Jon Ormazabal

Ezkurdia eta Elezkanoren arteko partida Tafallara mugitu dute Peñaren lesioaren ostean

Tolosarraren erabakiak aldaketak eragin ditu karteldegian eta larunbatean Labriten Promozio mailako Bakaikoa eta Alberdiren artekoa izango da jokatuko den txapelketako partida bakarra

Hil edo biziko partida izango da Tafallakoa Elezkanorentzat eta bait Ezkurdirentzat ere.
Hil edo biziko partida izango da Tafallakoa Elezkanorentzat eta bait Ezkurdirentzat ere. (Jagoba MANTEROLA /FOKU)

Astelehenean azken orduan Peñak aurtengo Lau eta Erdikoan jarraitzerik izango ez zuela konfirmatu ostean, EPEL-eko enpresak txapelketaren bigarren jardunaldirako osatuta zuten karteldegia aldatzera behartuta sentitu dira, hein handi batean ETBrekin dituzten konpromisoei erantzun ahal izateko. Ostiral gauean Tafallan zen jokatzekoa Peña eta Darioren arteko lehia bertan behera geratu ostean, Joseba Ezkurdiak eta Danel Elezkanok Iruñean larunbatean jokatu behar zutena egun bat aurreratu eta hau izango da Ereta pilotalekuan jokatzekoa den jaialdiko estelarra. Jaialdia gaueko 9etan hasiko da eta txapelketakoa bigarren partida izango da.

Azken orduko aldaketa honek berarekin ekarri ditu azken orduko beste zenbait mugimendu ere. Esaterako, larunbat arratsaldez Labriten jokatuko den jaialdian ez da lehen mailako txapelketako partidarik izango eta bertan Promozio mailako ligaxkako azken jardunaldiko partida bat jokatuko dute Bakaikoak eta Alberdik. Partida erabakigarria izango da hau, izan ere, hemen ere Zabala errioxarrak uko egin behar izan dio txapelketan jarraitzeari eskuko arazoengatik eta hiruko ligaxka batek erabakiko ditu finalerdietarako bi postuak. Momentuz, Bakaikoak eta Expositok puntu bana dute atzo etxarriarrak Tolosan astigartarra 22-7 garaitu ostean.

Era berean, gaurko Iruñean eta Tafallan iragarriak zeuden material aukeraketak ere bertan behera geratu dira eta Ezkurdiak eta Elezkanok bihar arratsaldez aukeratuko dituzte ostiral gauerako partidetako pilotak.