NAIZ
Donostia

Donostiako 450 saltokik bat egin dute mugikorren erabilera arduratsua sustatzeko kanpainarekin

Donostiako saltokietan pegatina batekin identifikatuta egongo dira ‘Gurea erabil dezakezu’ kanpainan parte hartzen ari direnak. Gazteek haiengana jo dezakete doako dei bat egiteko; «mugikorraren erabilera arduratsua» sustatu nahi dute horrela Altxa Burua ekimenak eta Udalak.

‘Gurea erabil dezakezu’ ekimena sustatu duten hainbat parte-hartzaile.
‘Gurea erabil dezakezu’ ekimena sustatu duten hainbat parte-hartzaile. (Donostiako Udala)

Donostiako Udalak eta Altxa Burua Donostia plataforma osatzen duten guraso taldeek ‘Gurea erabil dezakezu’ kanpaina martxan jarri dute gaztetxoen artean telefono mugikorren eta teknologia berrien erabilera arduratsua sustatzeko. Hiriko 450 saltokik bat egin dute kanpainarekin eta pegatina batekin identifikatuta egongo dira, horrela, behar duen edozein gaztek jo dezake haiengana dei bat egiteko.

Astelehen goiz honetan aurkeztu dute kanpaina Donostian. Iñigo Garcia Hezkuntza eta Osasun Publikoko zinegotziak adierazi duenez «adingabeen hezkuntza digitalean partekatutako erantzukizuna ikusarazteaz gain, gure komunitatea ere indartzen du, belaunaldian arteko elkartasun sareak sortuz».

Donostiako 30 ikastetxetako guraso taldeek osatzen dute Altxa Burua mugimendua, eta bi helburu jakinekin sortu zela gogoratu dute: lehen gailu mugikorra edukitzea ahalik eta gehien atzeratzea, batetik, eta telefono mugikorren, sare sozialen eta teknologia berrien erabilera egokia bideratzea, bestetik.

Zinegotziak adierazi duenez, Altxa Burua ekimenak laguntza eskatu zion Udalari «pauso bat harago emateko», adingabeak gailu mugikorren menpe egon ez daitezen eta beste baliabide batzuk izan ditzaten norbaiti deitu behar badiote.

‘Gurea erabil dezakezu’ ekimenak edozein gazteri doako dei hori behar duenean eskatzeko eta erabiltzeko aukera ematen dio, mugikorraren erabileraren beharra saihestuz. Garcia zinegotziak gaineratu du kultur etxe edo kirol instalaziotatik ere egin ahal izango dutela.

Udalak oso positibotzat jo du ekimena: «Oso modu zehatza eta polita da gazteei esateko: ‘hemen gaude, gurekin kontatu dezakezue’. Donostiako tokiko merkataritza motor ekonomiko bat baino askoz gehiago delako: zaintza sare bat da, hurbiltasuna da, erreferentzia da, komunitatea da».