Milaka gazte hartuko ditu Topaguneak asteburu osoan zehar.
Milaka gazte hartuko ditu Topaguneak asteburu osoan zehar. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Ane Alava Ernaiko bozeramaileak eta Kattalin Garaizabal elorrioarrak hartu dute hitza harrera ekitaldian.
Ane Alava Ernaiko bozeramaileak eta Kattalin Garaizabal elorrioarrak hartu dute hitza harrera ekitaldian. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Gaur hasi da Ernairen Gazte Topagunea.
Gaur hasi da Ernairen Gazte Topagunea. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Ilara luzeak izan dira tiketak eskuratzeko.
Ilara luzeak izan dira tiketak eskuratzeko. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Eguraldia lagun izan dute Elorriora gerturatu diren gazteek.
Eguraldia lagun izan dute Elorriora gerturatu diren gazteek. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Bi gazte Topaguneko eskuorriari begira.
Bi gazte Topaguneko eskuorriari begira. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Gazteak goiz-goizetik hasi dira Elorriora heltzen.
Gazteak goiz-goizetik hasi dira Elorriora heltzen. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Kanpalekuan ere badute tokia aldarrikapenek.
Kanpalekuan ere badute tokia aldarrikapenek. (Jon URBE | FOKU)
Badago kanpalekua musikaz alaitzera animatu denik ere.
Badago kanpalekua musikaz alaitzera animatu denik ere. (Jon URBE | FOKU)
Serigrafia tailerrean parte hartzeko aukera izan dute gazteek.
Serigrafia tailerrean parte hartzeko aukera izan dute gazteek. (Jon URBE | FOKU)
Gazte ugarik hartu dute parte serigrafia tailerrean.
Gazte ugarik hartu dute parte serigrafia tailerrean. (Jon URBE | FOKU)
‘Borroka feminista dena aldatzeko’ mahai-inguruan hitza hartu dute Oihana Etxebarriera, Naia Torrealdai, Maddi Isasi eta Kikitza Gil de San Vicentek.
‘Borroka feminista dena aldatzeko’ mahai-inguruan hitza hartu dute Oihana Etxebarriera, Naia Torrealdai, Maddi Isasi eta Kikitza Gil de San Vicentek. (Jon URBE | FOKU)
Jantokia ere atondu dute Topagunean.
Jantokia ere atondu dute Topagunean. (Jon URBE | FOKU)
Iraitz Mateo

Milaka gazteek eman diote hasiera Gazte Topaguneari

Ostegun honetan abiatu zen Ernairen Gazte Topagunea Elorrion, milaka gazte eguzkia lagun izan ziren bertan. Herria «gazte independentistez bete» zelako pozik agertu ziren herritarrak, eta gazteek oraina bizitzearen aldarriarekin egin zuten bat.

‘Bizitzeko modu bat’ da aurtengo Gazte Topagunearen lelo nagusia. Ostegun honetan abiatu zen Elorrion, eta praktikan jartzen hasi ziren. «Lau egunez utopia errealitate bihurtzeko prest gaudela erakutsiko dugu», esanez Ane Alava bozeramaileak abiatu zuen harrera ekitaldia eguerdiko 13.20ak aldera, atzerapen apur batekin, baina gogotsu.

Kanpalekua goizean goizetik betetzen hasi zen, eta harrera ekitaldirako ia denek prest zituzten kanpinak. Eguzkia eta giro ona lagun abiatu zen Topagunea, eta hori nabari zen Elorrioko kaleetan. Gune ezberdinetan bildu ziren gazteak, eta denetan izan ziren musika eta ilusioa.

Ane Alava Ernaiko bozeramailea eta Kattalin Garaizabal elorriarra igo ziren plazako oholtzara, hamar kidek lagundurik. Poza sumatzen zitzaien, eta hala esan zuten, «ikaragarri» pozgarria zitzaiela horrenbeste gazte borrokalari elkartu izana Elorrion. Nazioartetik joandako kideei ere ongi etorria eman zieten, eta lan asko egin dutela aitortu zuen Alavak. Bideak «merezi» duela adierazi zuen, eta datozen hiru egunak «bereziak» izango direla.

Garaizabalek iraganari keinu egin zion: «Indarra ematen du 21 urte ondoren euskal gazte independentistek berriz ere Elorrio betetzeak». Elorriarrek beso zabalik hartu izana eskertu zuen, eta azken hilabeteetan lanean aritutakoak goraipatu zituen: «Lanean ibili zareten hamaika eragile eta herritarren konpromisoa izugarria izan da, eskerrik asko». Herria eta herritarrak zaintzeko deia egin zuen, orain arte egin bezala. Eta Alavak, bide beretik, Topagunean «inolako erasorik» ez dela onartuko nabarmendu zuen. Eraso matxistak salatzeko zenbakia plazako pankarta handi batean, eskuorrietan, kaleetako karteletan aurki daiteke.

Feminismoa aldaketarako

Bazkalostean hainbat hitzaldi eta mahai inguru zeuden aukeratzeko, eta denetan izan zen jende andana; eguraldi ederra egonagatik ere, jakin-minak bultzatu zituen hitzaldietan parte hartzera. Borroka ‘Feminista dena aldatzeko’ hitzaldia izan zen NAIZ gunean egindako lehenengoa.

Oihana Etxebarrieta, Naia Torrealdai, Maddi Isasi eta Kizkitza Gil de San Vicente izan ziren hizlariak, euskal feminismoaren genealogia, definizioa, askapen prozesuarekin edota burujabetza prozesuarekin batera egungo erronkak zeintzuk diren azaltzen ahalegindu ziren. Gil de San Vicentek aurrekoen iritziak elkartu eta definizio bat eman zuen: «Euskal Feminismoa tradizio eta kultura politiko bat da, nazio auzia aintzat hartzen duen kezka feminista bat da». Isasik testuingurua baliatu eta Ernaik proiektu politikoan feminismoa txertatuz eta praktika feministak «lehen lerrora» ekarriz askapen prozesuan egindako lana azpimarratu zuen.

Erronken inguruan galdegin zieten ondoren, eta erronka horiek burujabetza prozesuarekin nola gurutzatzen diren. Torrealdaik migrazioaren auzia eta borroka antiarrazistan eman beharreko urratsak nabarmendu zituen, Durangoko Topaketak gogoratuz. Isasik hausnartzeko eta berrasmatzeko eskema bat jarri zuen mahai gainean: «Enplegua, ondasuna eta zaintza banatu beharraren paradigma berriaren eztabaidari heldu behar diogu». Etxebarrietak, bat egin zuen kideek proposatutako erronkekin, eta bi gehitu zituen: zaintza sistema publikoa eta gobernantza eredu feminista, «ez delako soilik zer egiten dugun, nola ere badelako, ukiezina den hori, baina asko esan nahi duena».

Amaitzeko, martxoaren 8an aipatutako greba orokor feminista izan zuten hizketagai. Horretarako «aliantza eta akordio zabalak beharrezkoak» izango direla esan zuten. Herri ikuspegia prozesu osoan zein aldarrikapenetan txertatzeko asmoa azaldu zuten hizlari guztiek.

Nazio zapalduetako gazteak, zer eta nola

Arriola antzokian bildu ziren Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako gazteak. Ernaiko, Iscako eta Arraneko ordezkariek hitza hartu zuten, eta bakoitzak bere herrialdetik baina elkarren indarrak batzearen bideaz jardun zuten.

Baieztapen adostu batekin abiatu zuten hitzaldia: ‘78ko erregimena eta Espainiako estatua krisian daude’. Eta hiru antolakundeak, bakoitzak berea izan arren, proiektu politikoan berresten dira: independentzian, sozialismoan eta feminismoan. Talaia horretatik abiatuta, hizketagai izan zituzten gazteen errealitatea eta joerak; gazteen aurkako errepresioa; prozesu independentistak eta hauen eraginak bestelako borroketan; herri mugimendu eta borroka berrien garrantzia, eta garaira egokitzearen eta aurrera egitearen beharrizana.

Ainhoa Bueno Ernaiko kideak prozesu independentistari erreferentzia egiterakoan, mahaiko beste bi kideak ados agertu ziren ideia bat azaldu zuen: «Guk bizi ditugu mundu mailan ematen diren tendentziak, baina horri gehitu behar diogu ez dugula estatu egiturarik testuinguruari aurre egiteko».

Arraneko kide den Senrik gaineratu zuen Herrialde Katalanetan 2017tik 2019ra bitarte bizitako ziklo mobilizatzaileak eragina izan zuela herri mugimenduan eta orain osterako agertokira egokitzea tokatzen zaiela. Iscakoak, bere aldetik, balioa eman zion gazteriak horretarako duen gaitasunari: testuinguru berriak ikertzekoa eta gaurkotzekoa.

Kale animazioek eta kontzertuek eman zioten segida egunari, eta gaur ere egitarau zabala izango da Elorrion. Egunaren ardatza 10. urteurrena izango da.