Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Gazteekiko obsesioa alde batera uzteko deia egin dute Euskal Soziolinguistika Jardunaldian

Gero eta gazteagoa da euskararen jendartea eta haiengan zama handiagoa jartzeko arriskua dakar horrek. Betaurreko negatiboekin begiratu ohi zaie, baina esperantza iturri itzela dira hizkuntzaren biziberritzerako. Gazteak dira Hendaian antolatutako Euskal Soziolinguistika Jardunaldiko protagonistak.

Hendaiako Gaztelu Aretoan antolatu dute Euskal Soziolinguistika Jardunaldia.
Hendaiako Gaztelu Aretoan antolatu dute Euskal Soziolinguistika Jardunaldia. (Patxi Beltzaiz)

‘Gazteak mintzo: diskurtsoak eta etorkizunerako proiekzioak’ izenburua du astearte honetan Hendaian egindako Soziolinguistika Jardunaldiak. 14 eta 20 urte arteko gazteek euskararekin duten harremana ezagutu eta aztertzeko asmoz prestatu du Soziolinguistika Klusterrak, Lakuako Gobernuaren, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Hendaiako Herriko Etxearen laguntzarekin.

Gaztelu Aretoko plazan, ez da gaiari buruzko ondorio absoluturik eman, baizik eta gazteek euskararekin duten harremana ulertzen eta interpretatzen lagundu dezaketen gakoak. Aditu eta ikerlariez gain, gazteek eurek ere parte hartu dute, gazteei buruz baino, gazteekin ikertzeko helburuari jarraiki.

«Ez dakit ezer gazte kulturaz, Instagramatik iristen zaidana bakarrik», aitortu du hizlarietako batek, Miren Artetxe EHUko irakasle eta ikerlari hendaiarrak. «Zure teoriari kalea falta zaio, esan ohi da. Bada, gure asmoei etnografia falta zaie».

Ipar Euskal Herria, datutan

Jardunaldia hasteko, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoko datuak eman ditu Eneko Gorri Plazara Kooperatibako kideak. «Azken hamarkadan, 400 euskaldun irabazi ditugu. Baina 20 urtez, 3.500 euskaldun galdu eta 39.500 erdaldun irabazi dira. Duela 25 urte biztanleriaren erdia baino gehiago euskaldunak ginen. Orain, %20 gara. %80k ez dakite euskaraz».

Bi euskal hiztun mota daude nagusiki: etxean euskaldundutako adinekoak, eta adin piramidearen zolan dauden haur eta gazteak, bereziki eskolan jasotzen ari direnak gure hizkuntza. Euskaldunen kopurua gora doa euren artean.

2021eko kale erabilera datuek diotenez, sekula baino elkarrizketa gutxiago entzuten da karrikan euskaraz: %4,9 baizik ez. Baionan, gaztelania gehiago aditzen da euskara baino.

Gazteek batez bestekoa baino bi puntu gehiago egiten dute euskaraz. 2 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeen artean, 4,2 puntu gehiago. Gazteengandik heldu da aldaketa, eta ez da zahartzen ari den jendarte bat: biztanleriaren laurdenak 25 urtetik behera ditu.

Manifestazio jendetsua, une giltzarrian

Joan den larunbatean Baionako karrikak bete zirela oroitu du Gorrik: euskal hiztunek eta horiek sostengatzen dituzten egiturek bizi behar dutela aldarrikatu zuten, baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea dutela ikasleek, eta AEK, Udaleku eta gero eta lan gehiago duten euskalduntzeko elkarteek ezin dutela prekaritatean segitu.

Hizkuntza politika berri bati eman nahi izan zioten bultzada martxa hartan, «une giltzarri batean». Plazarako eledunak agertu duenez, gero eta gehiago aditzen da euskararen alde aski egiten dela; sektore batzuek zalantzak dituzte. Baina euskaltzaleek diote ezetz, bultzada behar dutela euskal hiztunek.

«Gauzak onera aldatzen ari dira»

Eneko Gorrik ideia bat azpimarratu nahi izan du: «Obsesionatzen ari gara gazteek euskararen biziberritzearen lekukoa hartu behar dutela pentsatuz, guk erabakita nola eta noiz. Gazteek, guk erabakita. Lapsus», erran du irriz.

Baina badira adibide aunitz gazteak euskaraz borrokatzen ari direla erakusten dutenak: Liberdimenduak, Xiberoko Altxa Hadi, azterketak euskaraz pasatzeko bizikleta martxak, bertso seriak... «Nik 18 urte nituenean frantsesez mobilizatzen ginen eta euskara ez zegoen gaien artean. Gauzak onera ari dira aldatzen».

Galderen txandan, hizkuntzaren mailan izan den beherakada handiari egin dio lagun batek erreferentzia, eta erabilerarekin lotua ikusten du hori erabat. Horri heldu diote, hain zuzen, Maialen Iñarra eta Miren Artetxe gazteekin lan egiten duten ikertzaileek.

«Euskara erabiltzea markatua da»

Iñarra Soziolingustika Klusterreko kidea da eta kirol arloan eta hizkuntzaren aktibazioari lotuta aritu da lanean, baita Klusterreko kale erabilera neurketetan ere. Deus baino lehen, Hegoaldeko ikuspuntua dakarrela onartu du, bereziki Gipuzkoakoa. Gauza bera hizlari lagun izan duen Artetxek ere, geroago ikusiko dugunez.

«Kokapen sozial bat da gaztetasuna». Ohartarazpen hori ere egin du Klusterrekoak. Izan ere, oinarri biologikoaz gain, ezaugarri sozialak ditu gaztetasunak. Bukatu gabeko zerbaiten gisa hartzen da. Gainera, helduek gidatzen duten mundu honetan, eragin mugatua dute gazteek.

Adinean gora egin ahala euskara gutxiago erabiltzen dutela erakusten dute azterketek. Helduak dituzte erreferente, eta hauen munduan erdara da nagusi. Ez hori bakarrik: euskararen egitura mehea da gazteak mugitzen diren lekuetan: harreman informaletan eta mundu digitalean kasu. Hizkuntzaren gaineko diskurtso sendorik ez dutela ere ikusi dute ikerketetan.

Euskal hiztun gazteen profilak askotarikoak dira. Badira euskararekiko lotura sendo eta kontzientea dutenak, badira euskaraz mintzatuz kolektibo baten parte direla adierazten dutenak, eta badira euskara harreman jakin batzuekin identifikatzen dutenak. «Euskara erabiltzea markatua dela sentitzen dute testuinguru batzuetan, eta gatazkak ekiditeko estrategiak baliatzen dituzte», azaldu du Iñarrak. Egoera deseroso hauek lagun eta ezagunekin suertatzen zaizkie sarri.

Eskola da gunerik euskaldunena. Bertan eskuratu dute euskaraz aritzeko gaitasuna aunitzek, baina ohikoa da gero, kanpoan, euskara praktikatzeko aukera gutxi edo batere ez izatea.

Puntu honetan eginen dugu lotura Miren Artetxeren hitzaldiarekin. Bi ikerlan hartu ditu oinarri bere gogoetarako: Lasarte-Oriakoa bata, 2022koa, eta Donostiako Hezkuntza fakultatekoa bertzea.

Aditzak pentsatu egin behar dituztela diote ikerketa horietan parte hartu duten gazte batzuek. «Oro har gaitasuna ez dago bermatua, D ereduan ikasi arren, eta askorentzat oztopo da erabilerarako», esplikatu du hendaiarrak.

«Nire pentsamendua dena gazteleraz dago. Orduan, euskaraz txoke, cortocircuito. Ezin da». Garbi aitortzen dute gaitasun eza, nagusiki elkarrizketa informaletan. Aunitzek diote ez dutela lagunartean euskara entzun unibertsitatera iritsi arte.

Naturala ez dena naturalizatzen da

EHUko irakasle eta ikertzaileak azaldu duenez, gazteek ateratzen zaiena egiten dutela diote hizkuntza joerez galdetzean, ur iturri bat balitz bezala. Etxeko edo kuadrillako hizkuntzaren arabera egiten dute euskaraz, testuingurua aldekoa denean. Euskara ateratzea ez da hain erraza, hortaz.

«Alde batetik, dena erabakia dago. Bestetik, badirudi erabaki espontaneo libre bat dela. Ikuspegi deyerministegia dakar naturalizazio honek».

Lehenengo urtean, Unibertsitatera heltzean, negoziazioak hasten dira. Denek dakite euskaraz, gaztelaniaz ere bai, eta dena ds «arabera». Egiturazko baldintzarik gabeko hautuaren irudia ematen da. Baina praktika soziala naturalizatzen denean, dikotomiak eta parekotasun ezak ezkutuan gelditzen dira.

Dialektoa ulertzeko era berriak

Miren Artetxek agertu duenez, gazte aunitzentzat naturaltasunerako baldintza da dialektoa. Autentikotasunaren ideologiarekin lotutako aurreiritziak dauzkagu. Horien arabera, euskalkian egitea da natural eta trebe aritzearen sinonimoa, eta euskalkirik ez duenak legitimitaterik ez sentitzeko arrazoi bat izan daiteke.

«Gazte identitatea garatzeko gazte hizkera behar da. Batzuek ez dute eta sentsazioa dute eskolako hizkeran ari direla beti. Estilo gisa identifikatzen dute dialektoa». Hori da ikerlariaren hipotesia. «Euskalkixa daukanak dauka punch gehiago. Te hace más tilín», dio ikasle batek. Alegia, dialektoa ez dute lotzen eskualde edo herri batekoa edo bertzekoa izatearekin, baizik eta gazte hizkerarekin. Hor bide bat ikusten du Artetxek «gazte estiloa norberegarriagoa izateko. Zergatik ez batudunek euskalkien zenbait ezaugarri estilistiko eurenganatu? Horrela erosoago aritzen direla diote», proposatu du.

Dialektoek arrakasta dute tokikoari lotuak daudelako, baina egon daiteke norbait Usurbilgo ukituarekin mintza daitekeena, adibidez, bertako lagunekin musika talde bat osatu duelako. Dialektoa ulertzeko modu berriak egon daitezkeela aldarrikatu du hendaiarrak.

Unibertsitatera heltzean, ikasleek eskanerra pasatzen diote denari, «Tz» nola ahoskatzen duten erreparatzen aritzen dira, bakoitza nongoa den asmatu nahian. Eta, hala ere, ez dute honi buruz hitz egiteko espaziorik hartzen. Ez da gai bat, Artetxek azaldu duenez.

Erantsi duenez, ez dira agente sentitzen, eta zaila da gazte ikerketa parte-hartzaileetan talde dinamiketara hurbiltzea ere. Baina badira euskara markatua ez den eremuak, badira praktika onak. Horiei begiratzera animatu dute jardunaldian. Eta, taldetasunaren garrantzia aintzat hartuz, gazteei agentzia ematera ere bai.