Garazi Castaño

Lumaz, kolorez eta karraka hotsez jantzi du Korrika Trabudu dantza taldeak

Leioatik Erandiora, Astrabuduatik egin du sarrera Korrikak. Trabudu dantza taldeak Txorierriko txoriekin egin du aurrera lekukoarekin. Bakarren batek ere patinetan egin du bidea Erandioraino. Laster mende erdia bete duen elkarteak puntu koloretsua jarri dio lainotuta hasi den egunari.

Trabudu dantza elkarteko txoriak, Korrikaren zain.
Trabudu dantza elkarteko txoriak, Korrikaren zain. (NAIZ)

Astrabuduako lehen kilometroko lekukoa hartu du Trabudu dantzari taldeak. Eider Velasco kideak hartu du. Atzerapenarekin iritsi den arren, oso pozik dago. Astrabuduatik Korrika igarotzeak bertan egiten duten lanari errekonozimendua dela deritzo: «Gurea herria txikia da eta hemendik pasatzea gauzak ondo egiten ari garenaren seinale da». Dantza taldeaz gain, euskararen sustapenean ahalegin handia egiten duten talde asko daudela nabarmendu du, adibidez, Berbots elkarteak.

Trabudu taldea 1976. urtean sortu zen. Bi urte barru, beraz, mende erdia beteko duela azpimarratu digu Ibai Mendendezek. Dantza euskalgintzaren parte ere baden heinean, Trabudu Korrikan egotea ezinbestekoa dela baieztatu digu.

Ez dute edonola parte hartu gainera. Jantzi berezi bat eraman dute taldekideek soinean. Lumaz goitik behera jantzita, bederatzi txori erraldoi eta txiki batek egin dute furgonetaren atzetik lasterka. 2018an inauterietarako sortutako ‘Dantzxori Gure Aratusteak’ emanaldiko jantziak dira eta Txorierriko txoriak irudikatzen dituzte. Zarata ere atera dute, ikuskizunean erabiltzen dituzten karrakak kementsu astinduz.

Jantzia gutxi ez balitz, patinak janztea erabaki du Diego Etxebarriak. Hitzordu asko ditu ostegun honetan. Erandioraino iritsi nahi du, dendarien lekukoaren atzetik korrika egitera. Baina bera Altzagakoa izanik, bertatik ere igaro nahi du aurretik. «Kilometro asko egin behar ditut eta arinago ibiltzeko eta toki guztietara iristeko behar ditut».