«Larritasuna aintzat hartuta, euskalduntze erritmoa bikoiztea proposatzen dugu. Egingarria da»
Helburu zehatzak ezarri ditu Euskalgintzaren Kontseiluak: hamar urtean 300.000 euskaldun irabaztea eta erabilerak %20 gainditzea. Bost jauzi ere zehaztu ditu. Horretaz eta larunbaterako deitutako Euskaltzaleon Martxaz mintzatu gara NAIZ Irratian Idurre Eskisabel Larrañaga idazkari nagusiarekin.
«Larritasuna aintzat hartuta, euskalduntze erritmoa bikoiztea proposatzen dugu. Egingarria da»

Euskaltzaleon Martxa antolatu du Kontseiluak larunbat honetarako, sanferminen aitzineko giroa itsasita duten Iruñeko karriketan aldarrikapena eta poza zabaltzeko asmoz. Azterketak Euskarazek, Batuz Aldatu dinamikak eta euskarazko eduki sortzaileek botako dituzte pregoi eta txupinazoak.
Pizkunderako Erronka aurkeztu berri, euskaltzaletasuna kalean piztera zoazte. Zer garrantzi du Euskaltzaleon martxak?
Oso garrantzitsua da euskaltzaleok halako gihar erakustaldiak egitea. Lehenengo helburuetako bat da gizarte osoari adieraztea euskaltzaletasuna ardatzeko mugimenduetako bat dela eta oraindik konpondu gabe daukagula hizkuntzen auzia. Korapilo horri euskaltzaletasunaren begiradatik etorriko zaio konponbide justu, sendo eta iraunkorra. Bestetik, jende askok esaten digu euskaltzalea dela, oso kezkatuta dagoela momentu honekin, baina euskaltzaletasun hori oso bakarrik bizi duela. Beharbada, beste aktibismo batzuk eta beste eragiletza sozial batzuk indartsuago sentitzen ditu azken urteetan, eta hori elikatzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu. Elkartzea, bagarela sentitzea eta elkar elikatzea eta indartzea. Gertatzen zaigunaz jabetzea, ahalduntzea eta antolatzea.
Nola neurtzen da pizkunde bat? Herritarrok zer ikusi beharko genuke horretan bizi garela sinesteko?
Zaila da pizkundearen adierazle nagusiak zeintzuk diren zehaztea, batez ere euskararen normalizazio eta biziberritzea bezalako eraldaketa sozial sakoneko prozesuetan, ze gizarte egituren aldaketaz ari gara, adibidez, edo botere harremanen birbanaketaz. Eta, gainera, mendeetako prozesu bat itzularazteaz. Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua pizkunde fase batetik datorrela ulertzen dugu, 1960ko urteetan hasi zen, baina agortze zantzuak erakusten ditu. Ziklo berri bat hasi behar dugu, pizkunde berri bat.
Badakigu zein den helburua, baina adierazleak identifikatzen joan beharko dugu pixkanaka. Uste dut, hala ere, baditugula ibide hori hasi dugunaren seinaleak. Hizkuntzen auzia, euskararen etorkizunari buruzko kezka, gizarteko gai bihurtu da azken urteetan. Oraindik nahiko bakardadean, baina mugimendu hori ehuntzen eta sendotzen ari da. Eta orain bilatu beharko dugu, mundu hau nolakoa den, gaur egungo egoera nolakoa den irakurrita, ez bakarrik Euskal Herria, baizik eta egoera orokorra, zeintzuk diren onbideratze horren aldagaiak eta horretarako bideak.
Larunbateko mobilizazioa zertan izanen da desberdina?
Proposamen berezi samarra da Euskaltzaleon Martxa eta bi gauza uztartu nahi ditu oso argi. Bat aldarrikapena da. Leloa bera oso esanguratsua da: ‘Euskaraz bizitzeko behar den dena’. Askotan esan dugu ‘euskaraz bizi nahi dut’ eta garrantzitsua da bakoitzak determinazio hori hartzea, baina bakarka egin ezinezko ariketa bat da. Euskaraz bizi ahal izateko baldintza errealak behar ditugu. Baldintza politiko, sozial, kultural eta materialak behar ditugu. Egiturazko neurriak eta baldintzak behar ditugu egunerokoan euskaraz bizi ahal izateko. Beraz, aldarrikapen eta interpelazio sendo batekin goaz. Baina baita harrotasun eta poz batekin ere: haize kontra eta minorizazio eta menderatze ahalegin iraunkor eta oso indartsuen gainetik, euskaldunok eta euskaltzaleok euskara XXI. mendeko lehen mende laurden honetara bizirik ekartzea eta euskal hiztun komunitate gisa bizirik iristea lortu dugu.
Iruñean izango da hitzordua, ekainaren 13an. Gure Iruñeko konplizeek, hau guztia diseinatzen lagundu digutenek, behin eta berriro azpimarratu digute San Fermin aurrera dela eta hortik edan behar du Euskaltzaleon Martxak. Horregatik izango dira hiru zutabe, hiru martxa, hiru leku desberdinetatik abiatuko direnak. Denak Gazteluko plazan elkartuko dira. Ohiko pankarten ordez, sanferminetan peñek eramaten dituztenen tankerakoak eramango ditugu, izen handiko irudigileek egindakoak.
Txupinazo eta pregoi batekin hasiko da martxa horietako bakoitza eta txaranga bat ere izango dute. Bukatzeko, dantzara gonbidatuko dugu jendea Gazteluko plazan. Ez larritu: ez da euskaldunok egin ezinezko dantza bat, baizik eta kalejira handi bat [Irriz].
Hiru zutabe horien aldarriak ofizialtasun osoa, hizkuntza politiketako jauzia eta euskaltzaletasuna lehen lerroan izanen dira. Hala laburbildu litezke euskarak behar dituen lehentasunak?
Hizkuntza batek ekosistema oso bat behar du eta minorizatutako hizkuntza baten zereginetako bat ezabatutako ekosistema hori birsortzea da. Gaur egungo munduari erantzuteko momentua da eta horrek jauzi handi bat eskatzen du hizkuntza politiketan. Ofizialtasun osoa beste zutoin oso garrantzitsu bat da. Gainera, gertatzen ari zaigu Euskal Herriaren barne zatiketa pixka bat ezabatzen ari dela zentzu horretan, baina okerrera, ze oraintsu arte esaten genuen Ipar Euskal Herrian gabezia handi bat dagoela, frantziar Estatuak ez diolako inolako aitortzarik egiten euskarari, Nafarroan oso egoera anomalo bat daukagula, zonifikazio oso krudel batekin, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoa eremu optimoena bezala aurkezten genuen. Baina EAEn ere desofizializazio prozesu bat ikusten ari gara oldarraldi judizialaren ondorioz.
Hor sakon eragiteko momentua da, ze ofizialtasuna, estatus juridiko berdin bat edukitzea, da euskararen aldeko hizkuntza politikak sendotasunez eta iraunkorki egiteko modu bakarra. Eta oso osagai garrantzitsua da euskaltzaletasuna, hain zuzen ere, beste aldaketa horiek eragiteko gizarte gihar hori ezinbestekoa delako. Egia da erakunde, gobernu, botere publiko eta indar politikoetan eragin behar dela, baina horretarako giltza gizarte eta herritar antolatuek daukate. Eta hori euskaltzaletasuna da.
«Badakit ‘beharra’ hitza ez dela popularra, baina beharra sortu behar da, egiturazko erabakiak hartuz eta normaltasuna emanez euskararen erabilerari»
Lege oinarriak ere behar ditugu euskaldunok. Enplegu Publikoaren Legeaz eztabaidatuko dute aurki Gasteizko Legebiltzarrean. Zer bide egitea nahiko zenukete?
Aurretik ere Kontseiluak mahai gainean jarri zuen proposamena zen EAEn administrazio publikorako sarbidea izateko euskara gaztelaniaren pare jartzea. Hori berdintasun eta justizia sozialeko neurri bat da eta, era berean, euskaldunon hizkuntz eskubideen gutxieneko berme. Gainera, euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko bidea da. Espainiar Estatuari begiratzen badiogu, Katalunian eta Galizian aspalditik egiten dute, beraz, baldintzak badaude.
Lehenagotik gehiengo sindikalarekin landutako proposamen bat dugu, 15 urtean EAEko administrazioko langile guztiak euskaldun ere izateko, oraintxe badaudelako baldintzak, kontutan hartuta zenbat jendek hartuko duen erretiroa eta non gauden ezagutzari dagokionez. Hori oso modu samurrean, inor kaltetu gabe eta sindikatuek ematen duten bermearekin egiteko modua dago.
Eztabaida honetan harrigarria gertatzen zait batzuek datu esanguratsuetako bat ezabatzea: azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, orain 30-40 urte bitartean dituztenen artean %71ko kopurua osatzen dute euskaldunek eta ia euskaldunek. Gaur egun, enplegu publikorako sarbidean eskatzen den euskararen ezagutzarekin arazorik ez leukakete. Ezagutza hori 20-30 urte dituztenen artean %90ekoa da. Hau da, EAEn ezagutzaren orokortzera hurbiltzen ari gara. Adin tarte hori da une honetan enplegu publikora sartzen ari dena.

Ez dirudi abiadura ezberdina egon daitekeenik instituzioen eta eragile sozialen artean?
Ziur aski posizio desberdinak daude; eragiletza sozialak eta erakundeek, bakoitzak bere lekua dute. Hainbat gauza partekatu dira, halere, adostasun handiz. Batetik, diagnostiko kezkagarria eta, bestetik, azken hamarkadetan euskararen normalizazio eta biziberritzean egin den bidea. Horretan guztiok konforme gaude. Horren moteltze, etete eta atzera egiteko arriskuak ere identifikatzen dira. Beste adostasun bat ere badago esaterakoan honi buelta emateko jauzi bat behar dela hizkuntza politiketan. Baina oraindik lausotasun batean gaude jauzi horren nolakotasunari eta zenbatekotasunari dagokionez. Horregatik, gure ahalegina izan da lausotasun horretatik ateratzea, uste dugulako egoera larri honek hori eskatzen duela: pizkundearen adierazle horiek zeintzuk izan daitezken proposatzen hastea. Jauzi bat behar dugu, baina zer da jauzia?
«Egia da erakunde eta indar politikoetan eragin behar dela, baina horretarako giltza gizarte eta herritar antolatuek daukate. Eta hori euskaltzaletasuna da»
Hizkuntzen auziari dagokionez, aurrera egiten ez dugun egun bakoitza atzera egiten dugun egun bat da. Uste dut urgentzia hori badaukala. Horrek ez du esan nahi urgentzia daukalako arrapaladan hasi behar dugunik, baina ekin bai, determinazioz eta gauza zehatzez hitz egiten hasita.
2036rako erronkarekin, hain zuzen ere, jauziari forma ematen hasi zarete: hamar urtean 300.000 euskaldun oso sortzea eta erabileran %20ko langa gainditzea da asmoa. Bost jauzi zehaztu dituzue horretarako. Lehena, hezkuntza arautuan 180.000 euskaldun gehiago sortzea eta bigarrena, 120.000 heldu gehiago euskalduntzea. Erronka jartzerakoan Ipar Euskal Herria izan duzue inspirazio, ezta?
Guk gizarte osoari proposatzen diogu erronka hori. Ulertuz, gainera, gizarte geruza desberdinek eta herritarrek ere badutela zeresana eta zeregina. Ariketa oinarritu hau irudikatzeko soziolinguistikatik edan dugu, Euskal Herriko azken ikerketa eta ekarpenetatik, baita nazioarteko soziolinguisten ekarpenetatik eta hainbat esperientziatatik ere. Ipar Euskal Herrian, Kontseiluko kide den Euskal Konfederazioak erronka bat jarri zuen bere momentuan, euskaldunen erreprodukzio tasa aintzat hartuta. Hizkuntza bat eta hiztun komunitate bat bizirik izateko baldintzetako bat delako hiztunak egotea, eta hori guztiz lotzen da erabiltzeko aukerarekin. Sorgin gurpil batean, erabilerak berak ere ezagutza areagotzea dakar. Erreprodukzio tasa hori inportantea da eta Ipar Euskal Herrian 2050erako %30eko helburua jarri zuten. Bagenuen erreferentzia hori, eta galestarren esperientzia ere bai, milioi bat hiztun lortzeko erronka. Logika hori da: goazen hiztunak bermatzera, ze gero horrek ekarriko du hizkuntzaren bizigarritasuna. Katalunian ere halako ariketa bat egin dute, urtean 100.000 hiztun gehiago lortzeko.
Zergatik 300.000 euskaldun gehiago hamar urtean?
Orain arteko euskalduntze erritmoa bikoiztea suposatuko lukeelako. Sistematikoki neurketak egiten direnetik urtero 15.000 euskaldun berri sortzen dira batez beste Euskal Herrian, eta proiekzioak aintzat hartzen baditugu, erritmo horri eusteak ez luke aurrerabiderik ekarriko. Gainera, jauzi bat irudikatzen ari bagara, esan nahi dugu zerbait azkar egin behar dugula. Bikoiztea da proposamena, batez ere, egoeraren larria aintzat hartuta. Bikoizte hori, gainera, egingarria da Hezkuntza sisteman eta helduen euskalduntze alfabetatzean interbentzio sendo batzuk eginda.
«Euskaltzaletasuna ardatzeko mugimenduetako bat da eta konpondu gabe daukagu hizkuntzen auzia. Euskaltzaletasunaren begiradatik etorriko da konponbide justu, sendo eta iraunkorra»
Erabileran eragiteko garrantzitsuak dira motibazioa eta beharra. Nola pizten dira?
Minorizatutako egoeran dagoen hizkuntza batek etengabe eskatzen du hiztunak hautu kontziente bat egitea, errazagoa delako gu guztiontzat Euskal Herri gehienean etxetik atera eta gaztelaniaz edo frantsesez aritzea. Hizkuntza bat minorizaziotik aterako bada, egiturazko neurriak beharko dira. Hau da, hizkuntza horren beharra izatera bideratuko gaituztenak eta etengabeko erabaki kontziente horretatik apartatu eta berezkotasun gutxieneko batez euskaraz egiteko aukera emango digutenak. Motibazioa euskaltzaleok aski lantzen dugula uste dut eta, gainera, besteei ere adierazten eta eskaintzen saiatzen gara. Badakit ‘beharra’ hitza ez dela popularra, baina beharra sortu behar da, egiturazko erabakiak hartuz eta normaltasuna emanez euskararen erabilerari.
Aldarrikapen eta interpelazio sendo batekin goaz. Baina baita harrotasun eta poz batekin ere: euskal hiztun komunitate gisa bizirik iristea lortu dugu
Segur aski konturik konplexuena da erdaren hegemonien artean bizi garela.
Hori da hizkuntz minorizazioaren ezaugarria; ez da hizkuntza ez dela hegemonikoa, baizik eta hiztun gisa hegemoniatik kanpo bizi garela, ze batzuetan ematen du hizkuntzak abstrakzioan gertatzen direla, baina hizkuntzak gu gara. Eta euskaraz ardazten garenok eta euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dugunok badakigu zer den kontu honetan behintzat beti bazterretik aritzea. Uste dut inoiz baino garrantzitsuagoa dela begirada intersekzional bat izatea eta ohartzea hizkuntzari lotuta sentitzen dugun bazterketa hori beste arlo batzuetan guk eragiten diegula beste batzuei.
Beste hiztun minorizatu batzuk dira katalanak, galestarrak eta galiziarrak. Aurkezpenean izan ziren erronka aurkeztu zenutenean. Zein irakaspen atera daiteke beraiengandik?
Inspirazio handia izan dira haiek egindako lurreratze horiek: zer behar du galesak benetan etorkizuna izateko? Zer behar du katalanak? Pixka bat atzetik bagoaz ere, haiekiko abantailatxo bat eduki genezake: jada proposamen horiek martxan dituztenez, zer den balekoa, zer den erdipurdikoa eta zer den huts egiten ari dena ikusten ari dira. Orduan, adi egotea dagokigu, nahiz eta guk ere sartu beharko dugu hanka. Bakoitzak egin behar du bere bidea.
«Izugarrizko pozez hartu dugu Gazte Martxa. Euskararen etorkizuna non egon daitekeen ulertzeko haien begirada oso garrantzitsua da»
Gazte Euskaltzale Sareak ere martxa antolatu du larunbateko mobilizaziora heltzeko. Zein inpresio duzu ekimen horri buruz?
Izugarrizko pozez hartu dugu, euskaltzaletasunak eta euskalgintzak zerbait behar badute gazteak inplikatzea delako. Arrazoi biologikoa oso arrazoi sendoa da. Eta, gainera, mundu hain aldakor honetan, ziur aski badituzte gako eta bizipen batzuk beste adin bat daukagunok ez dauzkagunak. Euskararen etorkizuna non egon daitekeen ulertzeko haien begirada eta haien jomugak presente izatea oso garrantzitsua da. Orain dela gutxi ekitaldi bat egin zen Usurbilen, oso polita, 1966an Ricardo Arregik hitzaldi bat egin zuelako bertan, 60ko urteetan abiatutako euskararen normalizazio eta biziberritzaren aldeko pizkunde horren oinarriak jarri zituena. Momentu hartan Arregik 24 urte zituen, eta ziur aski buruargitasun hori eta begirada hori izan zuen, hain zuzen ere, bere gaztetasun horretatik gai zelako gizarte hartan etorkizuna nondik etor zitekeen irudikatzekoa.
Nire belaunaldikoen artean asko entzuten dut ‘ai, gaurko gazteek ez daukate ez euskararik ez kontzientziarik’. Ez zaigu batere gustatzen diskurtso hori; ez da ona, ezta egiazkoa ere. Orduan, poz handia eta konfiantza handia gazteengan.
Ziklo berri baten hastapenaz hitz egin duzu. Garrantzitsua da hastapen horretan diskurtsoa nolakoa den, hau da, larritasun mezu bat ematen baldin bada, denak larritzen gara?
Larritasuna adieraztea, hau da, diagnostiko egoki bat herritarrei helaraztea, ez dut uste txarra denik. Esango nuke hizkuntzen auzia eta zehazki euskararen normalizazioa dela gai soziopolitiko bakarra zeinetan esaten den ‘goazen larritasunak disimulatzera’. Etxebizitzari buruz hitz egiten dugunean inork ez du esaten ‘ez dezagun esan arazo bat daukagunik’. Euskaltzaletasunak eta euskalgintzak arazoak planteatzerakoan bere buruari jartzen dizkion muga hauek ere lotura oso estua dute minorizazioarekin. Eta uste dut gure larritasunak eta egoera bera adierazterakoan ere konplexu hori gainditzen zaigula askotan. Herritarrekin ariketa zintzo bat egin behar bada, ezinbestekoa da datuak behar diren bezala ematea. Beste gauza bat da horretan goxo geratzea edo hiletak antolatzen hastea. Hori ez da batere gure proposamena, baizik eta ‘arazo hau daukagu, goazen honi irtenbidea ematera’.
Benetan uste dut ziklo berri batean gaudela, hau da, munduak hizkuntza minorizatu guztiei jartzen dizkigun ariketak itzelekoak dira, lur berriak zapaltzen ditugu, digitalizazioak ekartzen dizkigunak, gure bizi praktikak eta, ondorioz, hizkuntza praktikak guztiz aldatu dira eta guztia berriro pentsatu behar dugu.
Ziklo berrian gauden arren, oldarraldia zaharra da eta azken boladan kontseiluaren kontra ere akusazio larriak egin dituzte.
Pizkunde berri bat behar du euskarak, eta begirada hor dugu, baina, zoritxarrez, iraganeko etxeko lanei tiraka ere ari gara. Oldarraldi judizialak eragiten duena da jada kamustuta geneuzkala esaten ari ginen tresna horiek beraiek ere zalantzan jartzea. Egia da sekulako zama dela hau guztia. Ez da oldarraldi judiziala bakarrik, oldarraldi politiko eta diskurtsibo bat ere badago eta azken boladan oso sarri ikusi dugu Kontseilua, euskalgintzako eragileen bilgunea, jomugan jarri dutela, oso gauza itsusiak esanez. Esan dute helegiteak ze langilek jartzen dituzten aztertzen, fiskalizatzen eta seinalatzen ari garela. Kontseilua sufrimenduaren sozializazioaren aldaera berria dela ere esan dute. Euskal Herriko historia garaikidea ezagutzen duen orok daki oso akusazio larria dela. Zalantza izan dugu hain zoroa iruditzen zaigunez erantzuteak berak ere ez ote duen elikatzen, baina argitzeko edo ‘aski da’ esateko premia sortu zaigu.

Crisis en Sumar: dimisiones, acusaciones de acoso e intentos de cambio de cúpula

El exalcalde de Iruñea Enrique Maya denuncia haber sufrido una agresión en Alde Zaharra

El PNV apuesta por Mikel Hidalgo para sustituir a Aburto como candidato a la Alcaldía de Bilbo

Detenido el expresidente del Tudelano y otras seis personas por presunta corrupción deportiva


