NAIZ

Bilbao Basketek bere barruko grina Vidorretaren Teneriferen kantxan irabazita lasaitu nahi du

ACB Ligako zortzigarren postua hiru garaipenera dute beltzezko gizonek, Fase Erregularra amaitzeko sei jardunaldi falta direla. Top 8an sartzeko baino, ordea, «ahalik eta sailkapenik onena eskuratzeko» borrokatuko ei dute Jaume Ponsarnaurenek, «helburu egingarriak beteaz» egin nahi baitute aurrera.

Lehia oso estua izan zuten Bilbao Basketek eta Tenerifek aurreneko itzulian.
Lehia oso estua izan zuten Bilbao Basketek eta Tenerifek aurreneko itzulian. (A. ARRIZABALAGA | ACB PHOTO)

Lenovo Tenerife eta Surne Bilbao Basketek larunbat gauean 20.45etan –Euskal Herriko ordutegia– jokatuko duten ACB Ligako partida Athleticek Kopa irabazi izana ospatzeko hitzordua izan liteke begiratu baten; Txus Vidorreta Tenerifekoen entrenatzailea talde zuri-gorriaren bufanda eta guzti azaldu zen joan zen asteburuan eta beltzezko gizonek lehoi adierazgarri bat zeraman kamiseta batekin jokatu zuten ere. Alabaina, ez omen da halako ospakizunik izango, saskibaloi neurketa bat baino.

Zentzu horretan, «bilbotarkeria»-tzat jo liteke, baina matematikek diotenari so, Tenerife eta Bilbao Basketek play-offetarako aurkari zuzenen arteko dema jokatuko lukete; teorian bederen. Datorren urtean ACB Ligan jokatuko dutela bermatu dute bizkaitarrek eta «ahalik eta sailkapenik onena» lortzea bada Jaume Ponsarnau eta bere taldearen helburua, zergatik ez ACB Ligako Top 8an muturra sartzea. Azken baten, Manresa hiru garaipenetara dago, zortzigarren postuan, Saski Baskoniak bi garaipen gehiago baino ez ditu eta Joventutek garaipen bakarra gehiago.

«Matematikek hala diote, bai, baina gure begirada ez da zortzigarren, bederatzigarren edo hamargarren postuan kokatzen, ACB Ligako Fase Erregularra ahalik eta ondoen amaitzean baino», lasaitu nahi izan du bere mezua Jaume Ponsarnauk.

«Jokalariek erakutsi dute dagoeneko beren jokoarekin txapelketako 16 talderik onenen artean sartzea baino gehiago egin dezaketela, baina aurrekontuei begiratuz gero, guk baino diru kopuru murritzagoa bi taldek erabiliko dute soilik. Sei jardunaldi falta dira eta azken aste hauetan gorantz egiteko oinarria egingarritzat jo ditzakegun helburuak betetzen joatea da. ez zortzigarren postuarekin ametsetan hastea», azpimarratu du Tarregako entrenatzaileak.

Etorkizunera begira «ameskerietan hastea» da, izan ere, bere jokalariengandik saihestu nahiko lukeen aurreneko kontua Jaume Ponsarnaurentzat. «Etorkizun hobe bat izateko, garrantzitsuena orain egin beharrekoa dela buruan sartu nahian gabiltza jokalariei. Taldea aukeran grinatsuegi eta dena ikusi liteke azken egun hauetan, baina gauza bat esango dut: gehiegizko grina hori gure mesedetan erabiltzen ari gara», gaineratu du.

Erritmoan dago gakoa

Lenovo Tenerifek bere grina propioak ditu. Asteon FIBAren Txapeldunen Ligako final-laurdenetako bigarren partida jokatu dute Txus Vidorretarenek Turkian, Tofas Bursa taldearen aurka. Aurreneko dema irabazi ostean, bigarrena galdu egin dute Tenerifekoek eta asteazkenean, etxean, jokatu behar dute kitarakoa. Horrez gain aintzat hartu behar da Jaime Fernandez antolatzaile madrildarra galdu duela Vidorretaren taldeak, belauneko lesio larri baten erruz. Ondorioz, Turkiatik bidaia luzea eginda, burua asteazkeneko lehian eta  nekea pilatuta izan beharko lukete Tenerifekoek, eta Bilbao Basket, berriz, etxeko lanak eginda eta grinaz gainezka datorren aurkaria izan beharko litzateke.

Nolnanahi, ez da ahaztu behar Txus Vidorretaren taldeak abenduaren 22an Zaragozaren aurka etxean galdu ostean, ACB Ligako 13 partida jokatu ditu eta Bartzelonaren –80-83– eta Real Madrilen –80-78– aurka bakarrik galdu du, eta tartean Saski Baskonia, Kanaria Handia, UCAM Murtzia edo Joventut bota ditu, nekeak neke eta arazoak arazo. «Tenerife da ACB Ligan jabetza gutxienetara jokatzen duen taldea. Erritmoa inork baino hobeto kontrolatzen dute eta, beraz, gure betebeharra beraiek erritmo horretatik ateratzea izango da. Hor izan ditzakegu gure aukerak», argitu du Jaume Ponsarnauk.