Arnaitz Gorriti

Laia Flores, Lointek Gernikaren lehenengo fitxaketa; Maria Eraunzetamurgil, Valentziara 2024an

27 urteko antolatzaile katalanak azken hiru urteak Spar Gironan eman eta gero jo du Bizkaiarantz. Bestalde, Valentzia Basket Endesa Ligako txapeldunak hiru urterako fitxatu du Maria "Zeta" donostiarra. Aurreneko urtea Estudiantesen emango du utzita, hala ere.

Laia Flores, datorren denboraldiko antolatzaile titularra.
Laia Flores, datorren denboraldiko antolatzaile titularra. (@LOINTEK GERNIKA)

Lointek Gernika  Bizkaiak Laia Flores antolatzaile katalana fitxatu du 2023/24 denboraldirako eta berau da hurrengo sasoiari begira bizkaitarrek egin duten aurreneko fitxaketa. Spar Gironatik dator Mataron 1996ko martxoaren 1ean jaiotako jokalari hau. Orotara 6,4 puntu, 3,7 errebote eta 2,5 asistentzia lortu ditu bataz beste Endesa Ligan eta 4,1 puntu, 3,9 errebote eta 2,7 asistentzia Euroligan.

Floresek, U.E. Mataró taldeko harrobitik ateratakoa da, Roso Buch bere taldekidea bezala, Stadium Casablancaren eskutik egin zuen debuta gorengo mailan 2018/19 denboraldian. Bi urteren ostean Logroñoko Campus Prometek fitxatu zuen eta han maila handia erakutsi eta gero, talde onenen arreta piztuz, azkenean Gironara joan zen, bertan jokatu ditu azken hiru urteak Euroligan eta Eurocupean ere parte hartuz. Horrez gain, Espainiako selekzioan ere partida batzuek jokatu ditu.

Twiterreko bere kontuaren bitartez onartu du Laia Floresek «ilusio handiz» datorrela Gernikara, eta taldearen azken denboraldietako emaitzak goraipatu ditu. «Azken urteetan lan bikaina egin da Gernikan, beti sailkapeneko goiko postuetan borrokatzen. Gainera, Mario [Lopez] gazte mailako Espainiako selekziotik ezagutzen dut eta gogo handia dut Malosten etxeko jokalari moduan jokatzeko», adierazi du.

27 urte eta 1,72 metroko antolatzaileak bere mailarik onena erakutsi nahi du Gernikan. «Taldeari gidaritza eta erritmoa ezarri nahi dizkiot eta nire mailarik onena erakutsi, ahalik eta lehiakorrenak izateko. Gernika, kluba eta Marea Granatea ezagutzeko gogo handia daukat», azaldu du.

Bestalde, Mario Lopez entrenatzailea ere «oso pozik» dago Laia Floresen fitxaketarekin. «Esperientzia handiko jokalaria da, beteranoa ez izan arren. Itziarrekiko [Ariztimuño] ezaugarri desberdinak ditu, horrenbestez, biekin oreka handia lortuko dugu antolatzaile postuan, bi erritmo desberdinetan jokatzeko gaitasuna ere izango dugu. Erasoan joko irakurketa onak egiten ditu Laiak blokeo zuzenean, urrutitik jaurtitzeko gaitasuna du, baita taldekideei asistentziak banatzeko erraztasuna ere. Defentsan lan handia egiten duen jokalaria da, errebotean asko laguntzen baitu, oso jokalari adimentsua da eta baloiak lapurtzeko aukera asko ikusten ditu», laburbildu du entrenatzaile bizkaitarrak

Uneotan, Lointek Gernika Bizkaiak orotara lau jokalari ditu 2023/24 denboraldirako: Itziar Ariztimuño, Roso Buch, Sofia Da Silva eta Laia Flores.

Maria Eraunzetamurgil, Valentziara

Bestalde, Maria Eraun zetamurgil hegaleko donostiarrak Estudiantesen jarraituko du jokatzen 2023/24 denboraldian, baina Valentzia Basket egungo Endesa Ligako txapeldunak hiru urterako fitxatu du.

Izan ere, 2023/24 denboraldian Valentzia Basketek mundu mailako bi hegaleko izango ditu: Alba Torrens Balear Irletako jokalaria eta Bec Allen australiarra. Biek ala biek lesioekin izan dituzten arazoak atzean laga dituzte, nonbait. Hargatik, Maria Eraunzetamurgili bidea itxiko lioketelako une hauetan, Estudiantesen utzita jarraituko du hurrengo denboraldian.

Ibaeta Basket utzi zuen Maria Eraunzetamurgilek 2021/22 denboraldian Lugoko Ensino taldera joateko. Han ez zuen zorterik izan lesioekin, baina amaitu berri den sasoian, Estudiantesekin bere inoizko jokorik onena erakutsi du jokalari gipuzkoarrak. Hala, Endesa Ligan 9,3 puntu, 4 errebote, lapurtutako baloi bat eta 9ko balorazioa lortu ditu batez beste, eta Estudiantes Kopan eta Ligako play-offetan sartzeko ezinbestekoa izan da bere lana, hegaleko zein hegal-pibot postuak txandakatuz. Emakumeen Eurocupean ere batez beste 6,8 puntu, 4 errebote eta asistentzia bat pilatu ditu Maria "Zetak".

Lan bikain horri esker Espainiako selekzioan aritzeko aukera ere izan du, baina ez da hilaren 15ean hasi behar duen Eurobasketean ariko, uneotan lesionatuta baitago.