In Debate
Icon-debate

 

¿Para qué una televisión pública?
Hace ya más de 35 años que se creó la televisión pública vasca. Durante este periodo se han producido profundas transformaciones sociales pero EiTB apenas ha cambiado. El nuevo contexto tecnológico, económico y social exige una reflexión sobre el sentido y el futuro de la televisión pública.
Ikusmira zabaldu eta dibertsifikatu
Updated 11/04/2019 19:07
Iñaki Uria Hamaika Telebistako zuzendaria

Amets egin eta irudika dezagun zer nolako telebista eta ikus-entzunezkoak behar ditugun euskal herritarrok. Euskara sustatuko dutenak eta honen osatzeari lehentasuna emango diotenak; sortutako edukien bidez herri-jendarte arduratsu, informatu, parte-hartzaile eta ekimentsua eraikitzen lagunduko duena; digitalizazio garaian, eduki horiek ahalik eta herritar gehienen eskuragarri jarriko dituztenak, eduki sortzaile eta ekoiztetxeekin batera ikus-entzunezko industria eta arlo digitala aktibatu eta garatuko dituena…

Ondoren, begira dezagun zer daukagun Hego Euskal Herrian: bi monopolio pribatu espainiarrek fagozitatutako telebista sistema (audientzien erdia eta publizitatearen %90a bien artean); irrati-telebista publiko espainiar bat (RTVE) eta beste bat EAE mailakoa (EITB); ikus-entzunezko sektore ahula, ETBren menpekoa eta krisiak zartatua; %9ko ikusleria duen ETB2 erdalduna (ikusleen %70ek ulertzen dutenean euskaraz) eta %2tik beherako audientzia duten ETB1 eta ETB3 euskaldunak; toki telebista sare oso ahula… Amesgaiztoa!

1982an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak EITB Herri Erakundea sortu zuen legea. Berrogei urte beteko dira laster. Bada etxea pixka bat astindu eta erronka berriei heltzeko garaia. Aro digitalak hartu duen abiadurarekin, edukien industrien globalizazioarekin eta horiek gure pantaila-dispositiboetara duten irismenarekin, ez da erraza EITB bezalako enpresa zamatu batentzat aurrera egitea. Zuzendaritza gaitu eta azkarra behar du estrategia sendoak bizkor martxan jartzeko;  langile malgu eta motibatuak; aro digitalerako eduki interesgarriak sortzeko lidergoa; ikus-entzunezko sektorea dinamizatzeko gaitasuna; eta, finantzaketa, kontrol eta jarraipen modu funtzional eta efektiboak.

Erronka handiak dira eta azkar erantzun beharrekoak. Galduta geundeke alderdien edo langile-egitura kuotez bakarrik ebatziko balitz Eusko Legebiltzarrean diharduen batzordean. Ikusmira zabalagoa behar dute horretan diharduten alderdiek. ETB bera jarri izan da zalantzan. ETB2 kentzea ere planteatu izan dute zenbait euskaltzalek, baita espainolistek ere. Arrazoiak? Alderdikeria, lagunkeria eta bezerokeria batetik, eta euskararekiko utzikeria eta menpekokeria bestetik.

Baina, ETB kenduta, zerbitzu publikoaren funtzio horiek kate pribatu espainiarrek beteko dituzte? RTVEk beteko ditu? Euskal Herriko toki telebistek beteko dituzte? Ez noski! Badakigu ezetz.

Aurrena ohartu beharko gara okerra dela fokua EITBn bakarrik jartzea. Batetik, EITB ez delako Hego Euskal Herrian dugun irrati-telebista publiko bakarra: RTVE ere hor dago eta, hizkuntzaren sustapenari dagokionez edota euskal herritarren aniztasunari erantzuteari dagokionez, ez du batere zerbitzu publikoaren funtziorik betetzen. Aitzitik, kontrako funtzioa betetzen du.

Fokua zabaldu ondoren ikus-entzunezko sektore osoari begiratu beharko genioke. Espainiako kate pribatu generalistak ditugu nagusi oraindik. Hauekin batera, indarrean sartu dira Netflix moduko ordainpeko eta internet bidezko eduki plataformak. Eduki ekoizpena eta zabalkundea guztiz moldatzen ari da hauekin eta gehiago moldatuko da Apple, Disney, Amazon, Google-Youtube eta gero eta handiagoen esku-hartzearekin.  Subiranotasun erradioelektrikoaren kontzeptua atzean geratzen dela ematen du edukien streaming bidezko zabalkundearen ondoan… baina oraindik ere estatuek eutsi egiten diote ahalmen horri.

Toki telebistak, bideo-jokoen sektorea, ikus-entzunezkoen sorkuntza, zabalkunde digitala, arautze ereduak… gai asko eta garrantzitsuak daude jorratzeko, fokua, ikusmira, zabalduz gero. «Estrategia koherente bat definitzea ezinbestekoa da», zioen Garazi Goiak duela pare bat hilabete “Urgentzia” izeneko artikuluan. «Zein da Euskal Herriko ikus-entzunezkoen helburua eta ikuspegia 10 urte barru?» galdera utzi zuen airean, gomendio bat eginez, esfortzuak geurea den horretan kontzentratzea, diferentziaren ardatza den horretan kontzentratzea: hizkuntzan.

Euskarari dagokionez, bistan da motz geratu dela ETB1-ETB3ren eskaintza eta ETB2k erdal mundutik euskaldunerako zubi funtzioa bete baino, euskaldunak erdal munduan mantentzeko euste-horma (J. Amezaga) bihurtu dela. Ikuspegi honetatik «euskarazko medioak lehenetsi eta euskara EITBren hizkuntza nagusia» izateko, kontuan hartzekoak dira Eusko Legebiltzarreko batzorde horretan Kike Amonarrizek egindako ekarpenak.  

Telebista publikoaren arautzeari dagokionez, egiteke daude Ikus-entzunezkoen Legea eta Kontseilua (R. Zallo) eta berritu beharra legoke EITBren sorrera legea ere.

Hizkuntza, nazioa, ikus-entzunezko sektorearen motorra, arlo digitalean motorra, Hizkuntzaren Teknologietan lidergoa, IKTetan lidergoa… estrategia ezberdinak eta bateratuak diseinatu eta ezarri beharko dira, hamar urte barru beste panorama bat izan dezagun. Euskal gizarteak EITBn inbertitzen duen dirua, edo gehiago,  dibertsifikatu egin beharko litzateke eta euskarazko telebista kate ezberdin batzuk eta horietarako ikus-entzunezkoen ekoizpena indartu. Generalistak, tematikoak, tokikoak… «Planteatzen dena da euskarazko telebista espazioa sortzearen helburu publikora bideratutako dirua etorkizunean modu konbinatu batean banatu behar litzatekeela” (J. Sarasua,2013). Ikusmira zabaldu, panorama osoa begiratu eta arrautza guztiak otarre berean ez ipintzea ez da aukera txarra.

Badago telebista eta ikus-entzunezkoak egiteko beste modu eta aukerarik. ETBrena ez da bakarra. Urteko 130.000.000 euroko laguntzarekin, euskarak eta Euskal Herriak behar dituzten ikus-entzunezko eta hedabide oparoagoak egin daitezke. Bai horixe!

Ametsetik esnatu eta begiak irekitakoan, dinosauroak hor jarraitzen duela ikusiko dugu.

Estrategia ezberdinak eta bateratuak diseinatu eta ezarri beharko dira, hamar urte barru beste panorama bat izan dezagun