Aita santua ehortzirik da, «follow the leader»
Eliza katolikoarenak egin duela, etorkizunik ez duela, defendatzen duen orok nahikoa luke egunotan Erromara etortzea susto bat hartzeko. Sotana festa, abadeak ehunka, gurutzeak milaka beste horrenbeste lepotan… eta Jubileu aitzakian hirira iritsitako gazte uholde ikaragarria (literalki).

Opor egun batzuk hartu eta Erromara ihes egiteko plana aspaldi harturik zuten horiek, turista gajo horiek, «ekaitz perfektuarekin» tupust egin dute pazko aste honetan. Jorge Mario Bergoglioren heriotzak baldintzaturiko egunak izan dira hauek «betiereko hirian». Ez horrenbeste doluagatik, ez baitago horrelako apartekorik, ez bertakoen, ez bisitarien artean; ezta hiriko martxa asko aldatu delako ere, bertakoek beraiek esandakoagatik eta aurretik egona den guztiak kontatutakoa baieztatu baino ez duelako egin; erlijio katolikoaren eta bere ordezkarien indar erakustaldiagatik baizik. Italia, bere hiriburua eta herritarrak oso erlijiosoak direla jakiteak ez zaitu prestatzen horrelako zaplazteko baterako. Errealitatearena? Ez guztiz -jan-edanean, kuxkuxean, erosketetan, parrandan... ari direnak gehiengo dira, erraz-, baina bai partez.
Ostiral goizean goizetik sumatu zen aldaketa. Ordura arte hirigune historikoan eta gune turistikoenetan jendetza baldin bazebilen -Erroman estreinakoz zenarentzat ia izutzeko modukoa; ezagutzen dutenentzat, berriz, erabat normala-, geroztik eromena izan da. Adibide bat: 24 ordu lehenago Fontana di Treviko hesiraino «erraz» samar sudurra sartzeko modua baldin bazegoen, ostiralean ia borrokan egin beharra zegoen handik igarotzeko, edo inguruko kaleetan barrena ibiltzeko. Eta ostirala iristearekin batera, ordura arteko gehiengo «zibil» absolutuari aurre eginez, uniforme oldea ere iritsi zen.
Batetik, armadunenak: poliziak eta militarrak non-nahi; eta horiekin, beren ibilgailu, sirena eta helikopteroak. Indar erakustaldia, hauena ere? Kopuruagatik, bai. Done Petri plazakoa eta inguruko kaleetakoa, bereziki. Zorrotz ibili dira hor. Broma gutxi. Baina esan liteke sotil aritu direla gainerakoan: egon bai, baina erromatarren eta bisitarien eguneroko martxan eragozpenik eragin nahi ez balute bezala. Eskertzekoa.
Jakina, ostiral arratsaldetik muga batzuk jartzen hasi ziren, ohiko joan-etorriak mugatuz. Adibidez, ostiral eguerdi partean hirian genbiltzan guztioi jakinarazpena iritsi zitzaigun mugikorretara, Babes Zibileko Departamendutik: «Saluto Papa Francesco. Orario chiusura acceso Piazza San Pietro ore 17 del 25 aprile. Per percorsi e orari funerale». Eskertzekoa, jakinarazpena aldez aurretik egite hori, baita eraginkortasuna ere.
Bestetik, elizako gizonen eta emakumeen (hauek gutxiago, jakina) uniformeena dago. Demasa. Apaizak alboan otordua egiten ikustera ohitu ere egin gara. Eta kasualitatea, edo ez, negar, oinaze edota tristura arrastorik ez diegu ikusi; algaraka bai, entzun ditugu. Eta oturuntza bikainak egiten, jakina.
Atentzioa eman digu abade gazte kopuruak. «Honek ez du telebistan agertzen diren kardinal eta apezpikuen mahaspasa itxurarik, e!», bota du ondoan dugun bikote bilbotarreko gizasemeak abade lerden eta garai bat ikusi duenean. Eta ezin esan artaldean bakarra zenik.
Baina atentzioa ematekoa, batik bat, Jubileuaren gerizpean bildutako gaztetxo kopurua da. Done Petri plazara uholdean iritsi ziren ostiralean, errezoan eta kantuan aritzera eta hilberriari agur egitera. Mundu osotik etorriak omen, baina nagusiki italiarrak. Atzo ere hirian barrena zabaldu ziren, olioa uretan bezala, beren zapiak lepoan, elastiko koloretsuak soinean, talde bakoitzaren gidari egiten zuten apaizen edo mojen atzetik. Euforiko, esan liteke.
Elastiko urdina zeraman talde batek koreografia ere egin zuen Venezia plazan, Altare della Patria monumentutzarraren aurrean, Frantziskoren hilkutxa handik igaro zain zela, 12.00etako kanpaiek jo aurretik: “Sigue al líder” kantu ezagunari bolumena eman eta «Follow the leader», «Manos arriba y abajo» eta «Izquierda, derecha, eh, eh» abestuz dantzaldi bitxia osatu zuten. Aita santuaren gustukoa izango ote zen beste kontu bat da, gero.
Altare della Patriara bertara igo eta aita santuaren hilkutxaren eta segizio osoaren paseoa handik ikustea erabaki genuen. Urrutira, txikian, egin genuen behaketa, baina behintzat errepide ondoko jendetzari ihes eginik. Hango baranda batean jarrita, Bilboko familia batekin -kasualitatea, bai: bi hain denbora gutxian eta halako egoera batean- solasalditxoa egin genuen. Haiek ere ez zuten segizioarekiko kuriositate berezirik, «baina, nola ez, Erroman tokatuta, ikusi egin beharko dugu! Zer erremedio, une historiko baten testigu gara...». Alabak -20ren bueltan ibiliko zen- ez zeukan hain argi: «Total, hildako bat da-eta… Eta gu denok hari begira».

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz



