Maider IANTZI
ANDOAIN
KONTSEILUAREN PROPOSAMEN ANBIZIOTSU, EGINGARRI ETA MOTIBATZAILEA

300.000 euskaldun gehiago sortzeko erronka 2036rako

«Pizkunderako Erronka» plazaratu zuen atzo Kontseiluak, euskalgintzako eta nazioarteko kidez inguratuta. Proposamen anbiziotsua baina egingarria da eta, batez ere, ilusioa piztu nahi du: 300.000 euskaldun oso sortzera eta erabileran %20ko langa gainditzera doaz hamar urtean, 2036rako.

Ezker-eskuin, Elin Jones soziolinguista galestarra eta Elen sareko lehendakaria; Idurre Eskisabel eta Manex Mantxola, Kontseiluko idazkari nagusia eta koordinatzailea, hurrenez hurren, atzo Andoaingo Martin Ugalden egin zen ekitaldian.
Ezker-eskuin, Elin Jones soziolinguista galestarra eta Elen sareko lehendakaria; Idurre Eskisabel eta Manex Mantxola, Kontseiluko idazkari nagusia eta koordinatzailea, hurrenez hurren, atzo Andoaingo Martin Ugalden egin zen ekitaldian. (Jon URBE | FOKU)

2036rako 300.000 euskaldun oso gehiago sortzeko eta erabileran %20ko langa gainditzeko gizarte erronka aurkeztu zuen atzo Kontseiluak. “Pizkunderako Erronka” honek nazioarteko zenbait esperientzia izan ditu inspirazio iturri, Galeskoa, Kataluniakoa eta Galiziakoa bereziki. Bertako adituak ere Andoaingo ekitaldian izan ziren eta Kontseiluaren ekarpena balioetsi zuten.

Euskara larrialdi linguistikotik atera eta indarraldi berri batera eramatea da proposamenaren xedea, eta 140tik gora eragile sozialek sinatutako “Batuz Aldatu” adostasun sozial zabalean oinarritzen da. Babesa adierazteko aukera izanen da ekainaren 13an, Iruñeko Euskaltzaleon Martxan.

BOST JAUZI

Erronka betetzeko bost jauzi zehaztu zituen Manex Mantxola Kontseiluko koordinatzaileak. Lehena hezkuntza arautuan 180.000 euskaldun gehiago sortzea da, D eredua hedatzearen eta indartzearen bidez. Erronkaren %60 eremu horren gain ezarri badute ere, helduen euskalduntzean kokatzen da, Mantxolaren arabera, apustuaren muina. Hamarkada batean 120.000 euskaldun gehiago sortzea da xedea. Horretarako, ezinbertzekoa da doakotasuna eta erakundeen eta eragile sozialen jarduna koordinatuko duen agentzia bat sortzea.

Horretaz gain, administrazioaren euskarazko arnasgune soziofuntzional izaera eta euskalduntze trakzio lana indartzea bilatuko dute. Eta lan eremu pribatuan ere euskara planen orokortzea (erran zutenez, momentuz %1ek ere ez du euskara planik), erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen bermea eta euskara ikastea lan eskubide gisa gauzatzeko bideak jasotzen ditu.

Baliabide ekonomikoei dagokie hirugarren jauzia. Gaur egun, Euskal Herriko hiru gobernuek euren aurrekontu metatu osoaren (22.739 milioi) %0,45 bideratzen dute berariazko hizkuntza politiketara. Bada, kopuru hori %2ra igotzea planteatu dute. Lege oinarriak ere behar ditu erronkak: «Ofizialtasun osoa Euskal Herri osorako». Bosgarren jauziak ekosistemari egiten dio erreferentzia, hau da, euskaraz bizitzeko behar den guztiari. Aisialdi antolatuan, eremu digitalean, harrera sisteman, lurralde estrategian eta kulturan eman beharreko jauziak biltzen dira.

ERREPRODUKZIO TASA BIKOIZTU

Ezagutza baliatu dute erronkaren adierazle nagusi gisa. Horretarako, euskaldunen erreprodukzio tasa erabili dute, hau da, jaiotza-heriotzak eta migrazio fluxuak kontuan izanik, 1991tik hasita 2021era, urtez urte Hego Euskal Herriko euskaldun osoen kopurua zenbat hazi den. Iparralderako, lehen inkesta 1996koa dela eta, EEPk 2050erako eginiko proiekzioekin uztartu da.

EAEn, 13.106 euskal hiztun sortu izan dira; Nafarroan, 1.450; eta Ipar Euskal Herrian, 441. Alegia, 15.000 euskaldun urtero Euskal Herrian. Erronkan, honako tasak proposatu dituzte: EAEn 25.000 euskaldun sortzea; Nafarroan, 3.700, 2050erako %30 euskalduna izan dadin; eta Ipar Euskal Herrian 1.300. Guztira, 30.000 euskaldun oso sortu nahi dituzte urtean, oraingo bikoitza. Hala, hamar urtean, 300.000 euskaldun gehiago izateko.

Erronkaren bertze oinarri garrantzitsua erabilera da. Hain zuzen ere, %20ko langa gainditu nahi dute, egungo %15,3tik bost puntu irabaziz.

Sebastien Castet Euskal Konfederazioko bozeramaileak Ipar Euskal Herrirako proposamena aurkeztu zuen: 2050erako herritarren %30 euskalduna izatea. EEPk bere egin du erronka.

MILIOI BAT GALES HIZTUN

Elin Jones Galesko Unibertsitateko soziolinguistak eta Elen sareko presidenteak hala hasi zuen bere hitzaldia, euskaraz: «Eleneko hizkuntza batzuek hiztun kopuru txikia dute eta besteek, handia. Hala ere, hizkuntzak ez dira txikiak, gutxitu egin dira». Gaur egun, milioi erdi lagunek (biztanleriaren %20-30) hitz egiten dute galesa eta Gobernuaren proposamenak 2050erako milioi bat gales hiztunen langa gainditzea du helburu. Galesaren eguneroko erabilera %10etik %20ra pasatzea ere erronka du, galesa babesteko gizarte-azpiegiturak garatzearekin batera.

Kataluniatik, Francesc Marco Palauk eta Ernest Montserratek, Plataforma per la Llengua eta Òmnium Cultural erakundeko zuzendaritzakideek, hurrenez hurren, Generalitatearen “Pacte Nacional per la Llengua” akordioa azaldu zuten, 2030erako 600.000 katalan hiztun berri izatea xede duena, baina abiapuntu gisa, inola ere ez helmuga gisa. Zenbaki kezkagarriak dituzte han ere, katalana larrialdian dago eta jendartea horren kontziente da. Itun horrek larrialdi hori irauli nahi du.

Marcos Maceira Galiziako A Mesa plataformako zuzendaria ere izan zen Andoainen, “Protocolo Lingua Vital” proposamena aurkezten, galizieraren larrialdi egoerari aurre egiteko premiazko neurriak proposatzen dituena.