Astean zehar kendutako ikur espainolistak Durangon aurkeztu ditu Ernaik
Astean zehar Euskal Herriko hainbat tokitan kendutako ikur espainolistak Durangoko Santa Ana plazan aurkeztu ditu Ernaik. Modu honetan espainolismoaren aurka eta independentziaren alde aste honetan egin duen kanpaina itxi du.
Ernaik amaiera eman dio aste honetan zehar izan duen ekimentza asteari, goizean Durangon egin duten ekimenarekin. Abenduaren 6ko testuinguruan (1978 Konstituzio espainola ospatzen duten eguna), Santa Ana plazan agertu dira, besteak beste, Tuterako Osborneko zezenaren adarrak, Igeldon militar karlista baten omenez zegoen gurutzea, Gasteizko alkate frankistaren izena duen kalearen plaka eta Euskal Herriko eraikin publiko ezberdinetako espainiar banderak, guztiak aste honetan kendu edo eraitsiak, jakitera eman duenez.
Herri eta auzoetan eta lau ekimen nazional
Aste honetan gainera, hainbat izan dira egin dituzten ekintzak. Herri eta auzo guztietan ikur espainolistetan markajeak egin dituzte, eta baita gaurkoarekin, lau ekimen nazional ere, gazte erakundeak ohar batean nabarmendu duenez.
«Aste hau, antiespainolismoak eta independentziaren aldeko aldarriak ardaztutako astea izan da. Ikasturte hasieran aurkeztutako kanpaina politiko komunikatiboan azpimarratu dute, espainiar eta frantziar estatuekin haustura, eta Euskal Herriaren independentzia beharrezkoak direla Euskal Herriaren etorkizuna bermatu, eta zapalkuntzarik gabeko herria eraikitzeko», adierazi du Ernaik komunikabideei igorritako oharrean.