Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Itxaropena inprimategiko makinak mututu egin dira

93 urteko historiaren ondoren, Itxaropena inprimategiak, argitaletxea ere izan zen garai batean, bere jarduera eten du. Isilik daude makinak, hutsik lanpostuak. Patxi Unzurrunzaga, Emilio Alkorta eta Bonifacio Illarramendi lagunek 1932. urtean abiatutako bideari amaiera jarri dio ‘Salgai’ kartelak.

Makina bat izenburu eman ditu argitara Itxaropenak argitara urte luze hauetan.
Makina bat izenburu eman ditu argitara Itxaropenak argitara urte luze hauetan. (Jon URBE | FOKU)

«Laugarren belaunaldia ere –Pello Unzurrunzagaren seme-alabak– lanean ari da. ‘Itxaropena badaukagu, ea hurrengo belaunaldiak jarraitzen duen’, esan du aitak. Enpresari izena jartzen ere asmatu zuten hiru lagun zarauztar haiek».

Hitz hauekin eman nion amaiera Itxaropena argitaletxearen 90. urteurrenaren karietara Zarauzko Sanz Eneak hartu zuen erakusketaren gaineko erreportajeari. Itxaropena, ordea, itzali egin da unzurrunzagatarren enpresan. Halabeharrez, duela aste batzuk ekoizpena bukatzea erabaki dute Pello Unzurrunzagak eta bere seme-alabek.

Gauzak nola diren, George Orwellen lehen liburua, ‘Lur jota Parisen eta Londresen’, da Itxaropena inprimategiko labetik ateratako azken izenburua. Parisen eta Londresen bizitako miseriak bildu zituen bertan. Rafa Santxiz-Muxikak ekarri du euskarara. Rafa Santxiz-Muxikak ekarri du euskarara

Horren ostean, mutu geratu dira makinak. Tindarik gabe, gure herriak sufritu duen garairik lazgarrienean ere lanean, tinko, etsipenari lekurik utzi gabe, aurrera jarraitu zuen inprenta eta argitaletxea.

Albistea gogorra da. Kulturgintzak guren bizi duen errealitatearen, kontsumo bide berriek ekarri duten eraldakatearen eta beste hainbat faktoreren isla.

Mingarria eta traumatikoa izan da erabakia. Pello Unzurrunzagak uko egin dio NAIZen gonbidapenari. Nahiago du bere enpresako makinak bezala isilik geratu une hauetan.

Patxi Unzurrunzaga, Emilio Alkorta eta Bonifacio Illarramendi lagunek 1932. urtean abiatutako bideari amaiera jarri dio ‘Salgai’ kartelak.

«Euskal letren historian mugarri izan diren izenburu ugari kaleratu zituen eta, horrela, autoreei bultzada eman. Bere izena eta jarduna isilpean geratu da askorentzat, baina euskal kulturgintzak eta literaturgintzak aurrera egin bazuen, bera eta bera bezalako ekintzaileei esker izan zen, urte haietan idazlea ez baitzen ezer bere lana argitara emango zuen inor gabe», idatzi nuen 2022ko urri hartan.

Bertan lan egin zutenen oroimenean geratu da Falangek inprimategia bahitu zuenekoa. Itxaropenako paretek bertatik bertara ikusi dituzte Patxi eta Sabin Unzurrunzaga aita-semeen izerdiak.

Inprenta alboratu gabe, editore lanari ere ekin zion lehenak 40ko hamarkadan, bere konpromisoak bultzatuta. 70eko hamarkadaren amaierara arte jarraitu zuen.

1948an eskuratu zuen inprimategiak lehen aldiz euskaraz liburu bat plazaratzeko baimena. Ondorengo urteetan Gregorio Mujikaren ‘Pernando Amezketarra’, Ixaka Lopez Mendizabalen ‘Diccionario vasco-castellano’, Salbatore Mitxelenaren ‘Arantzazu, euskal poema’, Lizardiren ‘Biotz-begietan’ eta Orixeren ‘Euskaldunak’ liburuek ikusi zuten argia.

Santi Onaindia, Salbatore Mitxelena, Bitoriano Gandiaga, Jorge Oteiza –‘Quosque tandem’ obraren lehen edizioa Sabin Unzurrunzagari eskainia–, Gabriel Aresti, Txillardegi, Xabier Lete, Joxean Artze, Ramon Saizarbitoria... luzea da Itxaropenera jo zuten idazleen zerrenda. Ezin ahaztu Kuliska Sorta.

Hemingwayren ‘El viejo y el mar’ eta Pio Barojaren ‘Las inquietudes de Santi Andia’ liburuek ere Zarautzen ikusi duten argia.

Lagunartekoak ziren unzurrunzagatarrak eta garaian garaiko autoreen zein euskaltzaleen ohiko bilgune ere bihurtu zen inprenta 60ko eta 70eko hamardakatan. Makina bat hitz-aspertu egin ziren mahaiaren bueltan.

Historia oparoaren lekuko, denborak horiztatutako makina bat dokumentu, eskuizkribu, liburu eta garaiko argazki bildu zituzten Itxaropenaren 90. urteurreneko erakusketan. Pello Unzurrunzaga, Xabier Aramendi eta Lazaro Echegaray aritu ziren komisariotzan.