Arnaitz Gorriti

Igande eguerdiko nagiak jota, Bilbao Basket baldar eta eskas aritu da Murtzian (67-55)

Maila oso eskaseko neurketa jokatu dute beltzezko gizonek UCAM Murtziaren kantxan. Uneoro markagailuan atzetik joatez gain, Agustin Ubal antolatzaile gazteak min hartu du hirugarren laurdenean, orkatila bihurritu eta gero.

Agustin Ubalek kantxa utzi behar izan du orkatilan min hartu ostean.
Agustin Ubalek kantxa utzi behar izan du orkatilan min hartu ostean. (P. MENDEZ | ACB PHOTO)

UCAM MURCIA 67 - SURNE BILBAO BASKET 55

Igande eguerdiz jokatzea ez da erraza eta Surne Bilbao Basketek Murtzian bere mailaz oso behetik jokatu du. Aurreneko laurdeneko 18-7tik hasita amaierara arte, beti ezinean eta beti atzetik joan da, beste munduko ezertxo ere egin gabe irabazi duen Sito Alonsoren taldearen aurka. zortzigarren postua matematikoki ezinezko bihurtu zaio talde bizkaitarrari eta okerrago dena, Agustin Ubal galdu du, hirugarren laurdenean orkatila okertu baitu.

Xavi Rabasedak bilbotarren aurreneko bhirukoa sartzerako, Murtzia 9-0 aurretik jarri da, beltzezko gizonen balizko «defentsa» nahi bezala erasan ostean. Igande eguerdian goiztxo, nonbait, saskibaloian behar bezala jokatzeko, eta ezinean aritu dira bizkaitarrak hasierako minutu horietan. Murtziak ez du ohi duen gogortasunez defenditu behar izan markagailua bere alde mantentzeko; egia da, bestalde, sito Alonsoren taldea maila onean ari dela denboraldia amaitzen.

Aurreneko laurdena aldapa osoi gogorra izan da Bilbao Basketentzat eta azkenerako 18-7 galtzen amaitzea ia albiste ona izan da, Murtziako taldeak azeleragailua larregi sakatzeko gogorik ez baitu erakutsi.

Hiruko jaurtiketa pare bat saskiratuta saiatu da erreakzionatzen Bilbao Basket, baina bere mailaz oso behetik aritu da uneoro.

Nolanahi, Murtziak aurreneko laurdeneko maila eraqbat galdu du, batez ere ikusle batek ondoez bat jasan duelako, partida etenda egon denetik aurrera. McFaddenen hirukoen bidez nahi bezala jokatzen aritu da Murtzia, baina etenaren ostean eskolta amerikarraren etorria eten egin da eta Bilbao Basketek, bere baldarrean, kostata bada ere, aldea murriztea lortu du, atsedenaldira 30-24 markagailu barregarri baina estura iristea erdietsi arte.

Komeriak berriz ere

Atsedenaldiak ez dio onik egin Bilbao Basketi. Murtziak berriz ere martxa harrtu du, batez ere David Jelinek txekiarraren hirukoen bitartez eta 13-1eko partziala irentsi behar izan du. Hori gutxi ez eta, Agustin Ubal antolatzaile gazteak aldageletara joan behar izan du eskuin orkatilan min hartuta.

Bilbotarren shock egoera horrek luzetxo iraun du, baina etxeko taldeak ere ez da beste munduko partidarik jokatu eta ezin esan partida hautsi duenik, beti ere markagailuko aldea 15 puynturen inguruan edo beherago mantendu baitu Jaume Ponsarnauren taldeak. Hori bai, atzetik aurrera egiteko traza askorik gabe beti ere. Nolanahi, Tsalmpourisek azken segunduan sartutako hiruko bati esker, markagailua 49-41 jartzea lortu du Bilbao Basketek, azken laurdenaren faltan.

Tamalez, lehengo lepotik burua. Ilimane Diop eta Klavzar gaztearen eskutik 9-0eko partizla sartu du UCAM Murtziak eta, nolabait esatearren, hortxe amaitu da partida. Diesel motorra balu bezala, erreakzionatzea asko kosta zaio Bilbao Basketi eta hain puntu gutxiko neurketa baten, halako gabeziak garesti ordaintzen dira. Beste 0-9ko partzial batekin erantzun dute bizkaitarrek, beranduegi izan da ordurako, ordea.

Bada, porrot honen ostean akabo oplay-offetan sartzeko ametsak bilbotarrentzat. Hamargarren postuak behintzat eskuan dirudi.

PARTIDAKO FITXA

MURTZIA: Chiozza (5), Jelinek (12), Rojas (3), Nikolic (10) eta Pustovyi (6) –hasierako bostekoa–, Bellas (2), McFadden (11), Radovic (7), Sakhio (4), Diop (4) eta Klavzar (3).

BILBAO BASKET: Nikola Radicevic (2), Adam Smith (9), Xavi Rabaseda (5), Emir Sulejmanovic (7) eta Jeff Withey (14) –hasierako bostekoa–, Alex Reyes (5), Georgios Tsalmpouris (2), Michale Kyser (4), Unai Barandalla (2), Ignacio Rosa (2) eta Agustin Ubal.

Epaileak: Conde, Torres eta Zamorano. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 18-7, 12-17, 19-17, 18-14.

Gorabeherak: Nikola Radicevicek min hartu du bigarren laurdena jokatzen ari zela, baina jokora itzultzea lortu du. Partida eten egin behar izan da ikusle batek ondoez bat izan duelako. Agustin Ubalek min hartu du hirugarren laurdenaren hastapenean.