe Narbarte Alboaneko kideak.

«Amazonia Gara Euskal Herriko gizarteari begira dago, eta atzean dago Amazonia berarekin dugun harremana. Zortzi estatu dira, 240 hizkuntza, 300dik gora herri, 33 milioi pertsona. Kontzeptu baten barruan gauza asko sartzen ari gara, eta ez dugu sinplifikatu nahi. Gure ikuspegia bizitza erdian jartzea da. Gu ‘amazonizatzea’ edo ‘iratizatzea’, guk ere badugulako hemen gure Amazonia. Katxiporretakoek mezu hori modu oso-oso ederrean ematea lortu dute».

Irrimarrako Irene Iruretak eta Karmele Gorroñok egin dituzte ilustrazioak. «Bilera bat egin genuen Alboanekoekin eta pailazoekin, kontestua azaltzeko. Eta gu ere Amazoniako animaliak, zuhaitzak eta landareak bilatzen hasi ginen, bertan sartzeko. Ez genekien izurde arrosak existitzen zirenik, eta bai!», adierazi zigun Gorroñok.

Irudien bidez bidaia bat egiten dute. «Hemen hasten gara, katagorriarekin, eta pixkanaka beste paisaia batzuetara goaz. Zuhaitz eta ibaien bidez mundu osoa konektatuta dagoela, hori azpimarratu nahi izan dugu. Hasiera eta bukaera irudi bera dira baina alderantzizko noranzkoan».

Bidaia horretan, animalia ezberdinak topatzen goaz; bat-batean ume bat agertzen da eta herri batera eramaten gaitu. «Ez da esaten Amazonia dela, baina hangoek naturarekin duten errespetuzko harremana agertzen da; ez da ekofeminismoa esaten, baina antropozentrismoa kritikatzen da: pertsonak ez gara zentroa, natura gara», nabarmendu zuen Narbartek.

Material pedagogikoa

Joxe Mari Agirretxe adi-adi ari zen hezitzailea entzuten, esponja bat bezala erraten zuena xurgatzen. Alboanek prestatu duen material pedagogikoa irakurtzean hunkitu egin da sudurgorria. «Proposamen oso goxoa da. Haurra da ardatza. Elkarrekin egitekoa da, ederra, eta proiektuari beste dimentsio bat ematen dio».

Ipuinak QR kode bat dauka material horretara sartzeko. Familian zein eskolan istorioa umeekin batera irakurtzeko eta lantzeko oinarri bat da, denen artean osatzen joateko. Helbide bat dago, nahi duenak ekarpenak egiteko. Gainera, inguruko irakasle eta familiak deituko dituzte, ez direlako bakarrik umeengana iristen, familiengana baizik. Alboanek egindako fitxetan haurren galderak dira garrantzitsuena; hortik joaten da elkarrizketa eraikitzen, beti bezala, eurek erakutsiko dutelako gehien.

Liburuak umeen duintasunari erantzuten dio, Narbarteren hitzetan.

Honako hausnarketa egin zuen Porrotxek: «Amazonia da munduko birika; eta guk Euskal Herrian badugu gure birika: Irati. Bertan badago euskara ere: Piriniotako mendialde horretan desagertu zen eta berreskuratzen ari dira».

«Gertutik hasten bagara naturaren parte izaten eta hori zaintzen, Amazoniari ere lagunduko diogu», erantsi zuen Alboanekoak. «Natura kaltetzen dugunean batzuek oso zuzen pairatzen dute, eta Amazoniako kasuan hala da». «Elkarlana da hau», nabarmendu zuen Bilbaok, «hori dauka ederra, beti gusturago, pozago aritzen gara». Agertu zuenez, album ilustratuetan zailena gutxirekin ahalik eta gehien transmititzea da. Ongi pentsatu behar da hasiera, korapiloa, amaiera, zer iradoki. Zirriborroa orriak eta orriak izaten dira, gero 4.000 karakteretan sartzeko.

«Poz bikoitza» hartu du Leire Bilbaok Euskadi Literatura saria jasota, azken urteetan haur literaturan konplize eta bidelagun izan duen Maite Mutuberria ere saritu dutelako. «Musua» eta «Bizi dantza» egin zituzten sudurgorriekin. 

Lehenik ipuina idatzi zuen, ondotik abestiak. «Xabi Zabalarekin bi disko eginak nituen, eta hartu dut konplizitatea; berak doinua bidali eta ni atzetik joaten naiz normalean. Halaxe izan da ‘Amazonia’-n, baina batzuetan alderantziz izaten da: letra xume bat hartu eta berak gainean musika jarri, ‘Ez gara jaitsiko’-n egin bezala».

Zabala Amazoniako musikan oinarritu da: gitarra, perkusioa, flautak. «Asko gustatzen zait, garai batean asko entzuten nuen, eta oso gustura aritu naiz diskoa egiten», aitortu du. «Musika hizkuntza gisa hartu dut beti. Berehala ulertzen dugu, eta gure imajinazioak bere lana egiten du». ‘Amazonia’ abestia da horren adibidea.

25 diskotik gora

Aldarri bat egin zuen musikariak: «Umeen musikaz aritzen gara inportantzirik ez balu bezala, eta justu alderantziz da, oso inportantea da eta musika zaindu behar dugu orkestra sinfoniko batekin bezala».

‘Lurra’ izan da egin duen bigarren abestia, Xabier Amurizaren letrak eta Mixel Ducauren musika dituen kantaren bertsio bat. Izugarri maite izan du beti, eta pailazoen mundura ekarrita erritmo gehiago eman dio.

Sortu duen hirugarren kanta, ‘Ez gara jaitsiko!’, «kexa bat da, baina festa batean. Estrofa ilun samarra da. Estribilloan argitzen da, eta teknoa hasten da». Hiru kantu horiei urteotan naturari buruz sortu dituztenak gehituz osatu dute diskoa. Lanarekin gustura gelditu da Xabi Zabala, baina hainbertze aditu eta landu du, ez baita objektiboa, eta denbora pixka bat behar du bertze belarri batzuekin entzuteko.

«Oso politak» dira beretzat pailazoekin egindako lanak. 2000. urtean hasi zen eta 25 disko baino gehiago egin dituzte. «Harreman oso ona dugu, eta erraz eta gustura lan egiten dugu», kontatu du.

«– Marimo, zatoz behera!

– Ezetz! Ez naizela jaitsiko!».