Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Irlandar errepublikanoak, pragmatismoaren erreginak

Michelle O'Neill buruzagi errepublikanoak maiatzaren 6an Londresera Charles III.aren koroatzera joateko hartutako erabakia mugimendu argia eta ausarta iruditu zait. Gogoratu behar da O'Neill lehen ministro hautatua dela. Alegia, Sinn Feinek hauteskundeak irabazi zituen, baina unionisten betoagatik ezin izan du Gobernua osatu.

Blokeoa luzatzen ari da, unionismoak ez baitzituen abertzaleak errespetatzen gutxiengoa zirenean, eta orain gehiengoa direnean ez du haiek gobernatzea onartu nahi. Unionismoak ez du demokraziaren bi funts horietako bat bera onartzen. Artez edo moldez, doktrina antidemokratiko hori estaturik gabeko nazioetako gatazka guztietan errepikatzen da.

Bere erabakia azaltzen zuen oharrean, Sinn Feineko buruzagiak «aldaketa handiko garai batean» bizi garela zioen, eta «ezberdinak eta era berean legitimoak diren gure anbizioak errespetatzeko unea» dela, «etorkizunari eta hurrengo hamarkadak ekarriko dituen aukerei tinko begiratzeko unea».

Jakina, O’Neillek «irlandar errepublikano» gisa definitzen du bere burua. Hauteskundeetara aurkeztu zenean, ordea, irabaziz gero iparraldeko irlandar guztien ordezkari izango zela agindu zuen. Bertako herritar asko tradizio britainiarraren parte direla eta koroarekiko leialtasuna sentitzen dutela badaki. Ondorioz, emandako hitza betetzeko, Londresera joateko gonbita onartu du Sinn Feinek.

Berdintasunaren ideia errepublikanismoaren oinarria da, bere balio nuklearra eta une historiko honetan duen arma politiko zuzenena. Sinn Fein lehen indarra da iparraldean, eta inkestek posizio bera ematen diote hegoaldean. Lan itzelari esker, zenbait krisi, trantsizio bat eta belaunaldi aldaketa jasan ondoren, errepublikano ezkertiarrak oposizio izatetik alternatiba izatera igaro dira.

Uneotan, Konstituzioaren aldaketaren eztabaida ere abian da, eta irlaren batasunaren auzia urte gutxiren buruan erabaki liteke, agian. Oro har, gatazka latz baten ostean eta segregazioak irauten duen jendarte batean, zuk arerioak ez dituzula haiek zu tratatu zintuzten bezala tratatuko oso mezu indartsua da.

O'Neill Martin McGuinnessen oinordekoa da. Derryko buruzagi historikoa duela hamarkada bat baino gehiago elkartu zen Charles III.aren amarekin, Elizabeth II.a erreginarekin. Kasu hartan, topaketa are deigarriagoa ere bazen, luzaroan erregina IRAren helburu militarra izan baitzen, eta McGuinnessek, erakunde horretako militante izandakoak, britainiarren errepresioa intentsitate osoz jasan baitzuen. Urrutiago joan gabe, bere jaioterrian, Bloody Sundayko gertakarietan.

Inbidia ematen dit irlandar lagunen pragmatismoak, koherentea baita. Oro har, ez dituzte esparruak nahasten eta alor bakoitzaren mugak ulertzen dituzte. Adibidez, hauteskundeen mugak onartzen dituzte, baina hala ere, ez dute haien garrantzia gutxiesten. Irlandaren batasuna gerturatuko dutela pentsatuko dute edo ez, baina ez dute erreferendum batekin nahastuko. Lege soil batek munduan diren gaitz guztiak ez dituela ezabatuko badakite, halaber. Hezkuntza edo etxebizitza lege batek, adibidez, ez dituela beren herri eta auzuneak falansterio edo komuna utopiko bihurtuko badakite. Politikagintzan, alde edo kontra egon zaitezke, zuzen edo oker, baina ezin zara errealitateaz aparte kokatu. •