
Azken bolada luze honetan mendiarekin lotura zuzena duten hainbat elkarte klima larrialdiarekin eta giza eskubideen urraketekin kontzientzia hartzen ari dira. Azken adibidea Action Collective de Transition pour nos Sommetest elkartearen (ACTS) eskutik iritsi da.
Urrian eta azaroan Saudi Arabian jokatu zen NEOM Beach Games izeneko hitzordua jomugan izan du. Elkarte hori oso haserre azaldu da herrialde horretan egin ziren kirol lehiekin. Eskalada proba bat jokatu zen, eta hori Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioak antolatu zuen.
Bada, ACTS elkarteak idatzia bidali dio federazio horri protesta gisa, eta eskatu ere har dezala behar den ardura eta benetan errespeta ditzala balio ekologikoak. Idatzi hori ez da oharkabean igaro; izan ere, ehunka eskalatzailek, enpresak, erakundek eta hedabide espezializatuk bat egin dute elkartearen eskaerekin. Eskalatzaile horien artean sona handikoak daude: Josune Bereziartu, Arnaud Petit, Catherine Destivelle, Margo Hayes, Adam Ondra…
Izaera futurista duen hiri erraldoia
Baina, zer ote dira NEOM eta haren izenean antolatu diren kirol lehiak? Hitz gutxi erabil daitezke, baina guztiak ala guztiak oso argiak dira. NEOM izaera futurista duen hiri erraldoi baten proiektua da. Hain zuzen ere, Saudi Arabiako Itsas Gorriaren kostan eraikitzen ari direna eta 500 milioi dolarreko aurrekontua duena.
Eta zer egiten ari ote da Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioak proiektu horren barruan? Bada, arestian aipatu ditugun kirol lehia horien barne, iragan azaroaren 23an eta 24an, IFSC erakundeak NEOM Masters eskalada lehia antolatu zuen. Laburbilduta, federazio hori sustatzen ari da NEOM proiektu erraldoia.
Hori guztia ikusita, ACTS elkartea idatzi baten bitartez IFSC erakundearen presidente Marco Solarisi zuzendu zaio esanez goibel eta desengainatuta daudela federazio horrek kirol ekitaldi horretan parte hartzeagatik eta proiektu hori bultzatzegatik. Sinatzaileentzat NEOM, hondamen ekologikoa eragiteaz gain, giza eskubideen urraketekin lotuta dago: «Eskalatzaileen komunitateak ezin du onartu bere federazioak bat egitea Saudi Arabiako erregimen diktatorialarekin. Proiektu hori hango ekosistema suntsitzen ari da, eta erregimen horren aurkakoak hiltzen ere. Natuaren babesa eta giza eskubideen errespetua aldarrikatzen ditugunez, IFSC-i eskatzen diogu ardura har dezala».
Eskaerak
ACTS elkartearen idatziak hiru arlo jorratzen ditu, eta lehenbizikoak ingurumenaren eta etikaren inguruko batzorde independente bat sortzea eskatzen du: «Batez ere, ziurtatzeko federazioak balio ekologikoak benetan errespetatzen dituela. Batzorde horrek trantsizio ekologikoan egiten ari diren urratsen inguruan estrategia bat bideratuko luke. Eta, bide batez, IFSC erakundearen ekitaldiek karbono-aztarna eta ingurumen eta giza inpaktua neurtu beharko lituzke».
Bigarrenez, elkarte horrek kirol ekitaldien babesleak aipatzen ditu. Gai horren inguruan, idatziaren sinatzaileek kirol eskaladako federazioari eskatzen diote eten ditzala kolaborazio guztiak ekologian eta giza eskubideetan inpaktu negatiboak sortzen dituzten enpresekin. Horregatik guztiagatik, IFSC erakundeari eskatzen diote Japan Airlines eta Toyo Tires enpresekin dituen harremanak eten ditzala.
Azkenik, idatziak hezkuntzari azpimarra berezia jarri dio: «Uste dugu federazioaren kide guztiek krisi ekologiko eta klimatikoaren inguruko hezkuntza programa batzuetan parte hartu behar dutela. Hortaz gain, nazioarteko kirolariek zein entrenatzaileek kontzientzia ekologikoaren inguruan derrigorrezko ikasketak jaso beharko lituzkete. Hezkuntza eta kontzientziazioa beharrezkoak dira».
IFSC erakundeari eskaera horiek egiteaz gain, ACTS elkarteak uste du eskaladak etikoki eredu izaten jarraitu behar duela: «Eskaladaren komunitateari gogoratzen diogu kirol eskaladak ez duela etorkizunik izango munduan tenperaturak 4º-tik gora egiten badu. Krisi ekologikoa inoiz egin dugun eskalada gogorrena bihurtu da».

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»
