NAIZ

Desazkunde turistikoaren aldeko topaketak antolatu dituzte urriaren 24 eta 25erako Donostian

Turistifikazioarekin kezkatuta eta desazkunde turistikoaren alde lanean ari diren hainbat eragilek antolatuta, Desazkunde Turistikoaren aldeko Euskal Herriko Topaketak egingo dituzte urriaren 24 eta 25ean Donostian.

Iragan ekainean Donostian turistifikazioaren aurka egin zen manifestazioa.
Iragan ekainean Donostian turistifikazioaren aurka egin zen manifestazioa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Desazkunde Turistikoaren aldeko Euskal Herriko Topaketak antolatu dituzte urriaren 24 eta 25erako Donostian turistifikazioarekin kezkatuta eta desazkunde turistikoaren alde lanean ari diren hainbat eragilek.

Bizilagunekin plataformak berri eman duenez, Euskal Herriko hiri, herri eta eskualdeen turistifikazioari aurre egiten dioten pertsonen eta taldeen topaketak izango dira, eta helburu hauek izango dituzte: Turistifikazioak kezkatzen dituen pertsonek eta taldeek elkar ezagutzea eta harremanetan jartzea; Euskal Herriko «ikuspegi orokorra eskuratzea, martxan dauden borrokak, proiektuak eta proposamenak ezagutuz eta hauen gaineko informazioa trukatuz»; turistifikazioaren eta desazkunde turistikoaren gaineko «gogoeta kolektiboa» egitea eta elkarlanerako aukerak identifikatzea eta aurrera begirako elkarlanari oinarriak jartzea.

Bi eguneko egitaraua izango dute topaketek eta bertan hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak antolatuko dira, besteak beste.

Plataformak nabarmendu duenez, turistifikazioak «forma desberdinak hartzen ditu Aturritik Ebrora, Euskal Herriko txoko bakoitzean turismo industriak eta bere zerbitzura diharduten indar ekonomiko, instituzional eta mediatikoek sustatzen duten turismo ereduaren arabera: hirietakoa, kostakoa, landakoa, gastronomikoa, kulturala, elitekoa, parrandakoa..., baina ondorio kaltegarri larriak eragiten ditu toki guztietan: etxebizitza garestitzea, natura suntsitzea, elitizazioa, lan-prekarietatea…».

Horren guztiaren aurrean, «indarrak batu eta desazkunde turistikoaren bidetik alternatibak eraikitzeko unea da».