NAIZ

Fermin Muguruzaren bigarren kontzerturako 1.000 sarrera zozketatuko ditu NAIZek

Fermin Muguruzak Bilbao Arenan eskainiko duen bigarren kontzerturako 1.000 sarrera eskuratu ahalko dituzte NAIZeko harpidedunek. Zozketaren emaitza ostegunean salmenta orokorra ireki aurretik jakinaraziko da.

Abenduaren 20 eta 21an ospatuko dira kontzertuak; ez da hirugarrenik izango.
Abenduaren 20 eta 21an ospatuko dira kontzertuak; ez da hirugarrenik izango. (@muguruzafm)

Fermin Muguruzak abenduaren 21ean Bilbao Arenan eskainiko duen kontzerturako sarrerak eskuratzeko beste aukera bat izango dute NAIZeko harpidedunek.

Harpidedunei bidali zaien emailean azaltzen den moduan, asteartean harpidedun asko sarrera gabe geratu zirela ikusirik eskaera berria egin zaio antolakuntzari eta bigarren kontzertu horretarako beste 1.000 sarrera lehentasunez erosteko aukera ireki da.

Kasu honetan, baina, zozketa bidez banatuko dira sarrerak: harpidedunek ostegun goizeko zortzirak arte izango dute zozketan izena emateko aukera eta saridunek 9.30ak aldera SMS bat jasoko dute sarrerak erosteko aukera egokitu zaiela jakinarazteko. Saridun suertatzen ez direnek, aldiz, 9.00etan jasoko dute SMS mezua, sarrerarik egokitu ez zaiela jakinarazi eta salmenta ofizialaren bidez erosketa egiten saiatzeko astia izan dezaten. Salmenta ofiziala ostegunean 10.00etan abiatuko da.

Harpidedun bakoitzak 2 sarrera eskuratu ahalko ditu gehienez eta asteartean jada sarrera eskuratu zuen NAIZeko harpidedunek ezingo dute zozketan parte hartu. Sarrera bakoitzak 35 euro balio ditu eta NAIZek ez du kudeaketa gasturik kobratuko.

Pasa den larunbatean iragarri zuen Fermin Muguruzak, 2013 urtetik eszenatoki handietara igo gabe egon ondoren, taula gainera itzuliko zela bere urtebetetze egunean, ‘FM Muguruza. 1984-2024’ izenburupean eskainiko duen kontzertuarekin. Bertan, azken lau hamarkadetan eginiko bidea ekarriko du gogora, Kortatu eta Negu Gorriak taldeen hastapenetatik bakarkako lan berrietaraino.

Lehen hitzordua abenduaren 20rako finkatu zen, Bilbao Arenan, baina sarrera guztiak berehala agortuta hurrengo egunerako beste hitzordu bat jartzea erabaki zen. «Ez da hirugarrenik izango», ohartarazi du musikariak berak bere sare sozialetan.