NAIZ

Gasteizera bidean, pentsiodunen hirugarren zutabe bat abiatu da Aguraindik

1.080 euroko pentsioak eskatzeko euskal pentsiodunak Gasteizera martxa egiten ari dira. Atzo, Bilbo eta Bergaratik atera ziren bi zutabe eta, astearte honetan, hirugarrena atera da Aguraindik.

Pentsiodunen mugimenduaren martxa.
Pentsiodunen mugimenduaren martxa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hirugarren zutabe batek bat egin du astearte honetan Aguraindik (Araba) Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak astelehenean Bilbotik eta Bergaratik Gasteizera abiatu zuen martxarekin, gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osatzea eskatzeko.

Atzo Bilbotik eta Bergaratik martxaren bi zutabeak atera ostean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak «oso positibotzat» jo du pentsiodunen erantzuna eta herri guztietatik igarotzean izan duten «harrera handia».

«Harro esan dezakegu ekimen berri hau irmotasunez eta gogo biziz hasi dela. Etorkizunari aurrez aurre, erabakitasunez eta itxaropen handiz begiratzen dion gizarte kolektiboren bat baldin badago, paradoxikoa izan arren, zeren iragan luzeena daukagunok gara, hori Euskal Herriko Pentsiodun Mugimendua da», adierazi dute.

Gaur, 09.30ean, hirugarren zutabe bat gehitu zaio martxari Aguraindik. Martxak ostegun honetan, maiatzaren 25ean, amaituko dira, Arabako hiriburuan egingo den manifestazio batean. Manifestazioa Carlos I plazan hasiko da.

Horren bidez, 2023rako gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan ezartzea eskatzen diote Estatuko gobernuari, eta EAEko eta Nafarroako gobernuei gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatzea, hamalau ordainsaritan. «Erabaki hori hartzea EAEko eta Nafarroako gobernuen eta parlamentuen borondate politikoaren mende dago, eta ez dago hori eragozten duen arrazoi politiko edo ekonomikorik», nabarmendu dute.