NAIZ

Arabako Metalgintzako Hitzarmena sinatu dute CCOO, LAB eta UGT sindikatuek

CCOO, LAB eta UGT sindikatuek irailean sinatutako aurreakordioa izenpetu dute astelehen honetan SEArekin. Sindikatu abertzaleak iragarri duenez, hurrengo asteetan argitaratuko da Metalgintzako Hitzarmena Arabako Aldizkari Ofizialean.

Arabako Metalgintza sektorearen manifestazioa, ekainaren 30erako deitutako greba egunean, Gasteizen.
Arabako Metalgintza sektorearen manifestazioa, ekainaren 30erako deitutako greba egunean, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Astelehen honetan CCOO, LAB eta UGT sindikatuek irailean sinatutako aurreakordioa erdietsi dute SEArekin. Orain, Lan Ordezkaritzaren eskuetan dago, eta hurrengo asteetan argitaratuko da Metalgintzako Hitzarmena Arabako Aldizkari Ofizialean.

«Gogorarazi nahi dugu hitzarmenaren argitaratze momentuan dagoeneko sektorean ez dauden baina 2022an zehar Arabako Metalgintzan lan egin duten langileei ere egokitu ahal zaiela bertan jasotakoa», adierazi du LABek ohar batean.

«LABetik akordioan lortutakoaz berresten gara, sektorearen mobilizazioari esker lortu den akordio historikoa. Orain, enpresaz enpresa berau lantzeko hautua egiten dugu, eta erronka horretan bidelagunak izateko gure prestutasun osoa eta zintzoa zabaltzen diogu sektoreari. Itxurakeria eta korporatibismoen gainetik, zuekin bagara!», azpimarratu dute.

Akordioak 20.445 euroan ezarriko du sektoreko gutxieneko soldata, orain arte 17.480 eurokoa izan delarik. %2ko eguneraketa jasotzen du 2021eko abenduaren 31 datarekin, 18.000 euroren azpitik zeuden soldatentzat; %6,5ekoa 2022ko urtarrilaren 1eko datarekin; %3koa 2023rako; %2,5ekoa 2024rako eta %2koa 2025erako. Gainera, KPIaren igoerak ehuneko ehunean bermatuko dituen klausula aplikatuko da.

Sindikatuak kalera atera ziren udan eta udaberrian negoziazioa aldarrikatzeko, greba egunak burutuz. ELA sindikatuak ez zuen sinatu akordioa, «hobekuntza eskasak gutxiengo bati bakarrik» aplikatuko zaizkiola argudiatuz.

SEA patronalaren iritzia

SEA Arabako patronalak gogoratu duenez, adosturiko soldata igoerek soilik sinaturiko hitzarmenaren tauletan izango dute eragina. Ez zaizkie, berez, kopuru horren gainetik dauden soldatei aplikatuko, sektorean gehienak direnak.

«Soilik ELA geratu da akordio historiko honetatik kanpo», nabarmendu du SEAk. Patronalaren arabera, «ziurgabetasun handiko aro ekonomikoa berme gehiagorekin gainditzea» ekarriko du hitzarmenak.

Honekin batera, SEAk sinaturiko akordioa «sektoreko enpresek euren langileengan duten konpromisoaren isla» dela nabarmendu du. Horrela, «enpresaren bideragarritasuna kolokan jartzen duten» oinarrizko lehengaien eta energiaren prezioen igoerarekin eman dela akordioa gaineratu du.

CCOO: «Erosteko ahalmena bermatu»

CCOOrentzat, berriz, hitzarmen honi esker langileek «erosteko ahalmena bermaturik» izango dute. Horretara heltzeko lau eguneko greba eta 2018tik hona izan dituzten bilera ugariak beharrezkoak izan direla gogoratu du.