Garazi Castaño

Osasungintza euskalduna aldarri, korrika Usansolon

Usansoloko ospitaleko langileek euren aldarriak eskuartean egin diote harrera Korrikari. Euskarazko zerbitzu duina eskaintzeko beharra aldarrikatzeaz gain, osasungintzaren eremu profesional zein akademikoa euskalduntzearen beharra azpimarratu dute bertaratutakoek.

Ezkerretik hasita, Irati Santa Cruz, Nahia Aia eta Zuriñe Bustinza, hainbat kiderekin batera Korrikaren zain.
Ezkerretik hasita, Irati Santa Cruz, Nahia Aia eta Zuriñe Bustinza, hainbat kiderekin batera Korrikaren zain. (NAIZ)

Usansolok udalerri gisa egin dio aurten lehen aldiz harrera Korrikari. Herritik bira egin ostean, ospitalera igo da lasterketa, eguerdiko 13:00ak aldera. Iritsi denerako, langile andana zuen zain sarrerako biribilgunean eta bide ertzetan. Askok eskuz egindako kartelak zituzten eskuetan; «Osasungintza ere euskaraz», «Osasun publiko eta euskalduna» eta «Euskaraz lan eta bizi nahi dugu» aldarriak irakur zitezkeen, besteak beste.

Kartelak eskuetan, Korrika noiz iritsi zain eta gogotsu ziren Nahia Aia eta Zuriñe Bustinza ginekologoak. Osasungintzan euskararen normalkuntzak dituen hutsuneak asko direla nabarmendu du Aiak. Nahiz eta aitortu gero eta kasu gehiagotan eskatzen direla hizkuntz perfilak, gogorarazi du pazienteekin egoteko unean langile guztiak ez direla gai pazienteak euskaraz artatzeko. Historial klinikoak gazteleraz egin behar direla gehitu du Bustinzak, eta elebitan egitea ongi legokeela.

Aiaren ustetan, garapen profesionalari ere erreparatu beharko litzaioke. «Kongresuak eta argitaratzen dituzten artikulu zientifikoak apenas egiten dira euskaraz eta hori ere euskalduntzeko eremua da».

Medikuntza ikasleen aldarriak

«Azterketak uskaraz» lelodun kartela eskuan zuen Irati Santa Cruz medikuntzako ikasleak. Elkartasun keinu bat egin nahi izan du bere ikaskideekin batera, azaldu duenez, haiek ere antzeko egoera bizi baitute. «Zortekoak» izan direla dio, ikasgai gehienak euskaraz egin ahal izan dituztelako. Baina oraindik ere gaztelerazko eskolak jasotzen dituztela azaldu du. «Ea apurka-apurka dena euskalduntzea lortzen dugun».