Maitane Aldanondo

«Jatorri naturaleko bigarren larruazala», azpikoa zaintzeko

Ehungintza eta kosmetika batuz, pertsonen ongizatea xede duen oinarri teknologikoko negozio bat abiarazi dute lau gipuzkoarrek. Nanokapsulatuta printzipio aktiboak dituzten ehun-gaiak garatu dituzte eta Urdin Break izendatu dute, euren izaera berritzailea islatzeko.

Ongizatea handitzea helburu duten eta iraunkorrak diren sei produktu garatu dituzte.
Ongizatea handitzea helburu duten eta iraunkorrak diren sei produktu garatu dituzte. (URDINBREAK)

Ehungintza industriaren kutsadura handiagotu gabe, alor horretan lan egiteko gogoz elkartu ziren iaz Ordizia eta Donostiako lau lagun. Hiru ingeniariak dira eta bestea, Marian Irastorza, moda diseinatzailea. Lehen asmoa arropa konpostagarria egitea zen, erabili eta botatzekoa, baina zaila zela ondorioztatu zuten. Ama zaintzen ospitalean igarotako denboran, Irastorzak ohean luze egotearen ondorioz azalean zauriak eta ubeldurak agertzen direla jabetu zen eta azalarentzat onuragarria izan zitekeen zerbait egiteari bueltak ematen hasi ziren. Emaitza New Skin da, «jatorri naturaleko bigarren larruazala». Nanokapsulatuen teknologiari esker, ehunek printzipio aktiboak etengabe eta neurri berean zabal ditzakete azalean, osagaiak pixkana xurgatzeko, asimilazioa eta onurak optimizatuz.

Balio erantsi horretatik produktu iraunkorrak garatzea dute asmo, pertsonen ongizatea hobetuko dutenak. Ideia horrekin Goieki Goierriko Garapen Agentziara jo zuten. Dirulaguntza bat eman zieten eta iazko ekainean eratu zuten Urdin Break elkarte mugatua. Garapenei ekin zieten eta bidean akordio bat sinatu zuten Emissary Cosmetics-ekin nanokapsulatuetarako, eta martxoan probak egiten hasi ziren BioDonostiarekin elkarlanean.

Kapsulatuta zilar koloidaleko mikropartikulak sartu dituzte, orbaintzea hobetzen dutenak, zauriak eta erredurak sendatzea bizkortuz, eta, halaber, birusen eta bakterioen ugaritzea saihestuz. Azido hialuronikoa, kurkuma eta zeramidak ere nanokapsula ditzakete. Horiek larruazalaren hidratazioa azkartzen dute, leunago eginez, zimurrak eta orbanak desagerraraziz. Esprai batekin %100 naturalak diren materialekin osatutako ehunetan sartzen dituzte osagaiak eta horiekin ehun-gaiak garatu dituzte –barruko arropa, maskarak, bendak, izarak...– . Soinean jartzean, gutxika eta erreaktiboki askatzen ditu behar denean, alegia, ph-a aldatzean edo erantzun entzimatiko gisa.

Ez da ekiten duten lehen aldia. 50 urteren bueltan daude eta denek eduki dute negozioren bat. Orain, bestelako lan bat badute ere, helburua bada Urdin Breaken aritzea. «Luzea eta pisua da, 20 urterekin egiten ariko banintz, utzi egingo nuke lan egiteko, baina gure adinean lasai-lasai ari gara», aitortu du Irastorzak. Moda eta diseinuari lotuta egon da beti: amaren tailerrean hazi zen, Milanen ikasi zuen, nazioarteko enpresetan eta telebistan aritu da, denda bat izan du eta azkenaldian irakasle dabil. Ikasten jarraitzeko gogoak bultzatu zuen ekitera, eta espero baino zailagoa iruditu arren, «interesgarriagoa» ere badela dio. «BioDonostian aukera interesgarri asko ezagutu ditut eta asko dakien jendea. Oso aberasgarria da eta ikusi dut gauza asko daudela jendeari bizitza atseginago egiteko».

Lehen urtean buru-belarri aritu dira garapenean eta akordioak lantzen arlo teknikorako eta banaketarako. Merkaturatzeko prestatzen ari dira eta lehia zuzen murritza dute, halako produkturik ez baitago. Estatuan banaketan eta salmentan oinarrituko dira; kanpoan, berriz, ekoizpena eta salmenta lizentziatuko dute New Skin markapean, kanon eta salmenta sarreren ehuneko baten truke. Halaber, etorkizunean markentzako neurrira ekoiztu nahiko lukete, produktuak bezeroen zehaztapenei jarraituz diseinatuta.