Interview
Xabi Zurutuza
Moto gidaria

«Amets bat egia bihurtu da, baina lanean jarraitu beharra dago: MotoGP da helburua»

Xabi Zurutuza moto pilotu legazpiarrak Moto3an debutatuko du datorren denboraldian Red Bull KTM Ajo taldearen eskutik, kategoriako talde erreferenteetako bat. Hamazazpi urterekin «amets bat egi bihurtu du», NAIZ Irratian azaldu duenez.

Audio_placeholder

«Amets bat egia bihurtu da, baina lanean jarraitu beharra dago: MotoGP da helburua»

Loading player...
Xabi Zurutuza, prentsaurreko batean.
Xabi Zurutuza, prentsaurreko batean.

17 urte besterik ez, eta Moto3an lehiatuko da datorren denboraldian Xabi Zurutuza pilotu legazpiarra. «Oso pozik» azaldu da NAIZ Irratian, eta gogotsu agertu da denboraldi berriari ekiteko, nahiz eta oraindik lasterketaren bat edo beste geratzen zaion aurtengoa amaitzeko. «Amets bat egi bihurtu da», Zurutuzaren esanetan, «baina lanean jarraitu beharra dago». Bere ametsa MotoGP-ra iristea da. Legazpiarrak azaldu du espero zezakeela Moto3 kategoriara igotzea, baina ez Red Bull taldearekin, kategoriako talde erreferenteetako bat baita.

Datorren denboraldian Moto3ko Mundialean arituko zara Red Bull Ajo taldearekin. Ametsa egia bihurtu da?

Oso pozik nago. Oraindik bi lasterketa geratzen zaizkit aurtengo denboraldikoak, baina amets bat egia bihurtzea da. Hala ere, lanean jarraitu behar dut, nire ametsa Moto GPra heltzea da eta.

Ez dakit ezustean harrapatu zaituen edo dagoeneko espero zenuen jauzia ematea?

Asmoa Mundialera heltzea zen, baina ez nuen uste halako talde handi batekin egin ahal izango nuenik. Hori bai izan da ezustekoa.

Zure ibilbideari erreparatuta, irakurri dudanez, lehen ibilgailu motorduna lau urterekin izan zenuen. Familiatik datorkizu zaletasuna edo zure kasa egindako hautua da?

Etxetik etorri da. Nire aita eta anaia motorrean ibiliak dira, baina ez txapelketetan. Bi urterekin hasi nintzen motorrean ibiltzen. Gero Cuna de Campeones taldean sartu nintzen, eta hortik premoto4, premoto3, European Challenge Cup eta Moto3 Junior mailtara igotzen joan naiz.

17 urte baino ez izateko, urte mordoxka pasa dira, hortaz, lehen motorra hartu zenuenetik. Nola deskribatuko zenuke zure ibilbidea?

Nik uste, etapa ia denak bete ditudala. Esperientzia handia pilatu dut, eta uste dut horrek lagundu didala emaitza hauek lortzen eta Mundialera igarotakoan ere lagunduko didala.

Ibilbide horretan maila bikaina eman duzu. Hori izan da Moto3ko Mundialera eramango zaituena. 2018an Espainiako Txapelketa irabazi zenuen Supermotard modalitatean, 85c.c.tan, baina hori beste modalitate bat da, derrapatzen edo ez dakit nola azaldu genezakeen.

Bai, hori da, derrapatzen da, ez dauka beste misteriorik. Urte batzuk eman nituen. Modalitate desberdina da, baina dibertigarria. Hortik premoto 4an aritzera pasatu nintzen.

Azkenean, lanaren sari gisa helduko naiz heldu naizen lekura. Nire familiak ere sakrifizio handia egin du, eta azkenean zorte pixka bat ere alde izan behar da.

Hortik abiadura mundura igaro zinen. Iruditzen zait modalitate horrek trantsizio bat eskatuko duela. Teknikoki aldaketa handia al dago?

Gero eta profesionalagoa izan behar dut. Diziplina handiagoa behar da, Mundialean beste gidariek urte gehiago baitituzte, esperientzia handiagoa dute nik baino. Baina, tira, ikusiko dugu nola doan egokitzapena.

Teknikoki aldea handia da, zeren supermotardean beti derrapatzen joan behar da, eta modalitate honetan azkenean fin-fin joatea da ideia, derrapatuz gero denbora galtzen delako, eta denbora ona egiteko fin-fin joan behar da. Ez dira bateragarriak. Orain supermotard ez dute egiten, zeren azkenean bizioak hartzen dituzu.

Abiadura munduan ere bikain aritu zinean. 2021a ikusgarria izan zen zuretzat, Hawkers European Talent Cup-ean emaitza bikainak lortuta: besteak beste, lau podium.

Lehen urtea izanda, halakoak egitea niretzat ikaragarria izan zen. Gero, 2022a urte zaila izan zen. Baina gauza asko ikasi nituen, eta hori ondo etorri zait aurten. Maila berri batera igo nintzen: JuniorGP; eta, taldea bera izanda ere (MTA), taldekideak desberdinak ziren. Nolanahi ere, harremana oso ona zen, eta horrek aurten asko lagundu dit pistan. 

«Niri lasterketaz lasterketa joatea gustatzen zait. Helburua urteko Rookie saria eramatea izango da, baina batez ere garapen bat izatea. Eta disfrutatzea, azkenean hori da garrantzitsuena»

Eta lan horrek guztiak fruituak eman ditu. Moto3an arituko zara Red Bull Ajo taldearekin. Ez dakit zer itxaropen edo aurreikuspen dituzun maila berri honetan?

Niri lasterketaz lasterketa joatea gustatzen zait. Helburua urteko Rookie saria eramatea izango da, baina batez ere garapen bat izatea. Eta disfrutatzea, azkenean hori da eta garrantzitsuena.

Motoziklismoa berez banakako kirola da, baina taldea oso garrantzitsua da. Zenbateraino da garrantzitsua talde on bat pilotu baten arrakastarako?

Uf, oraintxe bertan dena oso estu dago. Denak du garrantzi izugarria. Baina taldearekin feelinga izatea eta talde ona izatea nik uste %60-65 dela.

17 urte baino ez dituzu. Ez dakit ikasketak eta kirola uztartzen dituzun edo motoziklismora bideratua duzun erabat zure denbora.

Oraintxe bertan motoziklismora murgilduta nago guztiz. DBH amaitu nuen, eta azken bi urtetan motorrean bakarrik eman ditut. Apustu handia egin genuen, baina beti izan dut familiaren laguntza. Hurrengo urtean, gainera, bidaia asko egin behar izango ditut eta ez dut beste ezertarako denborarik izango.

Hain gaztea izanda, nola kudeatzen dituzu eliteko kirolak dakartzan presioa eta erantzukizuna?

Txikitatik barruan daramadan zerbait da. Denak dakar bere sakrifizioa. Ez da erraza. Abiadura handian goaz, baina motorra da nire bizimodua, eta eramaten dugu.

Sakrifizio horren barruan doa, baita ere, parranda, lagunak... ez galtzea, baina bai pixka bat baztertzea. Era berean, motorraren munduan ere lagun asko egiten dituzu, eta azken finean hau da nire bizitza. Deskonektatzeko, mendira joatea gustatzen zait.