INFO

Astelehenetik aurrera tenperatura hartuko diete garraio publikoaren erabiltzaileei EAEn

Garraio publikoaren erabiltzaileei maiatzaren 11tik aurrera tenperatura hartuko dietela jakinarazi du Lakuako Gobernuak, ausazko eta disuasiozko kontroletan, arintze prozesuaren 1. fasea hasen denean. Horretaz gain, 500.000 maskara banatuko ditu tren eta autobusen geltokietan.

Bizkaian eta Gipuzkoan DYA arduratuko da tenperatura neurketak egiteaz. (IREKIA)

Lakuako Gobernua garraio publikoan tenperatura hartzeko ausazko eta disuasiozko kontrolak egiten hasiko da, erabiltzaileen artean 500.000 maskara banatzeaz gain, maiatzaren 11tik aurrera, arintze prozesuaren 1. fasean. «Jarduera horiek guztiak berriro aktibatzearen ondorioz, une honetan baino mugikortasun handiagoa izango dugu, eta garraio publikoaren eskaintza egoera berri horretara egokitu beharko da», gogorarazi du Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura Sailak ohar batean.

Tenpertatura hartzeko kontrol horiek ez dira puntu jakinetan egingo, ekipo mugikorrak erabiliz egingo dira, garraio publikoko zenbait sarbidetan, hala nola tren geltokietan (Metro Bilbao eta EuskoTren) eta Gasteizko, Bilboko eta Donostiako autobusen geltoki intermodaletan. Gurutze Gorria Araban eta DYA Bizkaian eta Gipuzkoan, arduratuko da tenperatura neurketak egiteaz.

Maskaren banaketa

Maskarei dagokienez, Lakuak 500.000 maskara banatuko ditu autonomia eta tokiko tren eta hiri barruko eta hiri arteko autobus garraioen artean.

«Garraio operadore publiko bakoitzak, erabiltzaile kopuruarekin eta zerbitzuen hedapenarekin proportziozkoa izango den maskara kopurua jasoko du», adierazi du Lakuak. Operadore bakoitzak egingo du banaketa, bere ezaugarriak eta berezitasunak kontuan izanda.

Maskaren banaketaren helburua garraio publikoan maskaren ezinbesteko erabilerari laguntzea da.

«Igoera homogeneoa»

Lakuak jakinarazi duenez, orokorrean, «alarma aurreko lan egun batean (martxoaren 10ean), 758.719 pertsona garraiatu ziren, eta aste honetan, 0 fasean sartuta jadanik, kopuru hori 137.623koa izan da». Zifra horrek aurreko astearekin alderatuz egon den %35eko hazkunde garrantzitsua jasotzen du. «Igoera homogeneoa da, eta garraio modu guztietan eman da», azaldu du.