Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

«Oroimenen topografia bat» sortu du Txilikuk ‘Urte urdin ihesak’ eleberrian

Lizardiren poema batetik esaldia lapurtuta jarri dio izenburua Jesus Maria Olaizola ‘Txilikuk’ bere eleberri berriari: ‘Urte urdin ihesak’. Ama besotik hartuta garai bateko kontuez solasean ariko dira, aspaldiko gertaera eta pasadizoez kontu-kontari.

Jesus Mari Olaizola, ‘Txiliku’, liburua argitaratu berri.
Jesus Mari Olaizola, ‘Txiliku’, liburua argitaratu berri. (Gorka RUBIO | FOKU)

Amarekin aspaldiko gertaera eta pasadizoez kontu-kontari XX.mende hasierara hurbiltzen den eleberria ondu du Jesus Mari Olaizola ‘Txilikuk’, ‘Urte urdin ihesak’ (Elkar). Oroitzapenez beteriko liburu bat dela azaldu du asteazken honetan egindako aurkezpenean, gertaerak jaso eta «fabulatu» egin dituela zehaztu du, «oroimenen topografia» bat eraikiz.

Aspalditik ezagutzen du Elkarreko editore Xabier Mendigurenek Txiliku, eta azaldu du aipagarria dela «goi kultura duen bezala, kultura herrikoia» ere baduela: «Joera handia izan du beti bere jakintzagai entziklopedikoa pilulaka emateko, pieza soltetxoak eginez, baina egin izan ditu narratiba hutsezko liburuak ere, eta hau horietako bat da».

Aitortza bat egin du aurkezpena hasterako, «izenburua lapurtua da», izan ere, Xabier Lizardiren poema batetik hartutakoa da, ‘…Nork lekuzkez ikusi urte urdin ihesak’. Eta esanahira joz, pasatako urteak ezagutzeko «grina edo gogoa» adierazi nahi izan duela kontatu du.

Liburuan 100 urte betetzeko gutxi falta duen ama eta haren semea dabiltza kontu-kontari: «Bada oroitzapenen liburu bat, baina hortik harago beti esaten da memoria gezurtia dela, eta gezurretik ere badu; guk oroitzen ditugun kontuak ez dira beti izaten zehatz eta mehatz egia, bakoitzak edukitzen du berea».

Txilikuk azaldu du ariketa bat egin duela kontakizunak jaso eta «fabulatzeko», eta irakurleari «egia berdaderoa balitz bezala kontatzeko, irakurleak egia denaren sentsazioa izan dezan». Baina aldi berean, argitu du narratzailearen eta bere pertsonaren artean «diferentziak» daudela, ez dela bera narratzailea alegia.

Lekuaren indarra

Kontakizuna «munduko gauzarik garrantzitsuena» da idazlearen ustez, eta liburuan zehar ere tentsioa mantendu du zer kontatu eta zer ez. Azaldu du, batez ere, «lehengo landa inguru kristauean» bazeudela kontatu ezin zirenak, eta horiek ezkutuan kontatzen zirela. Bera ere soka horretan ibili da, amak kontatzen uzten zionaren eta ez zionaren balantzan.

Lekuari eta garaiari eman dio garrantzia Txilikuk eleberrian: «Lekuak oso zehatzak dira, atal bakoitzaren izenburuak ere badira askotan». Eta era berean, garai bateko giroa bildu nahi izan du, «mundualdi pasatu bat, XX.mendearen hasiera eta hor inguruan daudenak».

Mendigurenen iritziz, leku zehatzak lantzen diren arren, unibertsaltasun bat «arnasten da». Edozein momentutan unibertsalak diren gai batzuk badaudela azpimarratu du: «Hitz egin, zertaz? Lekuaz eta sentimenduez, lekuak oso garbi identifikatzen dira eta sentimenduak unibertsalak dira, gorrotoa, maitasuna dolua.. berdintsuak dira bueltaka dabiltzan sentimenduak».

«Kontakizun xumeekin egindako eleberria da», deskribatu du Txilikuk berak, izan ere, bere iritziz euskal literaturak eleberriaren kontzeptua frantsesetik ulertu izan ohi du, «kontakizun luzea, naturalismoz eta errealismoz beterikoa» izandakoa. Eta idazleak azaldu du bere eleberriak ez duela kutsu hori.

«Adarjotze edo gaiztakeria» bat ere egin duela aitortu du. Txomin Agirreren ‘Garoa’ eleberriarekin «joku metaliterarioa» egin duela azaldu du. Agirrek izandako baserria idealizatzeko joera zalantzan jarri nahi izan du, baina ez du gehiago aurreratu nahi izan, irakurleari utziz joku hori.