Andres Urrutia euskaltzainburuak, Miren Agur Meabe idazle eta Euskaltzaindiaren idazkariak eta Mikel Ayllon idazle eta EIEko zuzendaritza batzordekideak aurkeztu dute erakundeek sinatu berri duten lankidetza hitzarmena, idazle hasiberrian lana bultzatzeko beka eta mentoretza programa sortzeko helburua izango duena. Azaldu dutenez, akordioaren bidez, bi erakundeek egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartu dute euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean.
«Akademiak berebiziko garrantzia ematen dio EIEren aholkua baliatzeari, adibidez, gaztetxoentzako tutoretzak bideratu edota idazle berrientzako bekak diseinatzeko orduan, beti ere literatura garaikidearekiko estimazioak bultzatuta», adierazi du Miren Agur Meabek, eta gaineratu du «bi etxeok» ateak zabalik nahi dituztela «batak bestearentzat, urte luzetako esperientzia eta ikuspegi praktikoa uztartuz, gela berriak sortzeko gure kulturaren eraikuntzan».
Urrutiak, bere aldetik, esan du akordioa «estrategikoa» dela Akademiarentzat, eta R.M. Azkue Literatura Sariak aipatu ditu: «Balia dezagun hitzarmen berri hau, besteak beste, 1975etik BBKren babesarekin antolatzen dugun R. M. Azkue sariei bultzada berri bat emateko».
Eta Ayllonek elkarlana sustatzeko deia egin du. Bere iritziz, «bizi dugun garai honetan, garrantzitsua izateaz gain, funtsezkoa ere bada gure literaturaren eta gure kulturaren birika den euskara hauspotzeko elkarlana sustatzea». «Horregatik, elkarri eskutik helduta bidean aurrera egiteko konpromisoa berretsi nahi dugu gaur. Gure eguneroko lanean sortzen ditugun baliabideak elkarren eskura jartzeaz gain, ekimen berriak jarri nahi ditugu martxan, gero eta jende gehiago erakartzeko euskararen eta literaturaren mundura. Indar berezia egin nahi dugu, gainera, gazteen esparruan, gure hizkuntzan idazteko grina pizteko helburuz», azaldu du.
Beka eta mentoretza programa
EIEren eta Euskaltzaindiaren akordioaren bidez 2026an garatuko diren egitasmo nagusiei dagokienez, sorkuntzaren eremuan, idazle gazteen ibilbidea sustatzeko beka deialdia sortu eta abiatuko dute, eta, sustapenaren eremuan, hasi berri diren idazleen lana bultzatzeko asmoz, mentoretza programa sortuko dute. R.M. Azkue eta Urruzuno literatura sarietako irabazleek izango dute lehentasuna.
Prestakuntzaren arloan, Euskaltzaindiak batasun bidean eman eta ematen dituen arauak gizarteratzeko eta hedatzeko asmoz, prestakuntza eskainiko die EIEren bazkideei. Horrela, 2026. urtean bi ikastaro antolatuko dira, bata, udaberrian eta, bestea, udazkenean.
Gainera, 2026. urtean, Euskaltzaindiak ‘Hegats’ aldizkaria katalogatzeko, digitalizatzeko eta bi erakundeen webguneen bidez gizartearen esku jartzeko konpromisoa hartu du, eta ‘Hegats’ aldizkaria bera eta www.idazleak.eus webgunean argitaratu diren zutabeen testuak Euskararen Erreferentzia Corpusean jasoko da.
Bestelakoak ere jasotzen ditu hitzarmenak. Honela, EIEk Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edota bideratuko ditu.
Nolanahi ere, halakoetan teknologia berrien erabilera sustatuko da, ikusgarritasuna eta erabiltzaile potentzialei erraztasunak ematearren. Azkenik, bi erakundeok publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzeko konpromisoa hartu dute.

Josu Urrutikoetxea recibe amenazas en Angelu con un lema de la Guardia Civil

Dimite la alcaldesa de Santurtzi «para no perjudicar la imagen del PNV»

Cisma en el Alarde: dimite el general por la reacción machista a la denuncia de la cantinera

Cerdán carga en la comisión contra «la venganza de UPN» en un tenso careo con Esparza
