
Azken urteotan bezala, Eneko eta Iker Pou anaiak Peruko mendien «erromesaldiarekin» erabat murgilduta daude. Ekainaren amaieran, adibidez, girora egokitzeko Nevado Churupen (5.493 m, Mendilerro Zuria) bide berria zabaldu zuten. Ohiko fase hori amaitu bezain laster, esku artean zituzten helburu gogorragoak saiatzera abiatu dira. Eta lehenbiziko erronkan asmatu egin dute.
Mendilerro Zuritik Huayhuashera egin dute salto, eta ezaguna ez den Jurau A izeneko mendian (5.520 m) bidaiaren bigarren marra zabaldu dute. Hain zuzen ere, ekialdeko tontorrera eramaten duen zirritua sortu dute. Oro har, proposamen luzea atera zaie: 1.575 m. Zailtasun teknikoak, berriz, honakoak izan dira: 6c, 70º eta M5. Pou anaiek ekarpen berriari ‘Kuntur’ deitu diote. Kitxua hizkuntzan kondor esanahi du: «Gure jarduera guztian lau kondor inguruan izan genituen. Lan handia egin dugu, bide zaila da, garaieraren eragina nabaria zen, une txarrak eta onak igaro ditugu… Hori nabarmendu nahi dugu, baina azpimarra egin nahi diogu kondor horien bisitari, besteak beste, oso berezia izan delako. Egoera hori ez da ohikoa izaten: txundigarria izan da hegazti horiekin egun batzuk partekatzea. Zalantzarik gabe, naturaren adierazpen handia izan da, eta horrelakorik ez dugu bizi Mendilerro Zurian eginiko zazpi denboraldietan».
Protagonista arabarrak hunkituta daude kondorrekin izandako hartu-emanarekin. Baina, berez, mendi horretan eginiko lana da lerrootara eraman duena. Hiru egun behar izan dituzte ‘Kuntur’-eko jarduera biribildu ahal izateko: «Egunaren azken argi-izpiekin gailurrera heldu ginen 5.000 metrora bibak deseroso bat egin eta gero. Gauez 5.520 metrora ginela, rapelatzen hasi ginen; pare bat ordu izan ziren. 5.250 metrora bibaka antolatu genuen. Atseden hartzea beharrezkoa zen. Izan ere, egun hori oso luzea izan zen: hamahiru ordukoa. Bezperakoa, berriz, hamabikoa izan zen. Gaua igaro eta hirugarren egunean jaitsierarekin jarraitu genuen. Zazpi ordu beranduago, oinarrizko kanpalekura leher eginda heldu ginen».
‘Zama’
Estilo arinean eginiko eskalada horretan 30 luze ireki dituzte. Eta horietan guztietan ez dute tresneriarik utzi; hots, erabat garbi geratu da. Bidearen ezaugarriei dagokienez, Poutarrek aurreratu dute La Esfingeko estilo berekoa dela: «Baina mendi horretan dauden bideak baino luzeagoa da, eta garaiera handiagoan kokatuta dago. Luze ia gehienak arrokan egin genituen. Amaieran, aldiz, elurra eta izotza nagusitu ziren. Hortaz, bete-beteko ibilbide geratu zaigu: arroka, izotza, elurra eta mistoa. Bidearen giltzak ez dira oso gogorrak, baina arriskutsuak dira. Horrekin esan nahi dugu babesteko zailak direla eta balizko eroriko txarrak dituela. ‘Kuntur’ erabat garbi geratu denez, errepikatu nahi duenak ohiko tresneria eraman beharko du. Logistika ere kontuan hartu behar da».
Nahiz eta nortasuna duen bide berria sortu duten, anaia gasteiztarrek adierazi dute eskaladan zehar beste kontu bat buruan iltzatuta izan dutela: «Igoera garrantzitsu bat egin nahi genuen, eta helburu hori lortu dugu. Fisikoki eta mentalki asko eskatu digu ‘Kuntur’-ek, baina gogorrena aurreko egunetan gure inguruan bizitako une zailak izan dira. Perura iritsi bezain laster, Artesonrajun izandako istripu batean erreskate lanetan ibili ginen. Ondoren, munduko mendilerro ezberdinetan hainbat kide mendizale zendu zaizkigu; denera, zortzi. Eta hori guztia bi aste eta erdian gertatu da. Heriotza horiek guztiek min handia sortu digute, eta kontu hori espedizio honetan eragina izaten ari da. Jurau A mendian eginiko lanarekin, bederen, zama bat kendu dugu gainetik».

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina
