
«Burua bere tokian edukitzeko, onena irabazten jarraitzea da», esan du Ibon Arruti Orioko arraunlariak Areseko estropada bukatu berritan. Hamalaugarren bandera astindu zuten mirotzek eta Eusko Label ligako garaikurra berresteaz gain, iaz Urdaibaik ezarritako errekorra berdindu zuten. Arrutik onartu zuen errekorra bai dela begi artean daukaten zerbait, «gaurko [atzoko] estropada garrantzitsua zen horretarako», bai eta Kontxara begira konfiantzaz jartzeko ere.
Orioren historiako bigarren Eusko Label liga da aurten lortutakoa eta Kontxa irabazteko faborito nagusiak dira. Jakitun dira beraiek ere baina Arrutik esan legez, arerio oso indartsuak izango dituzte: «Zierbenak estropada oso onak egin ditu, Donostiarrak ere hortzak ederki estutzera behartu gintuen denboraldi hasieran eta gaur, Bermeo oso on bat ikusi dugu. Kontxara begira ez dago erlajatzeko aukerarik»
Esperantza puntua
Aresko estropada eremuan indartsuena izan da Orio, Bermeo «on» baten aurretik, hasieratik ezarritako bi ontziko distantzia mantenduta. Bazirudien egun gorabeheratsua izango zela, ezustekoak egoteko baldintzak hauspotzen hasi dira lehen txandan. Ondarroak estropada bikaina osatu du lehen txandatik –oso ongi irakurri zuen haizearen norabidea–, azken luzean haizea altxatu eta esperantzak suspertu zirelarik.
Bigarren txanda hasi bitartean gaiztotu eta belztu egin da itsasoa baina azkenerako, leundu eta Hondarribiak zein Getariak lehen txandakoen denborak hobetu dituzte, hortzak ongi estuta.
Hirugarren ziabogako markan Ondarroak 12 segundoko abantaila zeukan Hondarribiarekiko baina txanda bukaeran, Ama Guadalupekoak ederki probestu zuen haizearen baretzea eta Antiguako Amaren aurretik helmuragatu zen. Baita Getaria bera ere, azken txanpan dena emanda.
Baldintzak apaldu
Bigarren txandako azken luzeko baldintzak mantendu egin dira eta beraz, ohorezko txandakoek ez dute berebiziko eragozpenik izan aurrekoen denborak hobetzeko.
Modu horretan, Oriok segituan ezarri du bere legea –lehen luzeko denbora onena markatu du, 5 minutu eta hiru segundo–. Bigarren ziabogarako bi ontziko aldea ateratzen zien bere arerio zuzenei: bost segundo Zierbenari, sei Urdaibairi eta zortzi, Donostiarrari. Honela hasi da garaipen berri bat marrazten.
Brankan egin beharreko bigarren luzean, soilik bermeotarrek eutsi dute Orioren erritmoa, paladaz palada Zierbena eta Donostiarra atzean geratzen zirela. Lau segundora jarri da Urdaibai hirugarren ziabogan –zazpira Zierbena eta hamarrera, Donostiarra–.
Azken luzean, poparean, ‘Bou Bizkaiak’ gaurko denborarik onena markatu du –4 minutu eta 49 segundo, Orio baino segundo bat azkarrago– baina ez da nahikoa izan Orio ahal guztiduna garaitzeko.
Aresko XVIII. Bandera
1. Orio 20:12.90
2. Urdaibai 20:16.66
3. Donostiarra 20:23.64
4. Zierbena 20:26.90
5. Hondarribia 20:49.58
6. Getaria 20:53.32
7. Ondarroa 20:54.38
8. Ares 21:10.72
9. San Juan 21:14.02
10. Lekittarra 21:23.66
11. Kaiku 21:33.78
12. Cabo 21:51.96
Eusko Label Liga
1. Orio 210 puntu
2. Zierbena 179 puntu
3. Zierbena 170 puntu
4. Urdabai 159 puntu
5. Hondarribia 141 puntu
6. Getaria 138 puntu
7. Lekittarra 88 puntu
8. San Juan 86 puntu
9. Ondarroa 80 puntu
10. Ares 75 puntu
11. Kaiku 46 puntu
12. Cabo 33 puntu

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

