Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Zentzugabeko ‘Snarkaren ehizan’ poema, Lopez Gasenik euskaratuta

«Nonsense» edo zentzugabeko poesiaren generoko lana den ‘Snarkaren ehizan’ euskaratu du Manu Lopez Gasenik Pamiela argitaletxearentzat. Lewis Carrollen Aliziaren trilogia ixten du lan honek.

Manu Lopez Gaseni ‘Snarkaren ehizan’ lanarekin, gaur Donostian.
Manu Lopez Gaseni ‘Snarkaren ehizan’ lanarekin, gaur Donostian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

‘Snarkaren ehizan’ (Pamiela) lanak ixten du Lewis Carrollen Aliziaren trilogia. Pamielaren eskutik euskarara itzuli du Manu Lopez Gasenik. Donostian egindako aurkezpenean azaldu dutenez, lan hau 1876an idatzi zen klasikoa da.

Carrollen «nonsense» edo zentzugabeko poesiaren eredua da ‘Snarkaren ehizan’, ‘Jabberwocky’ olerkiarekin batera. Genero honetan, ez da mezu argirik edo eduki zehatzik. Are gehiago, hitzek esanahi propio bera ere galtzen dute. ‘Jaberwocky’ «nonsense» edo zentzugabeko poesiaren gailurtzat jotzen da.

Liburuak zortzi atal edo kapitulu ditu eta bertsotan idatzia dago. Snark izaki mitologikoaren ehizan egiten den espedizioa kontatzen du Carrollek. Ehiza horretan parte hartzen duten gizaki bitxi guztiak B letraz hasten dira: Bellman (liderra), Boots, Bonnets, Barrister, Broker, Billiard-Maker, Banker, Beaver, Baker, Butcher. 

‘Jaberwocky’ jatorrian

‘Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena’ lanean agertzen den ‘Jaberwocky’ olerkian landutakoak ditu abiapuntu ‘Snarkaren ehiza’ poema narratiboak. Bai olerki honen zein Aliziaren beste liburuetako ezaugarri asko erabiltzen ditu, Lopez Gasenik gogoratu duenez. Horrela, hizkuntza jolasak, hizkuntzaren arbitrariotasuna, epaiketen parodiak (abokatua eta fiskala nor den argi ez dauden epaiketak, errealitatean ere noizbait gertatzen diren zentzugabekeria horietakoak), ametsaren bideragarritasuna eta atzera begira egiteak aurki daitezke. Humpty Duntyren maleta-hitzak ere azaltzen dira.

‘Snarkaren ehizan’ poemak musikalaren bertsioa ere badu, Londresen estreinatutakoa eta arrakasta lortu zuena.

Izan ere, lan arrakastatsua izan zen ‘Snarkaren ehizan’ argitaratu zenean. 10.000 aleko tirada egin zuten 1876an eta lehen urtean beste hiru berrinprimaketa egin ziren. Aliziaren lanekin bezala, neskato bati eskaini zion lan hau Carrollek, Gertrude Chataway-ri. «Kultoko liburua da jende askorentzat», nabarmendu du Lopez Gasenik.

Euskaratzeko prozesua

Olerkia euskaratzeko prozesuak dokumentazio lan handia eskatu dio Lopez Gaseniri eta hiru fasetan burutu du. Lehen fasean, euskaraz hitzez hitz itzuli zituen ahapaldiak. Bigarrenean, jatorrizko errima erantsi zien. Hirugarrenean, luzeena, neurtitzetan bihurtu. Jatorrizko ABAB errima mantendu du, kasu batzuetan dauden aldaketak errespetatuz. Euskaraz ere B letraz hasten dira pertsonaje guztien izenak eta maleta-hitzak ere euskaratu ditu.

Edizio lana goraipatu du Lopez Gasenik. Izan ere, jatorrizko lanean agertzen diren Henry Holiday margolari prerrafaelistaren ilustrazioak erabili dituzte.

«Ez da erraza lehen irakurraldian, baina sartu ahala engantxatzen du», nabarmendu du Lopez Gasenik. Carrollen lana haurrendako liburu gisa planteatu zen bere garaian. Orain, berriz, gaztetxoendako dela esaten da. Lopez Gasenik nabarmendu duenez, XIX. mendeko haurrek XXI.ekoek baino maila altuagoa zuten irakurtzeari dagokionean.