Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

UEUk arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune izango diren 20 ikastaro antolatu ditu udan

Azken bi urteetako hariari jarraituz, UEUren Udako Ikastaroak «euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko» gune bihurtuko dira aurten ere. 20 jardunaldi eta topaketa antolatu dituzte Euskal Herriko hiri eta herrietan, ekainaren 6tik uztailaren 10era bitarte.

UEUk 52. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu asteazken honetan Iruñeko Katakraken.
UEUk 52. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu asteazken honetan Iruñeko Katakraken. (Idoia ZABALETA | FOKU)

UEUren Udako Ikastaroak aurkeztu dituzte asteazken honetan Iruñeko Katakrak liburudendan. Pasa den urteko bideari jarraiki, aurtengoan ere formatua aldatu eta «gogoeta eta hausnarketa gune» bihurtzeko asmoa dutela adierazi dute. Orotara 20 jardunaldi eta topaketa antolatu dituzte Iruñea, Baiona, Eibar, Usurbil, Bilbo, Donostia eta Tolosan, ekainaren 6tik uztailaren 10era bitarte.

Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagunea izango da datorren udako UEUren eskaintza Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariaren arabera. «Hori baita UEUren funtzioetako bat: Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gai eta eztabaidentzat gune akademiko euskaldun bat eskaintzea gure gizartea aberatsagoa izaten laguntzeko asmoz», gehitu du.

52. Udako Ikastaroen edizioa aurkeztu dute aurten, eta, zentzu horretan, Bengoetxeak nabarmendu du bost hamarkadetan zehar ez dutela hutsik egin udako hitzordura, urte hauetan guztietan zehar «gizartearen beharretara egokitu» diren ikastaroen bitartez. «Hasieran hitzaldi irekiak ziren, ondoren jakintza-alor espezifikoak, barnetegi moduan Larraonako garaian eta laburragoak eta adituei begirakoak azken urteetan. Duela bi urte ospatu genuen 50 urteurrenaren hariari jarraikiz, hausnarketa eta gogoetarako gune dira orain», azaldu du.

Ildo horretan, egun Udako Ikastaroak «konpartitzeko guneak» direla azpimarratu du Bengoetxeak, eta UEUren «izaera herritarra» nabarmendu, «parte hartzea sustatzeko» xedearekin. Hala, ahalik eta jende gehienak parte har dezan, 10 euro balioko dute matrikula guztiek.

Elkar ezagutu eta komunitatea trinkotu

Hala ere, udakoen ezaugarriak bere horretan mantenduko direla azpimarratu du UEUren Udako Ikastaroen arduradun Irati Iciarrek. «Aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa izango da, jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburua», adierazi du.

Udako Ikataroak «arnasgune akademiko» eta «euskaldunen topagunetzat» jo ditu Iciarrek, eta jardunaldi eta mota ezberdindak egingo direla azaldu du. «Ohiko hitzaldiez gain, mahai inguruak, tailerrak eta ikerketak antolatu ditugu», gaineratu du.

Hasiera ekitaldia Iruñean egingo dute ekainaren 6an, Kondestable jauregian, UEUrentzat estrategikoa den gai bat lantzeko helburuarekin: ‘Euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian: egoera eta aukerak’. Helburua bikoitza izanen da: «Alde batetik bizi dugun esparru juridikoaren irakurketa akademikoa konpartitzea, eta haren arazoak eta zalantzak plazaratzea. Horrekin batera, ikuspegi anitzekoa eta nolabait prospektiboa den gogoeta bultzatu nahi dugu, ertz desberdinetatik helduta».

Jardunaldi guztiak «neurrira» egindakoak direla azaldu du Iciarrek: «Udako Ikastaro hauek lankidetzan oinarritzen dira, eta hainbat eragilerekin batera antolatu ditugu aurten: Kontseilua, Jakin, Rolariak Kultura Elkartea, Iratzar Fundazioa, Oinherri, ALDEE...».

Nafarroako Gobernuarekin elkarlana

Bestalde, Edurne Koch Elizegik, UEUren Nafarroako arduradunak nafar Gobenruarekin elkarlanean antolatutako ikastaroak aurkeztu ditu: «13 ikastaro eskainiko ditugu urte guztian zehar. Edonork egin ditzake, baina unibertsitatean ikasten dabiltzan ikasle nafarrek izango dute lehentasuna».

Udaberri honetan lau ikastaro jarri dituzte martxan, eta, nabarmendu duenez, horietatik bi bete egin dira eta gainontzekoetan talde handiak sortu dira.

Udako ikastaroen baitan hiru ikastaro antolatu dituzte aurten Iruñean, ekainaren azken astean. Doakoak izateaz gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ECTSak emango dizkie ikasleei, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ikasleen etengabeko prestakuntza gisa homologatuko ditu.