SPONSORED CONTENT

Karmenak giroa berotzen hasi dira Bizkaiko hainbat herritan

Ostiral eta larunbata bitartean botako dituzten txupinazoekin, Barakaldo, Santurtzi eta Markina-Xemein karmenetan murgilduko dira asteburu honetan. Amorebieta-Etxanon, ordea, asteartera arte itxaron beharko dute jaiei hasiera ofiziala emateko.

Barakaldoko txupinazoa larunbata arratsaldean botako dute. Iaz Ekologistak Martxan taldeak bota zuen (irudian).
Barakaldoko txupinazoa larunbata arratsaldean botako dute. Iaz Ekologistak Martxan taldeak bota zuen (irudian). (Jon URBE | FOKU)

Barakaldon larunbat arratsalde honetan (uztailak 12) hasiko dira jaiak, herriko kuadrillek txosnetatik herriko plazara egingo duten ohiko jaitsierarekin eta erraldoien ikuskizunarekin. Pregoia arratsaldeko 20.15ean izango da eta aurten Hala Dzipo Elkarteko kideek botako dute, euskal kultura eta herri mugimenduaren alde egindako lana eskertzeko. Txupinazoa, ordea, Gorostiza auzoko Birika Berdea Elkarteko kideek botako dute, auzo horretako ingurumena eta bizilagunen parte-hartzea bultzatzeko egindako lanagatik.

Behin txupinazoa bota ondoren, festa lehertuko da eta kuadrillek berriro txosnetarainoko bidea egingo dute, Jolin eta Deabrurekin batera txosnagunea irekitzeko. Eguna bukatzeko, hainbat ekitaldi ikusgarri izango dira, hala nola ikuskizun piromusikala Portuko dartsenan, Zea Mays-en kontzertua herriko plazan eta kulturarteko akelarrea txosnetan.

Igandean (uztailak 13) hitzordu gastronomiko garrantzitsua dute barakaldarrek, goiz guztian zehar marmitako lehiaketa izango baita Anaien parkean. Egunean zehar beste hainbat ekitaldi izango da, hala nola bola jokoa, tiragoma-txapelketa, emakume pilotari profesionalen jaialdia, zanpantzarrak, haurrentzako talo-tailerra, harri-zulatzaileen txapelketa, txokolate jana, txorizo dastaketa... Gauean, euskal dantzen erakustaldia izango da Barakaldoko dantza-taldeen eskutik eta, jarraian, "A quién le importa" musika-ikuskizuna Alaskaren omenez.

Egitarauak aste osan jarraituko du eta asteazkenean (uztailak 16) Karmen eguna ospatuko dute; ostegunean gazteen eguna; ostiralean pilota profesional partidak Jaka-Zabaleta Zabala-Mariezkurrenaren aurka; larunbatean, kuadrillen bazkaria, bertso-afaria eta Su ta Gar taldearen kontzertua; eta igandean, nekazaritza azoka eta burduntzian erretako txahal-dastaketa.

Informazio honen babesleak: Bar Mendi, Eguzki taberna, Sugoi taberna, Jokin taberna, Txintxilin euskal jantziak, Fasprint.

Santurtziko jaietan sekulako giroa espero da aurten ere. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ezkerraldean jarraituz, Santurtzin ere karmenak ospatuko dituzte, baina egun bat gehiago izango duen egitarauarekin, ostiralean bertan hasi (uztailak 11) eta hurrengo igandera arte (uztailak 20) luzatuko baitira.

Aurtengo jai hasierako omenaldia Karmengo Amarekin egongo da lotuta, 75 urte baitira monumentuaren lehenengo harria jarri zela. Horiek horrela, Karmengo Ama eramaten duten kideei egingo zaie omenaldia, «Justino eta bere mutilei» hain zuzen, 45 urte baitira sorbaldan eramaten dutela prozesioaren egunean. Bestalde, udalerriko merkatari-elkartea ere omenduko dute 25 urte baitarama Santurtziko kaleak kolorez janzten. Egun horretan bertan, arratsaldean Itsasalde eta Juan XXIII kaleetako ostalaritza-lokaletan 1.000 kilo sardina baino gehiago erreko dira; eta urtero legez, doan eskainiko zaizkie santurtziarrei zein inguruko herrietatik etorritako lagunei kalean bertan jan ditzaten.

Karmengo jaietako kontu erakargarri eta interesgarrienetako bat gauero eskaintzen diren kontzertuak dira. Arrantza portuan izango dira, eta urtero bezala, euskal zein espainiar musika panoramako talde ezagunenak entzuteko aukera eskainiko dute: Orquesta Krypton, Los Niños Jesús, Chenoa, Gatibu, Rosario, The Flying Rebollos, Süne eta Orquetas Vulkano.

Karmen egunean (uztailak 16) jaietako ekitaldi nagusia ospatuko da, itsas-prozesioa hain zuzen. Ehun urtetik gora duen tradizio honen inguruan 30.000 lagunetik gora biltzen dira. Ibilbidea 18:00ak aldera hasiko da udaletxean. Portura helduta, Karmengo Amak itsasorainoko bidea egingo du ehun bat ontzik lagunduta, hil diren herriko arrantzaleei lore-eskaintza egiteko. Gainera, egun horretan su artifizialak egongo dira, Burdinazko Kaian botako dira 22:30ean.

Informazio honen babesleak: Antolin joyeros, Lagun etxea taberna.

Santutxun ere jaiak ospatzen hasiko dira asteburu honetan eta egitaraua datorren asteburura arte luzatuko da. Txupinazoa larunbat arratsaldean izango da (uztailak 12) Karmelo ikastolaren eskutik eta kuadrillen kalejiraren ondoren. Lehen eguna amaitzeko, Beranduegi erromeria izango da. Igandean (uztailak 13) bertako ekoizleen azoka izango da eta jaietako lehen ekitaldi gastronomiko handia: (paella erraldoia), baita errepresaliatuen senitarteko eta lagunekin bazkaria ere.  

Markinan Alarabiren kalejira egingo dute bariku honetan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Markina-Xemein

Markina-Xemein herrian ere karmenak ospatuko dituzte bariku honetatik aurrera (uztailak 11) eta egitaraua datorren eguaztenera arte luzatuko da (uztailak 16). Jaien hasierako txupinazoa arratsaldeko 18:15ean botako dute eta aurten 50 urte bete dituen Bekobenta eskolako kideak izango dira pregoia irakurri eta suziria botako dutenak. Jarraian, Alarabiren kalejira abiatuko da buruhaundi eta txistulariekin. Danborradaren ondoren, kontzertuak hasiko dira J. Martina, Xiberoots eta Maruxak taldeekin.

Ikus daitekeenez, musika arloak garrantzi berezia izango du aurten eta estilo desberdinetako hamabi taldek joko dute. Horrela, zapatuan (uztailak 12) GOTx elektrotxaranga, Mugi Panderoa eta Süne; domekan Los Tenampas; martitzenean txosnagunean Asgarth, Altxa Porru eta DJ Zatzaz; eta eguaztenean, Euskadi Brass.

Baina musikaz gain, gustu guztientzako ekitaldiak izango dira datozen sei egunetan: esku-pilota partidak eta herri bazkaria zapatuan; Iparraldeko herri-kirolak, Hiru Txirlo bola-joko txapelketa eta zesta-punta domekan; umeen eguna astelehenean; txosna eguna martitzenean; eta Karmen eguna eguaztenean. Bertan ez diral faltako ohiko meza, aurreskua, zesta-punta partidak, bertso saioa, zirku-kalejira eta Alarabiren erretzea.

Informazio honen babeslea: Ateun harategia.

Amorebietako gazteak txupinazoan elkartuko dira berriz ere. (Raul BOGAJO | FOKU)

Amorebieta-Etxano

Azkenik, Karmen jaiak beranduen hasiko dituen herria Amorebieta-Etxano da, txupinazoa asteartean botako baitute (uztailak 15), arratsaldeko 20:00etan herriko plazan. Hori bai, egitaraua 13 egunez luzatuko da, uztailaren 27ra arte. Aurtengo pregoiak herriko kirolaren eta hezkuntzaren garapenean hainbat hamarkadatan parte hartu duten bi protagonista izango ditu: mendeurrena ospatzen duen SDA kirol kluba eta 75 urte betetzen dituen Karmelitak Amorebieta-Etxano ikastetxea.

Aurtengo egitarauak jarduera tradizionalak uztartzen ditu, hala nola kalejirak erraldoi eta buruhandiekin, erromeriak Gozategi eta Akerbeltz taldeekin, marmitako lehiaketa, baserritar azoka eta danborradak (nagusiena uztailaren 24an eta haurrena uztailaren 26an). Uztailaren 27an, Mozorro Egunean, mozorro-desfilea egingo da herriko kaleetan zehar.

Musika eskaintzak kontzertu eta ikuskizunak bilduko ditu herriko eszenatoki ezberdinetan. Besteak beste, Zea Mays, La Otra Oreja, Mocedades, Rulo y la Contrabanda, Bulego, Errobi, Isabel Aaiún, Merina Gris, Puro Relajo, Heitxi, Tatta & Denso eta Vithy DJ arituko dira.

Jai giroa osatzeko, Gaztedi Berria Fanfarria eta  New Tocados txarangak, Zornotza 11 Kolore aniztasunaren kalejira, Bayo Show disko festa ibiltaria eta Burrunba bezalako elektrotxaranga izango dira. Hitzordu berezienen artean, Priscilla (Nafarroako erreginak) funtzio musikala nabarmentzen da, ikuskizun inklusibo eta aldarrikatzailea.

Informazio honen babesleak: Uxarte sagardotegia, Urtza taberna, Laurok aseguroak, Yela, Sortzen, Singing Munch taberna, Tres Estrellas carrocerias, Iker Albizuri carpintería, Auzokoa taberna, La Amistad jatetxea, Xiberu taberna, Bero Eder.