NAIZ

EH Bilduk ere Bilboko Terrazen Ordenantzaren «zehaztasunik eza» kritikatu du

Bilboko Udal Gobernuak aurkeztutako Terrazen Ordenantzaren zirriborroaren harira balorazioa egin du EH Bilduko udal taldeak eta, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak egin bezala, kritiko agertu da proposamenarekin, Bilboko errealitate ezberdinak kontuan hartzen ez dituela eta.

Bilboko terraza baten artxiboko irudia.
Bilboko terraza baten artxiboko irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko EH Bilduk Terrazen Ordenantzaren zirriborroaren inguruko balorazioa egin du eta, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak joan den astean adierazitakoaren ildo beretik, kritiko agertu da araudi proposamenarekin, hirian den errealitate ezberdinak kontuan hartzen ez dituela iritzita. Iazko abenduan aurkeztu zuen udal gobernuak zirriborroa.

Patxi Xabier Fernandez EH Bilduko Bilboko zinegotziak adierazi du hiriko terrazen ordenantzak kontuan hartu behar dituela «Bilboko errealitate ezberdinak, egoera ez baita berdina auzo guztietan». Horren ondorioz, aipatu duenez, «terrazen kontzentrazio edota saturazio handia gertatzen den eremuetan neurri espezifikoak hartu beharko lirateke». Koalizio subiranistaren aburuz, udal gobernuaren proposamenak ez du horrelakorik jasotzen.

EH Bilduren udal taldeak Gobernuari helarazio dio egindako hausnarketa. Izan ere, Fernandezek azpimarratu duenez, irakurketa eta ekarpenak aferan inplikatutako «eragile guztiekin» batu ostean ondu dute, hots, «auzo-, merkatari- eta ostalaritza-elkarteak, besteak beste». Halaber, aipatutako taldeekin lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du Fernandezek EH Bilduren izenean, «ordenantza eraginkor bat lortzeko».

Fernandezek azaldu duenez, terrazen inguruko egoera eta haiek egotearen ondorioak ez dira berdinak auzo guztietan. Hori dela eta, hiri osorako ordenantza orokorra egitea eta «eremu saturatuetarako neurri berezi batzuk ezartzea» iruditzen zaie estrategia egokiena. Haren ustez, honako guneak dira, gutxienez, arautze espezifikoa behar dutenak: Zabalgune plaza, Alde Zaharra eta Martzana kaia.

Azken horietan, adierazi duenez, «arazoa oso lotuta dago espazio publikoaren erabilera intentsiboarekin, ostalaritza-establezimenduen kontzentrazioagatik». Horregatik, uste du konponbidea ez dela etorriko «altzarien eta distantzien erregulaziotik» bakarrik, baizik eta «okupazioaren eta pertsonen gozamenerako espazioaren erabileraren arteko orekagatik». Horrela, kontzentrazio-eremuetan, kaleetan eta plazetan okupatu daitekeen gehienezko azalera ezartzea planteatu du.

Neurri espezifikoak

Gaineratu duenez, eremu zehatz horietarako «neurri espezifikoak hartu behar dira, adibidez, tunel efektua saihesteko, oinezkoen gehieneko azalera okupagarria ezartzeko, edukiera eta lokalaren zerbitzuen arteko oreka bermatzeko, eta altzarien pilaketa edo ordutegi espezifikoagoak arautzeko».

Bilboko gainerako zonaldeetarako, Fernandezen esanetan, «garrantzitsuena diseinu, gehieneko okupaziorako eta irisgarritasunerako irizpideak ezartzea da», baita «etorkizunean gehiegizko okupazioa saihesteko kontrol-mekanismoak ezartzea» ere.

EH Bilduren zinegotziak adierazi du Udal Gobernuak helarazi dioten hausnarketarekin bat egitea espero dutela eta kontuan hartuko duela ordenantza egiterakoan. Halaber, aurkeztutako zirriborroak «zehaztasun falta handia» duela ere azaldu du eta, ondorioz, «segurtasun juridiko ezari» bidea irekitzen diola eta «aplikatzeko orduan zalantzak» sortzen dituela.