Jendarteak eskatzen duena behar du euskarak
Datorren astean amaituko da EAEko Enplegu Publikoaren Legearen erreformarako zuzenketak aurkezteko epea. Hamar egun lehenago, haren gaineko jarrerak argiago ageri dira akordio bat lortzeko borondatea baino. Ikusteko dago, beraz, euskarari segurtasun juridikoa emateko prozesuak bere helburua betetzen duen edo, aitzitik, erasoen aurrean duen zaurgarritasuna berresten duen. Euskal Herriko berezko hizkuntzaz ari gara, eta hiru euskal lurraldetan hura babesteko lege batez. Gehiegi eskatzea ote da administrazio publikoen hizkuntza ofiziala izatea? Gaztelaniak duen estatus juridiko bera izatea, alegia.
EAJko euskara arduradunak adierazi zuenez, Gasteizko Legebiltzarrean «ahalik eta adostasun handiena lortzeko» lan egin beharra dago, «estrategia alderdikoietan erori gabe eta garrantzitsuena alde batera utzi gabe: euskarak bultzada bat behar duela, jauzi bat». Gehiengo politiko, sozial eta sindikal zabala bat dator hitzokin. EH Bilduk aspaldi aurkeztu zuen bere proposamena, euskara eta gaztelania jakitea administrazioan orokorra izan dadin eta euskarak segurtasun juridiko handiagoa izan dezan, eta ez da momentuko ateraldia, Katalunian eta Galizian indarrean dagoen arautegia baizik. EAJren eledunak, baina, muturrekotzat jo berri du proposamen hori, eta bere gobernukidearekiko ituna baino ez du aurreikusten. Jakinekoa da bazkide horren jarrera, baita gehiengoaren akordioak baldintzatu eta urardotzeko gaitasuna ere. Izan ere, EAJk PSErekiko akordioa lehenetsiko balu, beto eskubidea emango lioke, eta ez litzateke lehen aldia izango.
Korrikak argi utzi du berriki euskal jendartea euskararen normalizazioak behar duen jauziaren alde egiteko prest dagoela, eta prestasun horrek legebiltzarrean ere izan beharko luke isla. Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko eztabaida aukera aproposa izan liteke administrazioan hizkuntza eskubideak babesteko eta bermatzeko bidean, euskaldunen eskubideak eta, beraz, giza eskubideak bermatzeko bidean. Hala ere, moldaketa horrek arlo juridikoan are egoera kaskarragoan uzteko arriskua ere badago, indar politiko nagusiek arduraz jokatu eta euren arteko akordioa iritsi ezean.

Icono de una época, profesor y pensador abertzale de izquierdas

«Kixkur», presoen itxaropenen eta ezkutuko herriaren idazle

Palantir y el evangelio del nuevo poder tecnológico

«Quería quedarme sin conocimiento y que pasara lo que tuviera que pasar»
