INFO

Elkartasun feminista epaitzen ari direla salatu dute Zestoako sei bizilagunen aurkako epaiketan

Indarkeria matxistaren aurrean elkartasuna adierazteagatik auzipetu zituzten sei lagunen kontrako epaiketa hasi da astearte honetan Donostian. Lau eta bost urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dizkiete. Elkarretaratzea egin dute auzitegiaren atarian.

Auzipetuek babesa jaso dute epaitegiaren atarian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Donostiako epaitegian Zestoako sei bizilagunen aurkako epaiketa hasi da astearte honetan, gizonezko baten integritate moralaren aurkako delitua leporatuta. Auzipetuetako bat salaketa jarri zuen gizonaren bikotekide ohia da, eta gainontzekoak, denbora luzez une jakinetan nahiz modu jarraituan emakume hori babestu duten bizilagunak, tartean Zestoako egungo alkatea, Mikel Arregi.

Akusazio partikularrak zein Fiskaltzak lau eta bost urte arteko kartzela zigorrak eskatu dituzte auzipetuentzat. Zehazki, bost urtekoa bikotekide ohiarentzat eta Mikel Arregirentzat, eta lau urtekoa gainerako laurentzat. Gainera, 30.000 euroko zigor ekonomikoa eta urruntze agindua galdegiten dute guztientzat. 40.000 euroko fidantzak jarri behar izan dituzte, Fiskaltzak eskatuta.

Zestoako Mugimendu Feministak «elkartasun feminista» epaitzen ari direla salatu du, 2018an abiatu zen «prozesu latz eta bidegabe batean». 

Epaitegiaren atarian jende andana bildu da auzipetuei elkartasuna adierazteko, «Elkartasuna ez da delitua, zuekin gaude» lelopean.

NAIZ Irratiari eginiko adierazpenetan, Marga Izagirrek, Mugimendu Feministaren izenean, nabarmendu du egoera «larria» zela eta «emakumea babestea beharrezkoa» zela.

«Zortzi urte hauetan oso gogorra izan da prozesua. Espetxe zigorraren mamua, batetik 40.000 euroko fidantzak, bestetik. Erasotzailea babestu du sistema judizialaren izaera heteropatriarkalak», deitoratu du.

Bere esanetan, epaiketa honen emaitza «zigorra bada, elkartasun feminista kriminalizatuko da eta emakume bat babesten baduzu zure burua ere arriskuan jartzen duzula, hori izango da mezua».

Gaurko saioan salaketa jarri duen gizonezkoak eta akusazioaren lekukoek hartu dute hitza. Gizonak esan duenez, bere aurkako elkarretaratzeak antolatu zituzten eta «presio talde» bat osatu zuten bere bikotekide ohiarengana bien haurra eraman edo jasotzera joaten zenean, hura babesteko. Bere aurkako «akusazio faltsuak» egin zirela ere adierazi du.

Asteazkenean auzipetuen eta haien lekukoen txanda izango da. Epaiketak ostegunera arte irautea espero da.

Igandean mobilizazio jendetsua egin zuten Zestoan, auzipetuei babesa adierazteko.