Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Filosofoaren Ereserkia eta txikikerietan adituak

Pello Zabalak kontatua da, Arantzazun zeudela, Joxe Azurmendik kitarra hartu eta "Quizás, Quizás, Quizás" abestia jotzeko ohitura zuela, Filosofoen Ereserkia deituta. Letra irakurrita, erraz ulertzen da txantxa. Argazki bat ere badago hortik, non Joxe gazte-gazte bat kitarra eskutan azaltzen den.

Joxe Azurmendi, 1976ko abuztuan.
Joxe Azurmendi, 1976ko abuztuan. (Jakin)

Maitasun hezur-haragizkoa, zalantza, galdera handiak… denetik du abestiak monastegi batean «hit» izateko. Fraide gazteak gaiztakeria txiki horrekin barre egiten imajina ditzakegu. Txikikeria bat den pasarte honek erakusten du, ordea, Azurmendiren eta bere belaunaldikoen artean eman ziren beste zenbait joera.

Belaunaldi horretan galdera handiei erantzuteko gogo bat dago (noiz, nola, non… azken batean, zergatik). Absolutuen garaian eta testuinguruan bizi dira, bai politikoki –diktadura latzean–, baita erlijioaren ikuspuntutik ere –Arantzazu, monastegia da beste ezeren gainetik–. Belaunaldi horretan egia absolutuekiko mesfidantza bat ere ageri da, hain zuzen ere, garaiaren arabera indartsuagoa edo leunagoa izango den susmo bat.

Tragediari umorez erantzuteko joera ere hor dago. Iluntasunari argiarekin konbatitzen zaio. Baita debekatuari ate bat irekitzeko asmo bat ere, agian. Ezin pentsatu eta ezin maitatu daitekeen unean eta tokian, abesti horrek eta dituen esanahi bikoitzek askatasun printza bat ematen diete sotanaren azpian gorputzak eta garunak borborka dituzten gazte ero eta ez hain ero horiei.

Jakina, bere bizitzaren pasarteok ez dute ‘Manifestu atzeratua’ren edo ‘Demokratak eta biolentoak’ idazlanen sakontasun eta indarra. Baina garai bateko pentsaera biltzeko kapaz dira, agian. Pellori esker oroitu zen Joxe Filosofoen Ereserkiaz. Beste pasarte bat kontatu zigun orduan Joxek, garai eta izaera berekoa. Arantzazun zeudela, dena zegoen beraientzat krisian: politika, erlijioa, hizkuntza, kultura, sexua… Oñatitik eta haragotik heltzen zitzaizkien berrien arabera, bere kintakoak ziren gazte batzuk komandoetan antolatu eta iraultza egiten ari zirela saiatzen, erregimenaren aldetik sekulako errepresioa jasotzen zuten aldi berean. Areago joanda, musika eta bestelako kultur adierazpen berrien oihartzunak heltzen ziren, baita askatasun handiagoen aztarnak ere. Arantzazuko ikur den arte berria ere hor kokatzen da, zalantzarik gabe. Kanpoko mundu hartan emakumeak existitzen ziren, pekatuen iturria.

Alegia, ezkutuan bada ere, fraile euskaldun gazte haiek Filosofoen Ereserkiko galdera guztiak eta beste hamaika zituztela eguneroko bazka. Bitartean, haien ondoan, beste kezka batzuk zituzten zenbait fraile txintxo zeuden. Joxeren esanetan, beraiek iraultzaz, jainkoaren heriotzaz eta emakumeetaz eztabaidatzen zuten bitartean, beste horien kezka hauxe zen: komunioa egiterakoan, ostia ahosabaiaren goikaldean jarriz gero, Kristoren gorputza miazkatzen eta, ondorioz, bekatua egiten ari ote ziren.

Joxek eta lagunek izena jarri zieten kezka ttiki horiek zituztenei: «Expertos en pequeñeces» (gazteleraz jatorrizkoan, txikikerietan adituak bezala itzuli daiteke). Behin baino gehiagotan, testuinguru desberdinetan, entzun nion Joxeri «aditu» hauen kontra egiten. Dena krisian dagoenean, iraultza baten erdian edo gutxienez esperoan gaudenean, gauzak benetan aldatu nahi ditugunean, beti dagoelako txikikerietaz arduratu nahi den norbait, fokoa guztiz distortsionatuko duen burokrata bat, galdera okerrak egiten tematuko den norbait.

Horien aurrean pentsamendu egituratu, hedagarri, eguneratu eta erradikal bat garatzea garrantzitsua da. Krisiak gauza serioak direlako, baita iraultzak ere. Gurea bezalako nazio zigortu eta kultura txiki batetik munduari begiratzea ez da lan erraza. Horrexegatik ikasi behar da ondo pentsatzen eta pentsatu dena ondo azaltzen.

Beste gauza askoren artean, galdera zuzenak, handiak eta pertinenteak egiten erakutsi digu Joxek. Eta beti zalantza egiten, badaezpada.


Quizás, Quizás, Quizás

Letrak eta musika: Osvaldo Farrés

Siempre que te pregunto
Que cuándo, cómo y dónde
Tu siempre me respondes
Quizás, quizás, quizás

Y así pasan los días
Y yo desesperando
Y tu, tu contestando
Quizás, quizás, quizás

Estas perdiendo el tiempo
Pensando, pensando
Por lo que mas tu quieras
Hasta cuándo, hasta cuándo