Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

NATOren kontrako Euskal Herria antolatua aldarrikatuko dute martxoaren 14ean Iruñean

NATOren kontrako manifestazioa iragarri dute martxoaren 14rako Iruñean, Euskal Herriak erakunde honi erreferendumean ezetz esan zionetik 40 urte betetzen direnean. Inperialismoak eta kapitalismoak herri eta langileak zapaltzeko erabiltzen duten tresna dela nabarmendu dute.

Iruñeko mobilizazioa aldarrikatzeko egin duten agerraldia.
Iruñeko mobilizazioa aldarrikatzeko egin duten agerraldia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Heldu den martxoaren 14ean manifestazio nazionala deitu dute talde internazionalista eta antiinperialistek «NATOri ezetz esango dion Euskal Herri antolatu bat» aldarrikatzeko. Izan ere, sasoi horretan Euskal Herriak NATOri ezetza eman zion erreferendumaren 40 urte betetzen dira.

Ekimenaren berri emateko agerraldia egin dute ostiral honetan Iruñean eta bertan Askapena, Bardenas Ya, Bultza (EH m-l), Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, Euskal Herria Bizirik, Indar Nafarroa, Jardun, OTAN Ez Plataforma eta Zabaldi taldeetako kideak izan dira.

«Ziurgabetasun, ezegonkortasun eta indarkeria testuinguruan gaude. Kapitalismo globala krisi sistemiko betean dago. Krisia kapitalismoari berezkoa bazaio ere, egungo hau arnas luzekoa ari da izaten, eta faktore anitzekoa da: ekonomikoa, ekologikoa, ... Eta zalantzarik gabe zaila egiten zaio irtenbidea bilatzea sistemaren egungo logikoen baitan», azaldu dute.

Hori dela eta, «jotzen du industria, ekoizpena eta harreman sozial guztiak finantziarizatzera eta militarizatzera; gerra inbertsiorako bide nagusitzat ezarri da, irabaziak lortzeko eta baliabide gehiago kontrolatzeko bitartekotzat. Gerra bere zentzu zabalenean ulertu behar dugu. Garaiok presaz eskatzen dute Euskal Herri internazionalista eta antiinperialista; NATOri ezetza esango dion Euskal Herri antolatu bat», gaineratu dute.

Inperialismoak bere hegemoniari eusteko borrokan «AEBeko burgesia buru dute eta Europar Batasuna eta NATO beso armatua aliatuak».

Herri eta langileen kontrako gerra

«Dakien eta posible duen modu bakarrean erantzuten du egoera honen aurrean: herrialde desobedienteei zein hango herri langileei gerra deklaratuz, erasoak eginez eta are gehiago esplotatuz. Ez hori bakarrik, eraso horien atzen, azken erreserba energetikoak eta hornidura kateak kontrolatzeko eta hedatzeko nahia ere badago», azaldu dute.

Testuinguru honetan kokatu dituzte «NATOren eraso inperialista Errusiaren kontra», Txinaren aurkako jazarpen ekonomiko eta militarra, Israelekin ematen den lankidetza eta erresistentzia palestinarraren eta bere aldekoen aurka ematen diren erasoen babesa edo Venezuela eta Kolonbiaren aurka prestatzen ari diren erasoak.

«NATOk eta inperialismoak funtsezko funtzioa dute esku hartze horietan, eta aipatu berri ditugunak interbentzioen zerrenda luze bateko adibide batzuk besterik ez dira», azpimarratu dute hauen inpersialismoaren kontra aritzen direnei elkartasun mezua luzatu dutelarik.

Kanpo interbentzioetatik harago

«Nolanahi ere, NATO ez da kanpo interbentzioetarako tresna soilik, harago doa. Izan ere, kapitalismoaren eta inpersialismoaren bermeetako bat da, munduko herri langileon kalterako sistema horien zutabeetako bat. Kapitalismoak, berrindartzeko, suntsitu egin behar du: lurraldeak eta ekosistemak suntsitzen ditu, hedatu dadin; lan indarra eta eskubide kolektiboak suntsitzen ditu, irabaziak pilatzen jarrai dezan; bizitzak, hizkuntzak, kultural eta identitateak suntsitzen ditu, bere hegemonia ezar dezan», salatu dute.

Gerra agertoki honi eusteko, «inperialismoak eta NATOk bere antolakunde kriminalak ageriko hainbat aldaketa eragin ditu esfera materialean: kapitalaren balioa handitzen saiatzen ari dira industria militarraren bidez, estatukideen BPGaren zati geroz eta handiagoa ari dira bideratzen NATO finantziatzera, Europan defentsarako industria politika diseinatzen ari dira, mugak are gehiago militarizatzen, eta migrazio mugimenduak mehatxutzat jotzen ‘lorategiaren’ segurtasunerako».

Autoritarismoaren indartzea

Eremu ideologiko eta materialean ere nabarmentzen da joera hau: «joera autoritarioa indartzen ari da». Zerbitzu militarraren berrezarpean, elkartasuna eta antifaxismoaren kriminalizatzea eta arrazismoa, bazterketa eta faxismoaren hedapena aipatu dituzte, besteak beste.

Egoera global honek Euskal Herrian ere eragina duela nabarmendu dute. Izan ere, langile klasearen bizi baldintzak okerrera doaz, lan indarra debaluatuz eta etxebizitza bezalako oinarrizko beharrak lortzea gero eta zailago delarik. Aldi berean, Euskal Herriko burgesia estatu espainol eta frantseseko eta EBkoekin «zuzenki lerrokaturik dago». Horrela, industria militarra eta energia eta nekazaritzako makroproiektuak bultzatzen dituztela salatu dute.

Euskal Herrian ere

Honen isla, Bardeetako poligonoak bertan segitzen duela, Hego Euskal Herrian armagintzari loturiko enpresak hirukoiztu direla, Sener, IRP eta SAPA Europaren defentsaren proiektu estrategikoen programa militarren parte direla gogoratuz. Honekin batera, Sidenor, CAF eta Dassault Aviationek Israelek burutzen duen genozidiotik onura ekonomikoak eskuratzen dituztela salatu dute. «Gerra inperialistan oinarritutako eredu eta garapen ekonomiko bat ezartzen ari dira».

Egoera honen aurrean, «herria isilik, geldirik eta disziplinatua mantentzeko eskura dituzten tresna guztiak ari dira erabiltzen». Estatuek «altxatzen den edonoren aurka» errepresioa erabiltzen dutela; nazionalismo erreakzionario eta faxismoaren gorakada; eta herri langileen kulturak homogeneizatzen ari direla aipatu dute.

«Eta lan horretan guztian rol garrantzitsua du sozialdemokraziak, materialki ezinezkoak diren promesak egiteaz arduratzen baitira otzan jarrai dezagun eta borrokak bare daitezen. Bake abstraktua aldarrikatzen dute: munduko beste herriak eta edozein elementu iraultzaile desagerrarazi gabe posible ez den gizarte baten eraikuntza. Finean, borrokak etengabe oztopatzen dituzte, kriminalizazio elikatzen dute, eta egungo ereduarekin konfrontazio oro saihesten eta desagerrarazten», salatu dute.