Naiz

Angelun eta Biarritzen hauteslekuetan banatuko dituzte maskarak; Baionan, postakutxetan

Euskal Ekargoak 650.000 maskara komandatu ostean kopuru horren erdia igande baino lehen banatuko dira, herritarrek maiatzaren 11n abiatuko den deskofinamenduan baliatu ahal ditzaten, eta beste erdia heldu den astetik aurrera. Angelu eta Biarritzeko udalek hauteslekuak baliatuko dituzte igande honetan maskaren banaketa «seguru eta azkarra» egiteko. Baionan Udalak herritarren postakutxetara bidali ditu, kutsatze arriskua mugatzeko.

Langile publikoek burutu dute maskaren banaketa Baiona. (www.bayonne.fr)
Langile publikoek burutu dute maskaren banaketa Baiona. (www.bayonne.fr)

Euskal Elkargoak, Pirinio Atlantikoetako departamenduarekin elkarlanean, 600.000 maskara erosi ditu. Beste 50.000 lurraldeko enpresek ekoiztuko dituzte.

Lehen multzoko maskarak egun bat baino gehiago erabil ahalko dira baina ondoren bota egin beharko dira. Bigarren multzoko uniteak berriz kotoizkoak dira eta 60 graduko tenperaturan garbituz gero berriro baliatu ahal dira.

Maiatzaren 11n abiatuko den deskonfinamendu aitzin Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko herritar guztiek bederen maskara bat eskura dezaten nahi dutela baieztatu du Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak.

Dagoeneko Angelu eta Biarritzeko udalek oharra zabaldu dute heldu den asteburuan maskaren banaketa abiatuko dutela. Maskarak era seguruan eta azkarrean banatu ahal izateko, hauteskunde errolda baliaturik banaketa hauteslekuetan burutzea aurreikusten dute.

Erroldan izena eman ez dutenentzat herriko etxeetan finkatu dute hitzordua. Angeluko Udalak 44.000 maskara banatuko ditu igandean bozetarako erabiltzen ohi dituzten 33 hauteslekuetan. Angeluko Herriko Etxearen webgunean atxeman daitezke orduei buruzko xehetasun guztiak.

Biarritzen, igandean abiatuko dute banaketa. Izan ere maiatzaren 11tik aurrera ere hainbat hitzordu eman ditu Udalak babes materiak hori eskura ahal izateko. Biarritzeko Herriko Etxearen webgunean azaltzen dira hauteslekuetan burutuko den banaketaren xehetasunak.

Baionan berriz maiatzaren 5an abiatu zen 53.000 inguruko maskaren banaketa. Udalak herritarren postakutxak hobetsi ditu banaketarako, hala kutsatze arriskua mugatzeko.